kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Ibaiertzeko ipuina / Oihane Amantegi Uriarte / Elkar, 2020

Mito bat eguneratzen Aitor Francos / Bilbao, 2021-04

Ibaiertzeko ipuina (Elkar, 2020) irakurtzerakoan gogora etorri zait Carlos Fuentesen esaldi bikaina eta famatua: “Todas las familias felices se asemejan, mientras que cada familia infeliz lo es a su manera”. Galdetuko bagenio, Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) baieztatuko luke errealismo magikoaren maisuen eragina, ukaezina baitzaio. Argi dago Rulforengandik (Comala) eta Faulknerrengandik (Yoknapatawpha) edaten duela, hainbestetan, eta, ziurtzat jo, Cormac McCarthy eta John Steinbeck guraso literarioak izan dituela. Eraginak eragin, estilo propioa dauka Amantegik, nortasun handikoa, inondik ere gaur egun euskaraz argitaratzen diren eleberriek jaso ohi dutena; ez da, beraz, errealismo hutsez beteta dauden narrazio aseptiko eta aspergarri horietariko bat, baizik eta generoa berritzera datorren nouvelle itxurako narrazioa. Atalen laburtasuna jarraibide hartuta, esan daiteke neurri handi batean modu autonomoan funtziona dezaketen orrialde solteez eraiki duela eleberria; bakoitzeko badago zer dastatu, gozamenerako arrazoiren bat, edertasunaren eta tragediaren eskutik badatoz ere. Liburua bidaia bat da, barruranzkoa: heldutasunerantz. Idazkera berri, fresko eta liriko batez, Amantegik bizitzatik alderik atseginenak nabarmendu dizkigu beharbada, baina tristezia eta kultura, dolua eta ilusioa balantza berean parekatuz. Esperantzatik urrun du gabe, minarekin adiskidetzera ere eramaten gaitu.

Liburua Estatu Batuetako hegoalde mitiko batean kokatu da, Ochlockonee ibaiak bustitzen duen herrian bizi den jendartean, bertako nekazari-kulturan. Heriotzak haur batentzat duen argi-koro liriko eta magikoaz hitz egin du Amantegik, ume baten begirada inozoak uler dezakeenaz, heriotzaren inguruko sinbolismo arduragabeaz. Amantegi antropologoa izateak sendotzen du susmatzen zaion asmoa: ulertezina denari metaforak jartzea. Hona hemen argumentua: ama batek bikiak ditu sabelean, baina erditzeko orduan bata bizirik jaio da; eta bestea, hilda. Bizirik jaio denak hildakoaren mina darama alboan, hasiera-hasieratik bestearen faltaren kontzientzia izanez. Aurrerago, fantasiazko biderantz doa eta Karonen mitoa berreskuratuko da onirismoz eta lirikotasunez. Horrela, Karonek lagunduta, Ochlockoneeko ibai ertzean batuko dira ahizpak. Txalupa batean helduko da hildako ahizpa, eta bizirik dagoenak txanpon bat lortu beharko du Karonen eskaintza ordaintzeko. Egituraz, eleberria, baina mamiak estruktura literarioa, ipuinarena du. Agurra eta bihozmina islatzeko ispilu aparta.

Onena, istorioan baino, kontatzeko eran dago, elipsietan, deskribapenetan, poetikan. Amantegiren hitzetan Van Morrisonen Tupelo honey abestia izan baitzen liburuaren hazia, inspirazio iturria: “Tupelo eztia —irakur dezakegu— ez da sekula kristalizatzen. Hainbesteko azukrea dauka, ezen ez den gogortzen; goi mailako eztitzat jotzen da eta medikuntzan erabiltzen da sarri, dauzkan propietateengatik. Nik ez dut sekula gauza hain gozorik probatu”. Kontatu nahi duena bikain haritzeaz gainera, pertsonaien barne-garapena arduratsua da eta hautatutako ahotsa, erabat aproposa. Protagonistaren bizitzak hasieratik tragediaren zentzu osoa hartu du, baina Amantegik narrazio-maila desberdinak txandakatu ditu, elementu mitikoen laguntzaz. Fabián Casasi entzunda diot idazle batek badauzkala hamaika kondaira eta fabula eskura, denboraren (historiaren) boterea bere alde dagoela, nahi izanez gero ez duela irudimenaren beharrik izango. Norberaren irudimenaren ordez, hobe mendeek izkiriaturik utzi dutenaz baliatzen bagara, ez? Mitoetan, literaturan, dagoeneko dena azalduta ageri zaigu.

Nahikoa izan du Amantegik lehen eleberri batekin esan dudana ohartarazteko. Ausartuko naiz adieraztera ez dagoela hitz bat bera ere alferrik erabilia Ibaiertzeko ipuina honetan, bat ere ez hizkuntzaren jolasa gainditzen ez duena. Askotan iraultza literaturan betikoa idaztean dago, ezer gutxi berrituz. Nire ustez, unibertso zabal eta miresgarri bat irekitzen du euskal eleberrigintzan Amantegik. Eskertzekoa da ahalegina.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak