kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Esaten dugun argia / Karlos Linazasoro / Elkar, 2021

Zortzi karnaba Igor Estankona / Deia, 2021-03-13

Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) argia ez da eguzkiarena ekuatorean, ez da neoiarena dantzalekuan. Karlos Linazasororen argia da ipurtargiarena estarta bazterrean, edo tunelekoa, bertatik irten ahala. “Tenpora”koentzat letra bat egiten duenean legez, edo bere buruarentzat alejandrino bat, Linazasorok mahaiko flexo ahula du argi-iturri, eta iluntasuna erreferentzia. Horrela atera zaio liburu bat ukazioaren puruz baikorra, eta gauza txikien bidez handia: “Bidal iezadazu zantzu bat,/ itzal baten oihartzuna, bion arteko behialako/ hitzen hari-muturñoa./ Gutxi hori baino ez:/ bion betikotasuna”.

Liburutegi publikoa du lantoki euskal letretako idazle emakorrenetakoak, baina azken aldian bertatik aparte xamar egon dela entzun dut, erretiratua bizitzaren zentzuaren bila zuhaitz-hostoen artean. Itzuli denean poemategi mardul batekin itzuli da, hiltzeko zauriak erakutsiz, esperantzara deituz: “Euria Altzetan:/ udaberria da eta lore bakoitzari/ izen bat ipini dio euriak,/ barrurago izan dadin lore,/ ia jaio aurretiko mineraino izadi”.

Eta iruzkin hau ere arean mistikoa atera zait inoizko Linazasoro lodiena kausitu dudalako “Esaten dugun argia” (Elkar, 2021) definitibo honetan. Irudi luke hasi dela ukitzen zer edo zer garrantzitsua, eta berbak topatu ezinik ibili dela sentimendu horrentzat. Berak esana da 58 urte dauzkala, eta denboraren joanak sortzen diola kezka, adin horrekin hasi behar ei dugula “argi gehiago eskatzen”. Ispilu bat jarri du izarrei begira Karlos Linazasorok, txispa batzuk utzi dizkigu naturaren handitasun beltza ikusi ahal izan dezagun une batez, eta ahantz ez dezagun eguna aprobetxatu behar dugula: ” Zergatik hain ilun begiak, maite?/ Non duzu mintzen zaituen arantza?/ Esazu nor naizen zure ispiluan,// zergatik ez garen, oi, bizi hil arte,/ non galdu genuen gure azken dantza,/ zer den nire musua zure musuan”.

Harritu egin nau liburuak, hartu eta utzi irakurri dut, oso leun hitz egiten du, baina burrunba egiten dute hitz leun horiek. “Euriaren erredurak” atalean kosta egiten da heriotza, epitafio eta hilarrien artean beste atalek duten arintasun berezkoa aurkitzea, baina gero liburua arteztu egiten du, arnasguneak eta hegoak zabaltzen dizkio berriro idazleak: “Etxeko salan/ Dylan-Lete kantatuz/ zortzi karnaba”.

“Esaten dugun argia”n, beraz, poema zirkunstantzialak eta prediku-poemak nahasten dira. Lehenak hartu ditut nik kontuan. Alde batetik arina da: badauzka txoriak, badauka udaberria, edo kalandria. Beste alde batetik berunezkoa da: salbazioaz, hil-argiez, metaliteraturaz ari da. Hori bai: inoiz ez da hutsa, inoiz ez da alferrekoa darabilen hitza, aukeratu duen sinonimoa, azken orduan aldatu duen lerro-etena.

Liburu existentzial honetan metafisika asko dago, gizona denboran galdurik dabil. Eta, era berean, historia ere badago, urtaroak joan doaz, bakardadea “zu” batek betetzen du. Bere buruaz eta denon bizitzaz ari da. Linazasorok poema asko idatzi ditu orain arte, “Esaten dugun argia”koak barne. Irudipena daukat, ostera, denak idatzi dituela bakarra balira bezala, berak egiten dakiena behin eta berriro eginez: “Zuk dakizun guztia,/ nik dakidan luma…”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak