kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

VHS / Oier Guillan / Susa, 2020

Denbora-bidaia emozionala Amaia Alvarez Uria / Argia, 2021-01-24

Adin batetik aurrera gaztetako oroitzapenei buruz hitz egitean “duela 20 urte” (edo gehiago) esanez hasi edo amaitzen dira kontakizunak. Kasu honetan hala gertatzen da, duela 23 urteko gertaerak zehazteko helburua duelako eleberriaren protagonistak. Izan ere, garai hartan eraiki zen gaur egungo bere nortasuna, bere bizitzako denbora-lerroan mugarri izan zen bidaia batean.

Esandakoengatik 1970eko hamarkadan jaiotakooi oso ezaguna egingo zaigu liburu honetan topatuko dugun giroa: lagunentzako gustuko musikarekin grabatutako kaseteak edo gutun bidezko harremanak. Izenburuak ere orduko teknologiari egiten dio erreferentzia, narratzaileak dioen moduan, “iraganaren metafora” izan daitekeelako VHSa.

Hasieran badirudi nobela beltz baten aurrean gaudela (ilehoria detektibe emozionalarengana doa hilketa bat argitzeko asmoarekin eta ikerketa abiatzen dute testigantza zenbait bilduz). Baina egileak poesiatik eta antzerkitik edaten du narrazio luze hau sortzeko, eta saiakera ere agertzen da.

Interesgarria iruditu zaigu pertsona baten inguruko eta gertaera bati buruzko bertsio desberdinak aurkitzea, (hala ere, akaso leku gehiegi hartu du liburuan?). Protagonistak dioenez “memoria ariketa kolektiboa da”. Azken aldian asko hitz egiten da memoria historikoaz. Gehienetan, horren atzean Gerra Zibila eta Euskal Gatazka ditugu, eta eskertzen da letra xehez idatzitako memoria historikoa egiteko saiakerak ere egotea, errealitatea erabiltzea fikzioa egiteko eta fikzioa errealitatea kontatzeko.

“Nire gorputza denboraren makina bat da” esaldiarekin hasten da nobela eta tarteka errepikatzen da. Esaldi horretan biltzen da eleberri honen funtsa: ni-aren inguruan eraikita dago; alderdi sentsorial, sexual eta emozionalak oso presente daude; ahazten eta gogoratzen dugunaren inbentarioa egiten dute; teknologia berriei buruz aritu beharrean, teknologia zaharrak agertzen zaizkigu; norberaren ispilu dira lagunak.

Pandemia eta elur sasoirako aproposa da liburu hau, (barne) bidaia egiten duelako oroitzapenetara mugikortasuna mugatuta dugun egunotan, eta ikerketa emozionala proposatzen digulako bizitako une erabakigarriei erreparatzeko. Hausnartzera eta birkokatzera bultzatzen gaitu, umorea bazter utzi gabe.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak