« Ifrentzuak | Herra eta beldurra mahastien artean »
Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018) / Askoren artean / Alai, 2020
Euskal ipuingintza modernoaren erakusleihoa Nagore Fernandez / Berria, 2021-01-24
Abaniko ireki eta askotariko bat dakarkigu Ibon Egañak Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018) obran. Irekia, 55 urte irauten duen bidaian, beharrezkoak baino ez dituelako sartu bere eskuko ekipajean, jakitun izanik aipamena merezi duten beste hainbat bidean utzi dituela. Askotarikoa, gai, tematika, estilo, hizkuntza, erregistro, geografia eta kronologia kontuan izanda. Genero aldetik ere lanketa bat dagoela esango nuke: ez dio euskal literaturaren historiografia klasikoaren molde androzentristari jarraitu; oraindik ere gizonezko idazle gehiago aipatzen dira, baina ez dago genero arrakala horren zurrunik Egañaren katalogo proposamenean.
Antologiako ipuinen hautua nola, irakurtzeko norabidea ere irekia da. Irakurle bakoitzaren esku uzten da nola eta nondik irakurri: edo irizpide kronologikoari men egin, eta zaharrenetik berrienera egin bidea; edo, denboraren ardatza albo batean utzi, eta, nahas-mahas, Egañak proposatzen duen sailkapen tematikoari jarraitu. Asko gustatu zaidan alderdia izan da hau, joko kutsua ematen baitio irakurketa saioari.
Atzetik irakurtzen hasi, ordena kronologikoari jarraitu, edo sailkapen apetatsu, eta, nire ustez, nahiko tematikoa ardatz hartu, euskal ipuingintza modernoan aipatu beharrekoak iruditzen zaizkidan pare bat ipuin faltan sumatu ditut. Alegia, bat nator guztiz autoreak bildu duen ipuingile sortarekin, euskal ipuingintza modernoan erreferentetzat ditudan idazle gehienak aipatzen baititu bertan. Baina, idazle bertsuak hautatuta ere, ez nituzke nire maletan Egañak aukeratutako ipuin berdinak gordeko. Eta hori da, aho biko ezpata bat legez, edozein antologiak duen arriskurik handiena: katalogo proposamen guztiak dira zilegi; guztiak argudia daitezke. Eztabaida eragitea, dena den, ez da gauza txarra, aukeratzeko asko dagoen seinale.
Edonork pentsa lezake aipatu berri ditudan ezaugarriak espero izatekoak direla antologia bat hizpide denean, hein handi batean, antologiak ugariak eta askotariko lanen erakusleiho izateagatik direlako antologia. Egia da. Kasu honetan, baina, nahita ekarri dut erredundantzia: Egañak bildutako sortak 50 urte (inguru) dituen genero moderno batez hitz egiten digu. Zaharragoak, gazteagoak, hemengoak eta hangoak diren idazle eta estiloen isla da. Eta hori ez da gutxi erlatiboki hain gaztea den euskal sistema literariorako. Gurean, ikusgarritasun handiagoa duten beste genero literarioen ondoan, euskal ipuingintzak badu bere izena eta izana. Euskal literaturan ere, Hego Amerikako literaturan, Errusiakoan edo Txinakoan bezala, errepertorio sendo bat dago. Horra hor antologiaren aniztasunak eta izaera irekiak euskal literaturaz, eta zehazki, euskal ipuingintzaz esaten duena.
Literatur kritikariek esan ohi dute ipuin on batek bere laburtasunean eta intentsitatean iradoki egin behar duela. Kontatzen duenetik askoz gauza gehiago esan behar dituela. Lehen begiratuan icebergaren punta soilik ikusiagatik, ur azpian askoz gehiago ezkutatzen dela irakurri nahi duenarentzat. Dudarik barik, behin baino gehiagotan irakurtzeko antologia prestatu du Ibon Egañak.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera