kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Txalapartaren abaroan / Joxan Artze / Elkar, 2020

Adi izan zentzumenak Aitor Francos / Bilbao, 2021-01

Joxan Artze (Usurbil 1939-2018) txalaparta instrumentuari buruzko enkargu baterako hitzaurrea idazten hasi ondoren, bertatik zeozer gehiago atera zezakeela antzeman eta haria jarraituz prosa zein poesia ale multzo interesgarri eta original bat antolatzea lortu zuen, heriotza tarte bukatu gabe gelditu zen arren. Denbora igaro ahala 60ko hamarkadaren amaieran Mikel Laboa, Xabier Lete eta Benito Lertxundirekin batera Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izandako Artzek artista pluralaren antza hartu du: poetarena, musikariarena, tradizio estetiko eta kultural baten aitzindariarena. Txalaparta izeneko lan hau ezin da esan saio bat denik, nahiz eta tema konkretu batean aritu. Prosaz hasten da, baina, ia lehenengo testuetatik, ez du nahikoa txalapartaren inguruko hausnarketekin, bidea eta helburua bihurritzen doa, nora daramakion ez dakiela, eta azkenik Artzeren dimentsio poetikoa nagusitzen da. Nahi zituen gogoetei zuzenki heltzea ezinezkoa egin zitzaiola pentsa daiteke, baina kontuan hartu behar dugu hilondoko liburua dela eta, beraz, ez dakizkigula nondik norakoak, badaudela gainera, forma eta mintzairari dagokionez, aldaketa bortitzak orrialdez orrialde. Bukatzear utzitako testuak zirela jakinik, laxokeria horren azalpena beharbada kausa horretan legoke. Justifikatu gabeko etenak, bat-bateko letra etzanak (edo beltzez azpimarratutakoak), idazleak bere buruarekiko ohartxoen antzera agertzen dira; berarentzat zituen, apika, seinaleak. Lerrokatu gabeko esaldiak bat datoz adibidez, pare-parean, bertsoekin zein batzuetan ulergaitzak egiten zaizkigun data zein apunteekin. Koaderno pertsonalaren moldea gero eta presentzia nabariagoa hartzen du, irakurketan sakontzen goazen heinean. Edizioaren arduraduna izan den Antxine Mendizabalen hitzetan “ez da liburu amaigabe bat, amaierarik ez duen liburu bat baizik” eta horregatik argitaletxeak erabaki zuen gauzak zeuden moduan ustea, liburuak zituen errakuntzak agerian geratuko zirela jakinik: zalantzazko puntuazio-markak, kodeak, zirriborroak, zuzendu gabeko hitzak, maketazio akatsak. Inperfekzio horiek guztiek Artzeren lanari bizitza-taupadak dakarzkiote, eta, batez ere, egiazkotasuna. Zetorren bezala argitara emateak indartzen du, nola ez, testuaren mamia, eta, aldi berean, bertan dago Artzeri liburuaren bitartez eginiko omenaldia eta argitalpenaren zergatia. Liburuak badauka ere zerbait egutegi zein dietariotik; ezin dugu ahaztu hautatutako formatua: kartoizko azala, gogorra, handia, egurrezkoa dirudiena, karpeta itxurazkoa.

Hasieratik erakusten du Artzek zeintzuk diren poeta baten betebehar nagusienak, zein den berak poeta bezala duen bizi-filosofia: tradizioaren jarraipena, introspekzioa eta espiritualitatea. “Gaur egun —dio— gauzek ez dute hitzik egiten, ahaztu egin omen zaie hizketan… Ez ote areago izango gizona dela gauzek zer dioten ulertzen ez duena? (…) Geroztik, galdu denaren horren bilaketan dabil txalapartaria…”. Testuek txalapartaren makilen kolpeek eragindako oihartzuna atzetik balute bezala, ulertu baino musika berezi bat entzuteko prestatzen gaitu Artzek, kontrasteez eginiko pentagrama misteriotsu baten aurrean jartzen du irakurlea. Ariketa liburua edo partitura bat ote da orduan? Ezin da ukatu musikaren esentzia absolutuaren baitara heltzeko ahaleginaren atzetik dabilela behin eta berriz, txalapartaren bidez, kontzertu zein disko esperimentaletan (anaiarekin batera egin zituen batzuk) zuhaitzetan ezkutatuta zeuden muineko doinuak ateratzen zituen legez. Miresgarriak dira Artzek ezartzen dituen zubiak, artearen ertz ezberdinetatik eta Txalapartan konbinazio ariketa horietan noraino hel zitekeen erakusten du. “Zergaitik ote ditu zuhaitzak / gizakumeak legez zainak/ izerdia, / bihotza eta begiak…” idazten du, Fernando Pessoaren Alberto Caeiro heteronimoaren pentsaeratik hurbil dauden bertsoetan. Argi dago garrantzia itzela duela Artzerentzat gizonak naturarekiko duen loturaren gaia. Aldi berean behin eta berriro nortasun mistiko baten bilaketan dihardu, zentzumenen konexio epifaniako baten atzetik, panteismo zehazgabe baina berritzaile batera bultzatuta bezala (“Jainko-jakintzez eta Idazki sainduaz nik dakidana, basoetan eta soroetan ikasia dut, nik ez dut ukan beste maisurik, pagoak eta haritzak baino”). Gogoan izan zen den liburu honen azpiizenburua: Tradizioaren abaroan. “Zerbait tradizioazkoa dela entzutean —idazten du Artzek—, ezjakintasun larriz, zerbait zaharkitu eta agortua denaren usaina hartu ohi die hainbatek, are usteltzen aire denaren kiretsa, beste zenbaitek. Kasurik onenean, iragandako zerbait”. Ondoren bere iritzia adierazten du: “Tradizioa, zaharrik zaharrena izan arren berririk berriena baino berriagoa da, inoiz zahartze ez delako; hasieran zen bezain berri delako orain eta izango azkenean”.

Artzeren poesiak mugak errealitatean bertan, lurrean, baditu ere, idealismotik hurbil dago. Erakargarriak dira oso zaldiaren inguruko sinbologian sartzen diren testuak: abere guztien artean zaldiarena ez da ausazko hautapena, forma anitzak har ditzakeen animalia baita: sakratua, basatia, arina, indartsua, errepresentazio irudi heterogeneokoa eta psikoanalisiaren esparruan azaldu denez, ametsetan hainbatetan zentzu ezberdinarekin agertzen den irudi sublimatua, natura mutantea, fantasmatikoa eta arima iheskorra duena. Gaztelaniaz, adibidez, Clara Janesek eta Blanca Andreuk, askotan erabili dute. Eta ondo baino hobeto datorkio Artzeri arketipo inkontzienteetara kontzeptualki heltzeko [“Platonek darabilen zentzuan —argitzen du egileak— (ez Jungek); berezgaindikoa izanik, eite edo formarik gabea, (…) zaldi guztiek era anitzetan itxuratzen zuten eredu bakarra, zalditasuna”] errealitate mitologikoaz gain, oso zama metaliterario handia duelako zaldiak. Bizidunok, mugimenduaren bidez, dantzaren betekizuna dugu (“Haizea, ez ote da gero dantza-maisu aparta?”) naturarekin harremanetan jartzeko, metamorfosira (espirituala bada ere) heltzeko, eraldaketa sinbolikorako, partitura batean bezala, musika notak banan banan haritzeko, erritmo aldaketak nahitaezkoak diren moduan, isiluneak barne. Joxan Artzek (edo Hartzut, edo Hartzabal, garaiaren arabera, gogoan izan autoreak bestelako ezizenak erabiltzen zituela, metamorfosi berritzaile etengabean bera ere) gorputz osoa sartzen du Txalaparta-n musika eta poesiaren ekuazio bateratuan. Mugimenduak makilen goi-beherakoetatik datoz, soinua arimatik; dantza, berriz, metafisikoa da, eta hitzak dira sinfoniarako ornamendu txikiena, bazterreko gauza, baina badira ere giza-pertzepzioari erliebe eta distira gehien dakarkiotenak, zentzumenak pizten aurrenekoenak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak