kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hiruki gatazkatsua / Marina Sagastizabal / Susa, 2020

Galderen bila Nagore Fernandez / Berria, 2021-01-10

Zein da patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko lotura? Horrek nola eragiten du gizartean? Zehatzago, nola eragiten digu emakumeoi? Nola dago banatuta denbora gizartean eta kulturan? Zenbateraino alda lezake denboraren banaketa askeak eta honen aukera askatasunak emakumeok bizi dugun egoera asimetrikoa? Zergatik da gatazkatsua emakumeok esparru domestiko, laboral eta soziopolitikoaren artean eraikitzen dugun bizitza? Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua: etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa obrak era honetako galderak eragin eta iradoki dizkit irakurketa prozesuan zehar, eta, kasu askotan, erantzun ere bai. Patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko ezkontzatik abiatuta, kapitalaren eta bizitzaren arteko harremanaz mintzo zaigu gasteiztarra saiakera honetan, bien arteko tenkak, batez ere emakumeongan (eta zapaldutako beste kolektibo subalternoengan), nola eragiten duen azalduz.

Irakurle bezala, hau izan da nire ondorio nagusienetarikoa: egoera aldatu behar dugula argi izan dut hasieratik bertatik, baina, nola egin genezake? Besteak beste, bizitzan ditugun lehentasunak aldatzen: denboraren kudeaketa askearen mesedetan, kapitalari garrantzi gutxiago, eta bizitzari eta denbora pertsonalari askoz gehiago ematen. Guztiz argigarria deritzot liburuak iradoki didan horri. Saiakeraren sakontasunaz ere asko esaten du. Izan ere, askotan entzun ditut denboraren aipamenak eta teoriak: denboraren joanak eragiten duen mina erromantikoetan. Tempus fugit. Denboraren iheskortasuna eta minutu guztiak bizi beharra. Carpe diem. Baina, oso gutxitan hausnartu dut hain kontzeptu erabili eta abstraktuak norbanako bakoitzaren errealizazio pertsonalean izan dezakeen eraginaren inguruan. Eta Sagastizabalen hitzek horretarako aukera eta espazioa eman didate: nire ideiak gehiago korapilatzeko eta barrurago iristeko.

Testu jantzia bada ere, zeharbiderik bako tonu arin eta zuzenarekin egingo du topo irakurle orok; kontzeptu ponposoak oso ondo ulertzen dira, eta datu estatistikoek ere argitasuna ematen diote testuari. Oinarrian proiektu eta ikerketa-lan akademiko luze bat ezkutatzen da, baina, iruditzen zait irakurleetara, erregistrora eta zabalkundera ondo moldatutako testua dela, gaiaren inguruan gehiago edo gutxiago jakin, esparru guztietara iristen den obra baita. Eta eskerrak, (oraindik orain) patriarkala den kulturak eta gizarteak era honetako liburuak behar baititu.

Maiz, erantzun argi eta zuzenak aurkitu ditut Sagastizabalen saiakera lanean, zenbakiek eta datu estatistikoek ere erdietsi didate aurrez sortutako jakin-mina; baina, gehienetan, beste galdera batekin edo batzuekin erantzun dit autoreak. Galderak luzatu egin dira irakurketan zehar; bakar batetik beste bat, edo kasu batzuetan, beste asko jaio dira, matrioxken antzera. Edozein hizkuntzalarik obra honetaz errekurtsiboa dela esango luke; akademikoak, ikerketa-lan emankorra; nik, irakurle naizen honek, egoera aldatzeko egunerokotasunari egin beharreko galdera. Batzuetan, liburuetan erantzunak bilatzen ditugu; besteetan, galderak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak