kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Argiantza / Pello Lizarralde / Erein, 2020

‘Cinema Paradiso’ren eldarnio garratza Hasier Rekondo / Deia, 2021-01-02

Pello Lizarralderen (Zumarraga, 1956) literaturaren gainean topikoak erabiltzea arras erraza da. Beti idazten omen du liburu bera. Bere nobeletan ez omen da gauza askorik igarotzen. Oso ondo idazten omen du, sintaxi garden baten jabe, artifiziorik gabe. Gainbehera existentzial zein materialetan ederki moldatzen omen da. Idazleen idazlea omen da. Topikoak eta tabuak haustekoak omen direnez, esango nuke topikook arrazoi dutela neurri handi batean, eta aldi berean ez dutela batere asmatzen.

Argiantza (Erein, 2020) azken nobelan Zumarragan jaio baina Nafarroan bizi den idazleak batzuei memorian iltzatuta geratu zaien iragan batera egin du jauzi. Denborak dena lausotzen omen du ondo garatu memoria literarioa izan ezik. Ramon Beitia 1982 iraileko denbora-espazioan kokatu du, gainbehera datozen hainbat zinema aretoren gerente dugu Beitia. Irail sargori hartan murgiltzeaz batera, Beitiak Nafarroako erresuman zehar bideoaren etorrera dela eta lehen arazoak jasaten ari diren zinema aretoz areto bidaiatuko du, John Cheveer-en The swimmer narrazioko protagonistaren antzera, desagertzear dagoen mundu baten berri emango digu. Errealitate hits, bortitz eta jasanezin batetik jauzi egingo du Beitiak Lizarraldek berezkoak dituen eremu natural zein industrializatuen deskribapen soil bezain kasik mistikoak lagun.

Argiantza honetan narrazioari tentsio gehiago ematen dioten elementu gehiago gehitu baditu ere, Lizarralderen literaturan gertatu ohi denez, narrazioaren abiapuntu besterik ez da istorioa: gehiago dira kontatzen ez direnak kontatzen direnak baino, edo gehiago ez badira, askotan gehiago adierazten dute. Espoilerrean erori gabe, horren guztiaren harribitxi bat aurkituko du irakurleak nobelaren azken paragrafoan.

Narrazioan aurrera egin ahala, badira, halaber, estasirako uneak Lizarraldek denboran iltzatzen diren xehetasunenetarako artilleria ateratzen duenean. “Eguzkiak bete-betean jotzen zuen paperaren orban zuri eta berde argietan. Hatzak tarte ñimiñoko marra paraleloak korritu zituen behetik gora, eta ezker-eskuin zihoazen beste birekin osatzen zuten elkarketa puntuan geratu zen”. Idaztea zer den lagunok!

Aurreneko Elur bustia (Erein, 2016) nobelan krisialdiak kolpatu Ramiro gizon edadetuaren gainbeheraren ondorengo “inizazio” istorio bat kontatzen zuen gisa, oraingo honetan zinemak oparitutako iragan distiratsu baten gainbehera lausotua aukeratu du Lizarraldek, nago bere moldean bizitzaz gozatzeko elementu gehiago tartekatu dituela, nostalgiaz harago; Cinema Paradiso-rekin egin litezkeen paralelismoak lar errazak diren arren, Ramon Beitiak ostatuetan eta naturan zehar egin ibilaldiek gainbeheren kontrako oasi bakanak izan litezke. Amaierak amaiera, berriro ere espoilerrik egin gabe, nobela honek badu zerbait gozagarriagoa aurrekoak ez bezala, halere, zaila da oso definitzea. Ez da iragana, ez da etorkizun baten promesa, ez da estilo literarioa, ez da zinema, ez da suizidioa, beste zerbait da. Agian denok gogoan dugun eta inoiz itzuliko ez den zinema areto hartako argi eskas hura izan liteke.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak