kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ur biren artean / Patxi Iturregi / Elkar, 2019

Magikoa barik, erreala Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2020-11-20

Patxi Iturregi arabarra da (Laudio, 1952). Gaztetan Bizkaiko Portugaletera joan zen ikastera eta nabigatzea lanbide bihurtu zuen. Munduan barrena ibili zen urtetan, Persiar Golkoko gerraren ondorioz Euskal Herriratu zen arte. Harrezkero euskarak idazle bat irabazi zuen. Horra bere erretratu txikia.

Niretzat idazle entzuna baina orain arte ezezaguna izan da. Ipuinlaria da. Haize kontra (Elkar, 1996) ipuin liburuarekin plazaratu zen. Behi eroak eta Dioramak tarteko, Ur biren artean da bere azken lana. Lehenbizikoa eta azkena itsas giroko ipuinez osatuta daude. Donostia hiria eta Tene Mujika sariak irabazi ditu. Kritikaren eta irakurlearen “onarpen zabala” ukan duena. Horra bere lanen arrastoa.

Horiek horrela eta nik egundo irakurri gabe. Atx! Lotsaz ekiten diot egungo nire jardun honi. Literaturaren paisaia askotarikoa da, hiri eta herri girokoa, urriagoa apika, itsas munduaz mintzo zaiguna. Ur biren artean ipuin sorta mundu horren lekuko esanguratsua duzu. Alabaina, ipuinlaria ez da Txomin Agirre eta liburua ez da Kresala. Txomin Agirrerena anekdota gisa ekarri dut, nekazal giroko Garoa kostunbrista idatzi ostean, Kresala nobelarekin euskal itsasturien jitea osatu zuen.

Euskal literaturan landu da itsas giroa eta bere gizon-emazteen aiurria. Edorta Jimenez idazle mundakarra da itsas giroko literatura landu duenetako bat gure artean, euskaraz alegia. Atoiuntzia liburua gogoan.

Ur biren artean lerroburua darama liburuak, baina ez da berau osatzen duten hamabi ipuinen ezeinen titulua. Ipuinak itsasoan girotuta daude “haren zabalean nola ertzean” eta bereziki Bilbo hiriko bokalean gertatzen dira. Gerraren giroak zipriztinduta daude, baina protagonistak ez daude gerran.

Lehen Mundu Gerra da, baina Bilbo (Espainiako neutraltasunaren pean) neutrala da. Edonola ere, gerraren eraginez hirian zeharka jasotzen dira haren ondorioak, bereziki ontziolak dira ukituta, eta itsasoratu beharra daukaten barkuak. Historia ez da gelditzen eta gerra kontuek imajinazioa biziagotzen dute. Patxi Iturregik hartara, historiako aldi hura ipuinez ondo ditu. Protagonistak portuko eta ontzioletako langileak dira, hauen gainean dauden jauntxoak, areago langabetuak gero eta gehiago dira.

Irudi batek asko balio du, eta liburuko azalekoak asko diosku. Marinel, arrantzale, barku kapitain nahiz hiriko politikariak, besteak beste, irudika ditzakegu kaian barrena. Familiak marinelen lurreratzearen zain… Azaleko erretratuak gidatuta hona nire potreta.

Potreta:

Erri bero (Gertakari historiko baten gaineko aldaera). Ipuin horrekin hasten da Ur biren artean. Berau da liburuaren lerro-burua hobekien islatzen duena. Gerran izaten den bitasunaren adierazlea. Izugarri gustatu zait Bilboko Nerbioi/Ibaizabal ibaien bi mazelen deskribapena. Areatza, Artxanda, Begoña… Noski, ipuina hori baino gehiago da. Euskaldun abentureroaren jite aparta.

Erri bero itsasontzi baten izena da. Errealitatearen gainean eraikia dago istorioa. Datozenak ere, denak dira istorioak, ipuinak, baina zinez errealistak dira. Historiak ematen die batasun gisako bat ipuin bakoitzari, baina bat-bedera bizi dira.

Urpekaria delakoak, bigarrena, ikaragarri bete nau. Izan ere, film bat ikusi dut. Patxi Iturregiren trebezia begi-bistan daukat, fikzioa erreala bailitzan irudikatzekoa.

Herio zelatan istorioak berriz, urrunera garamatza, Ipar Atlantikora. Herio dabil barkuan. Zaila iruditzen zait, marinela izan barik, itsasoko hizketa moldea hain ongi ezagutu barik, istorioak sorrarazi didan durduzadura sentiaraztea.

Narbalaren gaua ipuinean barrena, Bizkaiako kostaldean barrean joatea da, itsasgintza eta nekazaritza batzea. Familia kontuak. Gaurko Bilborekin zer ikusirik ez duena, nolabait, baina, behialako Bilboren jitea eta egungo bilbotarren eta bere ingurumariko euskaldunen izaeraren agerbide paregabea da. Txanpona airean, gaztetxoek txonbo egiteko abilezia, hiru jauntxoen ibileren erretratua… “aurreko ipuinaren osagarria”. Jauntxoak: medikua, diputatua eta enpresaburua. Alegia, deus ez! Ipuina izanagatik, garaiko boteredunen ideologiaren lagina duzu. Haien inguruan dabiltzan umeek, bainulari trebeek, osatzen dute ipuina. Magiko barik, erreala.

Aurrerapenaren taupada. Hirian barrena, Zabalgune. Krisi garaia. Uztaila da, greba egunak pasa dira. Itsasoari begira bizi den hiria. Ontziolak martxan berriz ere, bapore berria itsasoratua da, atoiontziren laguntzaz. Tentsioa. Thriller!

Ur irazekiak (Neguri-ren uberan). Bilboko portua orain mende bat izan zenaren erretratua: aberatsa. Aberasturi izaki Bilbo. Bilbo munduan zegoen. On Pedro kapitaina bazen nor.

Hotsa eta durundia. Dionisio, Santos, Alejo eta Urbieta. Ez dira marinelak, portuko langileak dira, ez nolanahikoak baina. Uholde handia. Garcia Altunatarren hiru ahizpa gazteen istorioa. Filipinak, Manila, Txina edota Singapur. Hong Kong. Egungo Bilbo, bestela uste arren, ez da orduko munduan baino presenteago. Hori nire irudipena. Ipuinak baina bestela dakar: uholde handi baten testigantza latza.

Aurpegi biko gizona. “Neska maletaduna arratseko azken tranbian iritsi zen…”. Desira deitu tranbia, agian. Kresal usaina. Txomin, lo-min. Amets gaiztoetatik esnatu nahi genuke betiere.

Sonderklassea. Agintariaren agindua: “Erreginaren orinala baino garbiago gelditu behar dik denak!”. Ipuinean barrena segitzeko aipua duzu, perla eta akuilua. Beti izan dira Sonderklasseak.

Alderraiak (Caprice basque).Palawan ontzia zen ibili zorteko 1917ko uda tamalgarri hartan”. Horixe lehen esaldia. Lehen esaldi batek ematen ei dio kontakizunari bere tornuia.

Epilogoa:

Protagonistak protagonista, jite batekoak zein bestekoak, aberatsak nahiz behartsuak, beharginak, marinelak, emakumeak eta gizonak, euren destinoa kontrolatzerik ez duten pertsonak dira. Patuaren menpe daude, eta lurraren ezegonkortasuna areago ezegonkorragoa da itsasoan. Bizirautea ez da samurra. Patuari halabeharra ere esaten diogu euskaldunok, patua gertakizunen menpe dago. Gertakarien zioa eta funtsa xedatzen dituena indar naturaz gaindikoa, inpertsonala da.

Ipuinotako pertsonaiek beren askatasuna eta beren erabakimen aske transmititzen dituzte. Baliteke pertsona mota hauek gero eta urriagoak izatea munduan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak