« Blues baten konpasean | Magikoa barik, erreala »
Dendaostekoak / Uxue Alberdi / Susa, 2020
Erauzi mundu baten nostalgia Hasier Rekondo / hasierr.blogspot.com, 2020-11-18
Saiakera alorrean Euskadi Saria jaso berri duen Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984), Kontrako eztarritik (Susa, 2019), distantzia narratiboa ardatz duen kronika bat idatzi du oraingo honetan Dendaostekoak (Susa, 2020). Aurretiaz ere, beste belaunaldi baten testigantza eman zuen Jenisjoplin (Susa, 2018) eleberrian, 90. hamarkadakoa hain zuzen ere: norbaitek leporatu zion belaunaldi horren parte bakar baten testigantza izatea soilik baina zer da literatura aukeraketa bat ez bada.
Moldeak molde, esan liteke gai oso antzekoak izanagatik, elgoibartarrak ikuspuntu narratibo oso bestelakoak lantzeko teknika findu duela, eta horixe bera duela etxeko marka, gaiak errepikatu arren teknika literario oso landua erakusten duela, genero batetik beste batera jauzi egiteko itzelezko prestutasuna eta talentua. Beste kontu bat da gai guztiak interesgarriak zaizkion balizko irakurle bati, edota liburu hau iruzkintzera doan kritikoari. Esan dezadan, lehen baino lehen, nire ustez Alberdik gorena eman duenean kontakizuna “literarioa” zela, nola ahaztu, esatera, Aulki-jokoa edo Euli-giro gogoangarriak.
70. hamarkadaren amaieran, Elgoibarren mertzeria bat zabaldu zuten Izaskun eta Mari Joseren ahotsak jasotzen ditu egileak, bi ahizpei egin elkarrizketen bidez ehuntzen du kronika Alberdik, bestalde, belaunaldi oso bati egin elkarrizketa ere izan nahi duena. Irakurketaren abiapuntutik bertatik irakurleak bi ahotsok bereizteko ahaleginak egin beharko ditu. Mertzeria hura denborarekin liburuak eta diskoak saltzeko, edota abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioak zein mendi irteerak prestatzeko bilgune bihurtuko da. Dendak, eta denda-ostekoak, ematen dion aukera profitatu nahi izan du Alberdik herri oso baten potreta soziala, familiarra eta historikoa uztartzeko. Bestetik, aipatzekoa da ere, elgoibartarrak beste etxeko marka bihurtu duen emakumeen testigantza jasotzeko modu bere-berea, emakumeek pairatu beharreko harreman sozial zein sexualen gaineko tabuak, zapalkuntzak eta ohiturakeriak hausteko grina talentuz islatzen baitira.
Niri, beste bestelako modu batera nahi bada, George Perec-en La Vie mode d’emploi etorri zait gogora kronika hau irakurtzean. Apika nahita landutako begirada hotz horri tiraka, denbora jauzien eraginez, liburuak indar narratiboa galtzen duela pentsa liteke baina nago egileak ez duela txartzat emango, potretaren objektibotasuna xede, Perec-ek berak lortu nahi zuen efektua izan baitu bidaide.
Aipatu bi pertsonaia errealen bizi esperientzien gaineko bilakaera historikoa jarraitzen dugun arteetan, Pitxintxu mertzeria-liburutegia pertsonaia bihurtuta, liburuari antzematen zaion ahuldade nagusia pertsonaiok lar “zuriak” direla izan liteke. Eta beharbada arazo nagusia horixe izan da: herriko denda bati eta belaunaldi zehatz bati, egileak egin nahi izan dion “omenaldiak” baldintzatu baitu liburua. Nago, pertsonaion eta belaunaldi oso baten kontraesanetan murgilduz gero arras interesgarriagoa suertatu zitekeela. Kronika honek ez baitu aukerarik ematen narrazioan ustekaberik aurkitzeko.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera