kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Aro beilegia / Lizar Begoña / Balea Zuria, 2020

Irten arteko hutsunean Irati Majuelo / Berria, 2020-11-08

Balea Zuriak eta Donostia Kulturak hirugarrenez antolatu duten DK Poesia Saria ari da bere bidea ontzen eta fruitu interesgarriak ematen. Lizar Begoña izan da azken deialdiko irabazlea, belaunaldi baten susmoak argitzen dituena bere estraineko lanean.

Izan ere, Aro beilegia-k bizi dugun garaiaren zatitxo bat dakar poema bakoitzean, eta hori du ekarpenik handiena: bi menderen artean jaio den, bizitza ez-teknologikotik teknologikora pasatu den, hazteko orduan galera topatu duen gazte baten begirada. Hasiera-hasieratik adierazten du, Izan nahi nukeen guztiaren saiakera poeman, zein sentipen dituen idazketaren abiapuntu, zein diren belaunaldi honek bizi duen irlen arteko hutsunearen koordenatuak: ardatz ziurrik gabeko ibilera, sakontasunik gabeko ezagutzak dakarren antsietatea, bizitzaren abiada zein intermitentzia, aukera guztiak beti zabalik eduki beharra, izan nahi genukeen guztia eta eduki nahi genukeen guztia. “(…) belaunaldi oso baten jarrera desterratua suma dezaket / aldaketaren ezlekuetan ‘izatea’ beste erremediorik ez duten / kide ezezagunak garela pentsatzea ez da / ez nire, ez beste inoren asmazioa”.

Kritika politiko-soziala lirikotasunez jantzia dakar Begoñak, kontraesanen azaleratze etengabean bere burua salbatzeko inolako ahaleginik egin gabe. Poemaro kokatzen du ni poetikoa eta gu politikoa posizio ezerosoan, pribilegioak ageri-agerian geratzen dira, ez kexatik ez justifikaziotik abiatzen ez den tonu kritikoan. Mundu ezegonkor honen erdian, galderak jaurtitzen ditu idazleak, geziak bailiran, begien parera zuzen bidaliak. Horretarako, ahots desberdinekin jokatzen du, lehenengotik hirugarrenera salto eginez, bigarren pertsona ere indarrez erabiliz, mezua nondik datorren eta norentzat ari den argi adierazteko. Kolpe batez ezartzen du irakurlea eta bere burua errealitatean: “baina / drogak, putak / eta katuak / ez dira zure mundu berekoak, / zuk ez dakizu ezer”.

Mezuan dute indar handiena liburu honetako poemek, haatik idazleak ez dio poetikotasunari uko egin. Turismoa, teknologia, berekoikeria edota indiferentziarekiko kezka eta epaiei arnasa ematen dio lirikotasunak, eta hala gordintasun bikoitzez irakurtzen da adierazi nahi duena, estilo garratz eta zinikoz. Hala ere, nabari da estilo horren bilaketan aurkitzen dela idazlea, eta esan beharra baitago, poema laburretan asmatzen duela beteen. Badira ere joera narratiboagoa duten poemak, zeinetan erritmoaren pultsua diluitu egiten den, eta ondorioz, baita zorroztasun bulkada horiek galdu ere. Sentsazioa da zenbaitetan sobera daudela bertso-lerroak, adjektiboak, hasierako edo amaierako atalak.

Alabaina, interesa pizten du oro har Begoñaren lehen lan honek. Isiltasunari bere tokia emanez gero lortuko dituen ahots sendoko poemen zai geratzen gara, beraz, belaunaldi desterratuak egungo garaiaz duen iritziaren esperoan, irlen arteko hutsunean zer topatuko duen ezagutzeko jakin-minez.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak