kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria / Alex Gurrutxaga / Alberdania, 2020

Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria Eneko Barberena / goiena.eus, 2020-10-26

Urteetako ikerketa lanaren emaitza da liburua, Xabier Lete aberriaren poeta kantaria, Alberdania 2020, Alex Gurrutxaga EHUko irakasle eta doktoreak eginiko tesiaren sintesia. Bertan, Xabier Lete poeta, politikari eta abeslari oiartzuarraren obra, bizitza eta pentsamendua luzatzeko gonbita luzatzen da.

Kosta zait lanaren erritmoa hartzea, akaso kapituluak motzegiak baitira eta batean sartu orduko dator bestea. Marka da nik hori esatea, baldarkeriatan aritua bainaiz, baina liburuak ez dit eskaini nahiko nukeen jarraipenik. Ojo, hau esanda bi egunetan irakurri dut, bere interesa baitu, baina uste dut batak ez duela bestea kentzen.

Gurrutxagak kronologiaren hariari heltzen dio Leteren bizitza azaltzeko orduan. Jaiotza, familia aurrekariak eta erreferente hurbilak, ikasketak, lanari ekitea… Guztia Letek kozkortu ahala ezagutu zuen giro politikoaren testuinguruan, edo testuinguruetako batzuetan: frankismoa, kultur pizkundea, trantsizio deritzonaren aurrean abertzaletasunak bizi izandako zatika, traizioa, politikari lanei ekitea, desenkantua eta nazkatzea, nekea… Halere, nire uste apalean, beste plano batean asmatzen du Gurrutxagak, Leteren plano intimo eta pertsonalenaren narrazioan: Xalbador eta Lizardi poetei eskainitako kanten eraikuntzaren azalpena biziki interesgarria da edo oinazeari buruz egiten dituen apunteak.

Plano politikoan nik gauzak beste era batera azalduko nituzke, ikusmira zabaltze aldera. Pentsatuko duzue ebidentea dela. Baliteke. Baina uste baino gutxiago ezagutu ohi nau jendeak.

Gatozen berriz liburura. Euskaldunon arteko politikoaren gaiztotzeari, alegia, Ezker Abertzalearen orduko posizionamendu politikoari (bide batez 33en manifestuari emaniko erantzuna ze penagarria den, eta manifestu horrek zenbat ertz dituen) eta ETAren indarkeriak (ez dira ez Autonomoak ez GAL-BVE-AAA aipatzen) eragindako giro itogarriari egozten dio idazleak lerro artean hainbat musikariren urte batzuetako erretiroa. Hau berau jasotzen du Harkaitz Canok bere Fakirraren ahotsa obra puskan, baina han beste elementu bat gehitzen du harrigarriki faltan dena nire ustez Gurrutxagaren lanean: fikzioko Imanol Larburu tematzen zen jada batzuen ustez gainbehera zetorren musika estilo bati ekiten. Rock eta punk doinuek ekarri zuten musika ulertzeko moduaren aldaketak, belaunaldi arteko haustura handiak ere izango zuen eraginen bat, diot nik, publikoaren aldentzean.

Aurreko paragrafoko azken ideiarekin amaitzeko, esango nuke ere arlo publikotik hein batean apartatu zen sektore politikoko batzuek, Letek barne, beste langintza bati ekin ziola buru-belarri: aldundi eta autonomia erkidegoko erakunde arkitektura guztia altxatzeari, askotan kaletik errekonozitu ez den trebeziaz. Liburuan aipatzen diren izen batzuek sorrarazi didate gogoeta, EiTB etxean ardura postutan aritutakoak urte luzez. Autorearen hitzetan, egokitzapena onartu eta subjektu berritu bat sortzeko ildoak seinalatu zituzten. Eta esango nuke hemen hasi zela tamalez hamarkada luzez sortu zen lubaki bat erakundeen eta kalearen artean, azken Korrikan bezalako argazkiak pentsaezinak zirelarik garai urrun hartan. Interesa dut jakiteko ze politiko klase zen Lete, zinez. Nola bizi izan zuen EAren zatiketa… Hor bada beste artikulu batzuetarako mamia.

Giro politikoa azaltzeko tenorean ere ez da estatuen indarkeria inon ageri eta faltan bota dut garaiaren mosaikoa osatzeko orduan, Esteban Muruetagoiena mediku oiartzuarraren kasua etorri zait burura, 1982koa, adibide bat jartzeagatik. Niri iruditzen zait badela kontuan hartzeko moduko elementua, errespetu osoz.

Ez dut uste merezi duenik soka honekin jarraitzerik, bakoitzak jartzen baitu idatzi nahi duenaren fokua aurrez ezarritako hipotesian. Zilegi da eta oso sanoa, ikerketaren ertzak hedatzen baititu. Merezi du, irakurle, Gurrutxagaren lanari tartea eskaintzeak, batetik Leteren figura erraldoiak merezi duen begiruneagatik. Bestetik, plagioarena bezalako kontu delikatu bat Gurrutxagak nolako dotoreziarekin ebazten duen ikusteko. Bistan da estiman zuela Lete poeta-kantaria.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak