kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Andrezaharraren manifestua / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2019

Hainbeste izutzen gaituen iluntasunaz Anjel Lertxundi / Berria, 2020-11-01

Andre zaharraren poema berria

Irratiko esatariak irakurri berri duen poemak kilimak eragin dizkit muinetan: “Andre zaharra bihurtu naiz. / Atseginez onartu dut / hainbeste izutzen ninduen iluntasuna”. Edertasun umotua dario testuari, alferrikako artifiziorik gabea da, asko eta sakon esaten du oso gutxirekin: izuak izu eta iluntasunak iluntasun, poetak zahartzaroa “onartu du” eta, gainera, “atseginez”.

Louise Glück Literatura Nobel sari berriarena da poema, eta Mari Luz Estebanen Aurkikuntza izeneko aitorpen-poema baten pasarte bat ekarri dit gogora: “zahartzaroa bada erakarriko gaituzten gauza berrien aurkikuntza ere”. Atsegina aipatzen du Glückek. Erakarmena, Estebanek. Eskura daukat bigarrenaren Andrezaharraren manifestua poema-liburua, geroxeago bisitatuko dut. Lehendabizi, ordea, Louise Glücki buruzko informazioa jasotzeari ekin diot, ezezaguna baitut. Sarean ibili naiz, han eta hemen, mokoka. Laster aurkitu dut irratiari entzundako poema. Laster, halaber, Glückek esandakoa sariaren motiboz egin dioten elkarrizketetako batean: “Zahartzearen alde on apurretako bat da esperientzia berri baten aurrean nagoela, eta horrek ez du parekorik autore batentzat”, esan du Glückek. Sareko testu batetik bestera nabilela, ikusten ari naizena da bizitzaren akabera bitarteko etapan (Louise Glückek 77 urte ditu) zahar baten begiekin begiratu nahi diola propaganda txarreko aro estreinatu berriari: egiten dakiena egokitu nahi dio talaia berriko begiradari, estimulu berriak bilatu, iluntasuna baino haragoko perspektibak zabaldu bakardadeari edo ahuldadeari edo egoera ezohikoei…

Gutxien espero den une eta tokian sortzen dira esperientzia kitzikagarriak jardun artistikoan bezala bizitza egunerokoan. Iluntasuna omen zekarren etapa bihurtu zaio Glücki poesia egiteko esperientzia bital berria eta argitsua-. Poetak dio Desira izeneko poeman: “Beti eskatzen dudana eskatu nuen./ Beste poema bat”. Beste poema bat haustura baten ostean, bidegurutze berri bakoitzean, zahartzaroko bihurguneetan: “Horrek ez du parekorik autore batentzat”, dio Glückek. Baita edozein gizakirentzat ere: zahartzearen alde on bat da esperientzia berri baten aurrean gaudela duintasunari eusteko, hainbat izutzen gintuen iluntasunean argi-inarren distira eta beroa bilatzeko, herioren begien aurrean begiradarik ez jaisteko.

Andrezaharraren manifestua

“Aiton-amona zaharrak ditu hiru elementu, giharren flakia, karkaxa eta azken ordua tormentu”. Bakardadea aipatzea falta zaio errefrauari. Zahartzaroak ez du hainbeste izutzen gaituen iluntasuna beste deus? Montaignek zioen espirituaren zimurrek zaharragoak egiten gaituztela aurpegiko zimurrek baino.

Orain urtebete doi, iazko urrian, Mari Luz Estebanek Andre zaharraren manifestua izeneko poema-liburua argitaratu zuen. Lehendabiziko partean (Galdera-ikurra), haurtzaroan ezagutu zituen hainbat emakumez ari zaigu: birrotxak (ezkongabeak), maistrak, familiako emakumeak… “[Erretratuok] etorkizunera irekitako etenpuntuak dira, zahartzea urrun eta arrotz nuen orain batean”, dio bertako poema batek. Sepia kolorerik gabeko argazkiak dira; doiak, duinak; maitasunez egindako erretratuak, inola ere ez, ordea, edulkorazioz. Bigarren partean (Gorputzaren iragaitza), zahardadearen deskubrimenduaz dihardu Estebanek, gorputza delarik zahartzaroa deskubritzeko eta sentitzeko pasahitz nagusia, hausnarketa intelektualari ekin aurretik. Hirugarren parteak (Andrezaharraren manifestua izenekoak) oso bestelako tonua du, aldarri batena, feminismoaren gorazarre eginez “ezinezkoa dirudiena ahalezko bihurtuz eta ontologia berriak sorraraziz”. Aldarriaren motor nagusia gorputza izaki, gorputzaren mintzotik ari zaigu Esteban (“Andrezaharra naiz, hezur-haragizko gizakia”), eta, andrezaharra izanagatik, andre izaten segitu nahi du poetak, desiratzen, bizitzaren azken zikloa betetzen “ontologia berriak” sortzeari utzi gabe.

Metafora poetiko-politikoa

Munduak gizonezkoak entzun ditu zahartzaroaz mintzatzen: gorputzaren gainbeheraren atsekabetik, noski, baina aldi berean, zahartzaroak bere baitan omen dituen eskarmentua eta balio morala erreibindikatuz jardun izan du gizonak bere eskema patriarkal-paternalista belaunaldi berriei transferitzeko: zahartzaroari ez zaio beldurrik izan behar, gazteok, ispilu duzue zaharron esperientzia. Adimena da mintzo desirari gorputzari hitz egiten utzi gabe.

Mari Luz Esteban, ordea, beste euskal emakume poeta asko bezala (Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, Idurre Eskisabel, Tere Irastortza, Eider Rodriguez…), gorputzetik abiatuta mintzo da. Hala dio Estebanek Manifestuaren hasiera samarrean: “Andrezaharra naiz, hezur-haragizko gizakia, baina aldi berean metafora, figura poetiko politikoa”. Metafora ere badelako bildu ditu haurtzaroan ezagutu zituen emakume haien erretratuak, emakumeen historia delako zahardadearen seinaleen biktima nagusi: gizonaren beldur zelako bizi izan da emakumea zimurren beldurrez.

Manifestua-n zehar aitorpen hunkigarriki erradikalak egiten dira, zirrara eragiten dutenak, ziztagarriak, deserosoak, inplikatu egiten gaituztenak: bizitzan zehar uste duzu bat eta bakarra zarela, baina, zahardadearekin, bat (omen) zaren hori bitan banatua manifestatzen da, eta zure baitan duzun zure beste horrekin hasten zara hizketan; eta non ohartzen zaren uste zenuen baino bestelakoagoa dela barruan daukazun nia, zure baitako etxola dela munduaren plaza eta ardatza. Eta Estebanek dioena gerta liteke: “Orain neure burua hobeto ezagutzen dut, neure egiak neure gezurrak beste”. Azken finean, Estebanen manifestuko “[burujabe den] andrezaharrak aro berria iragartzen du, mundu orekatuago, osatuagoranzko bidean”.

Zeren bakardade berealdikoenean ere posible baita zahardadea bihurtzea aurkikuntza berrien poza Louise Glücken poema batek dioenaren bidetik: “Maistrak esan zuen: idatzi ikusten duzuna. / Baina ikusten dudanak ez nau emozionatzen. / Maistrak erantzun zuen: / Aldatu ikusten duzuna“.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak