kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Duvoisin kapitainaren malura / Kepa Altonaga / Pamiela, 2018

Bonaparte printzearen zoritxarreko itzala gainean dugu egun ere Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2020-10-30

Duvoisin kapitainaren malura saiakera ez da berria, bai nik egileari ezagutzen diodan azkena. Ez da liburu gotorra, alta, bada, “eruditu”-rentzako da nolabait. Erran nahi baitut, euskararen historia —gure historia— manera jakingarriz bizi nahi dutenentzat.

Kepa Altonagaren bertuteetako bat irakurlea harritzeko duen gaitasuna da. Bere saioen zerrenda ikusi besterik ez dago: Folin markesa, Arnaud David, Darwin gurean, Arnaut Abadia, Back to Leizarraga, Patagonia Hazparnen barrena… Saio guztietan izen propioak daude, beren protagonistek eman dute historian zer esana edota tokian tokiko statu quo-a kolokan jarri nahi izan dute.

Altonagak historia kontatzen du, protagonisten istorioen bitartez erretratatuz. Endemas, bere konta moldeak badu grazia puntu bat, puntu samina eta goxoa, samingoxo deserta bezala. Deserta aipaturik, Altonaga mendebaldarra izanagatik, Loiuko semea, Bilbon habia egindako Txorierriko hegaztia izaki, haren obra ekialdean —saiakeraz ari naiz— du sorburua, baita emana ere.

Batuaz idazten du. Bai horixe! Jean Etxepare midikua du “eredu”, nagusiki eta bertzeak bertze. Batua jakiteaz burgoitzen den inork Etxepareren eskuara ez badu konprenitzen, “batua” zer den ez daki gaixoak. Dena dela ere, Altonagaren batuak badu berekin mendebaldeko euskararen taxua, aski nabarmen ukan ere.

Horiek horrela, zertan datza Duvoisin kapitainaren malura / Bonaparte Printzearen itzalean saioa?

Bi irudi nagusi dira liburuan: azaleko Jean Duvoisin kapitaina eta Luziano Bonaparte printzearen karta historikoa. Euskararen euskalkien mapa gogoangarria. Gazte nintzela, Bonaparte batek gure euskalkien ardura izan zuela jakitea txundigarria begitandu zitzaidan.

Alabaina, Bonaparterekiko lilura hura erabat “zapuztu” dit Altonagak. Izan ere, eta hauxe da liburuaren tesia: Luziano Bonapartek ez zuen euskara literario bat garatzea gura, ezta batua gauzatzea nahi ere. Funtsean, museotan iraunen zuen euskara nahi zuen. Hizkuntzen —poliglota izaki, hizkuntza anitzen— filologia maite zuen Bonapartek, eta gure kasuan, ez hainbeste euskara egunerokoan bizirik irauteko garatu behar zuen literatura —finean nazio baten mentura eta abentura—, hizkuntza batuaren beharrezkotasuna.

Euskalkiak batzea euskaren esentzia hiltzea bailitzan bizi izan zen Bonaparte. Esentzia ala hil! Hiltzen joan den, joan doan, izaten —euskaldunaren— baten existentzian. Hots, laguntzen zaitut, laguntzen dizut —lan eskerga egin baitzuen Bonapartek, nor bere altruismoari esker bizi da ere—, baina laguntzen zaitut, laguntzen dizut, hiltzen. Goxo hiltzen! Hark goxo hiltzen laguntzen, gu minez hiltzen. Gure izatea antzaldatua nahi dute guretzat, baita laguntzen —uste— gaituztenek ere!

Jean Duvoisin kapitaina da liburu honetako protagonista, baina ez bakarra. Bonaparteren asmoa ezagututa, agian, bere malura hobekien islatua zuena Duvoisin da. Horregatik lerroburuak berari aipu egitea. Dudarik gabe, kapitainaren nondik norakoak hobeto ezagutu ditut, eta, egiazki, Altonagak pertsona historiko bakoitzaren atzean eraikitzen ohi duen legez, “pertsonaia” hau liluragarria izan zait. Altonagaren saioek ipuin ukituak dituzte, badauka ere artxiboetan arakatzen duen sagutxoria-ren marmarra, marmar hausnarkaria.

Bederatzi ataletan partekatua da saioa. Jean Duvoisinekin hasi, eta erran gisan, hamaika dira protagonistak. Horietako batzuk, lau belaunaldietan ekarrita, gure ondoan izan ditugu orain arte, hala Aita Luis Villasante edo nola Asun Garikano —horietakoren bat edo beste bizirik dago—. Atalez atal, Klaudio Otaegi, Johane Artxu edota Uriarte frantziskotarraren ibilerak ezagutuko dituzu. Euskararekiko emanak, baita bakoitzaren bizitzaren nondik norakoak ere. Historia ez da kontu urruna, hortxe bertan dugu.

Luziano Bonaparte printzearen zoritxarreko itzala presente dago gaur egun. Eta presente dago, Bonaparteren itzala luzea delako. Hots, gure herriak historiaren trena galdu zuen, eta engoitik ez du tren-geltoki nagusi bat (Euskara batua) izateko aukerarik (edo ez diogu xantza hori eskaini nahi). Izatekotan, behialako hizkuntza izan zen hura erakusteko museo bat ireki nahi zaio herritik herrira dauden geltoki horietan. Hots, herrialdeak batuko dituen trenarentzat beti traba eta zaputza izan da Euskara batua edo Geltoki/Biltoki nagusia. Itzal hori mendez mendetik jasan dugu egundaino.

Euskalkiak ez ezik, sukalkiak nagusitzen ari ote? Xabier Amurizari zor zaio sukalki terminoa. Euskalkiak galduz doaz/goaz, batua nekez ari (nondik eta nola begiratzen den hori ere, enkaxka diot) eta euskalduntasunaren harrotasuna sukaldetan manifestatzen da. Euskarari sua dario, Duvoisinen euskarari nola, baina plazetan eta batuta behar dugu arnasa luzeko hizkuntza izanen bada. Egungo gure izatearen malura, historiaren bilakabidearen —bidegabekerien— ondorioa da. Kepa Altonagari esker, maluruski bada ere, gazi gozo geza betiere, saioa irakaspena baitezpadakoa duzu ostera ere. Itzela alors!

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak