kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Haize-lekuak / Amaia Telleria / Alberdania, 2020

Historiatik literaturara Nagore Fernandez / Berria, 2020-10-18

Saritutako hainbat ipuin idatzi dituen arren, Haize-lekuak dugu Amaia Telleria Idiazabalgo idazlearen lehen eleberria. 1939an girotutako obra horrek Idiazabalgo nerabe baten istorioa kontatzen du. Mikela protagonista 13 urterekin Altsasura neskame joan, eta, bizipen gazi-gozoen artean, gerrak eragindako oinaze eta orbainak ezagutzen ditu bertan.

Euskal literaturaz dihardutenen artean, bada euskal literaturak euskal gatazkaz apenas hitz egin duela sinesten duenik. Ordea, esan genezake Telleriaren nobelak kontrakoa erakusten duela, azkenaldiko euskal sistema literarioko hainbat obrak bezala. Euskal gatazka, eta zehazki Gerra Zibila (1936-1939), haizea bezala, nobelaren zirrikitu guztietatik sartu, eta obrak eraikitzen duen munduaren agertoki bihurtzen da. Irakurleak etengabe aurkituko ditu euskal memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren errepresentazio sinbolikoak: “Espainiako bandera”, hizkuntzaraino heldu zen errepresio eta zentsura, “no hablaré más en vascuence“, bai eta garai hori gogorarazten diguten memoria guneak: egunero presoz beterik pasatzen den trena, kasu batera. Presoen aurpegi abailduak. Senideak kartzeletan dituztenen zoramena eta sufrimenduak. Biktimen ikuspegia. Hori da Telleriaren obrak erakutsi nahi duen aurpegia, “ahanztera kondenatuak” diren kontakizunei, mikrohistoriei, izateko espazio bat emanez.

Alabaina, irakurketa bakar batek ez ei du obra guztiz agortzen; kontrara, irakurketa berri bakoitzak aurretik ikusi gabeko interpretazio eta istorioak azaleratzen ditu. Irakurleak Telleriaren lanean istorio ugari aurkituko ditu, Gerra Zibila ardatz badu ere, aukera bikaina eskaintzen baitu XX. mendeko genero-politikaren nondik norakoak ezagutzeko. Izan ere, espazioa dikotomikoki kudeatuta agertzen zaigu, gizonezkoak espazio publikoan karakterizatuz; emakumeak, espazio pribatuan. Kartzelak ere, historikoki maskulinizaturiko espazioak diren heinean, gizonezkoz beterik agertzen zaizkigu. Diskurtso hegemonikoak ezarritakoaren arabera, indarra eta oldarkortasuna dira pertsonaia maskulinoen bertute nagusiak; edertasuna eta fintasuna pertsonaia femeninoenak. Eskema heteronormatibo horren aurrean, gaude Mikelak bere feminitatea aldarrikatzen duela, ama-alaba konstelazioan babesturik, gorputzetik hitz egiten baitu maiz, “haren gorputzak garrasika eskatzen baitzuen laguntza”, eta hilerokoa bihurtzen da eraldaketa korporalaren muga, emakume bat dela erakusten dion marka.

Aniztasuna da nobela honek duen alderdirik azpimarragarriena, ez horrenbeste pertsonaien karakterizazio edo baliabide narratologikoei begira, ezpada nobela bakar batean hainbat errealitate irudikatzeko duen gaitasunari erreparatuta. Izan ere, maiz sentitu dugu argumentu dinamikoago baten falta. Hala ere, idazleak darabilen hizkera biziak argumentuaren patxada orekatzen du, ahozkotik oso gertu dagoen tonua izaki.

Guztiarekin ere, esan daiteke kontatu ez zaigun Historia horren puskak eskaintzen dizkigula obrak, historiarekin literatura eginez, eta literaturarekin historia. Idazlearen hitzetan, isildutakoen gordailu bat dugu obra, gure arbasoen liburutegi bat.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak