kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Dendaostekoak / Uxue Alberdi / Susa, 2020

Dendaostea erakusleihora Irati Majuelo / Berria, 2020-10-11

Garai baten historia apaletan gordeta dakarren denda baten kronika literarioa. Hori da Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan aurki daitekeena. Bi ahizpak 1970eko hamarkada amaieran gazte-gazterik irekitako denda behaleku gisa harturik, errepaso politiko-soziala egiten dio ordutik gaur egunera arte Elgoibarrek eta bertako merkataritzak izan duten bilakaerari. Eta horrekin batera, herri-dinamikek, harreman moldeek, ohiturek; ezinbestean elkarri lotuta egon baitira.

Kronika honen indargune nabarmenetako bat enpresa txiki eta familia girokoei egiten dien erradiografia zorrotza da: zer esan nahi zuen dendan jaioa izateak, zer ikusten den salmahaitik, nolakoa den dendariaren bizitza. Asko hitz egin da Euskal Herrian industriak izan duen garrantziaz, baina ez hainbeste merkataritza txikiaz eta horrek gizarte-konfigurazioan izandako eraginaz. Hala, herri industrial batetik, Debabarrenaren muinetik ari zaigu Alberdi dendek XX. mendean izan duten funtzioari buruz, sozializazio eremu gisa izan duten garrantziaz, topaleku eta elkar zaintzarako konfiantzazko gune izan diren heinean. Desagertzen ari den espezie baten argazkia.

Liburuaren beste gako garrantzitsua da “feminitatearen eremu” kontsideratutakoak (joskintza, dendari lana, emakumeen arteko ahizpatasuna, amatasuna, etab.) dendaostetik, alor pribatutik, publikora ekarri izana. Balioa eta garrantzia aitortzeaz gain ikusezin izan diren lan eta praktikei, Alberdik eremu hori birdefinitu eta berezko duen izaera politikoa ikusarazi du. Topiko eta usteetatik aldenduta, XX. mende amaieran bi emakumeren bizitzen konplexutasuna eta kontraesanak jartzen ditu begi bistan, mertzeria batek egin dezakeen lan soziala eta liburu-denda bat izan daitekeen gune iraultzailea. Denda baten bueltan sorturiko harreman, bizipen eta irakaspenek beste dimentsio bat hartzen dute kronika honetan.

Ahozkotik oso gertuko hizkera darabil, bizitasuna eta bat-batekotasuna nabarmentzen dira estiloan. Ezin zen bestela izan, dendariei eman baitie gordin-gordinean hitza, euren ahotsetik egiten du solas liburuak. Idazlea hor dago, baina parte hartzea bainoago nabari da presentzia, eskuaren partez belarria. Bestelako leku batetik idazten du oraingo honetan Alberdik: entzule arretatsuaren bigarren lerroa hartu du. Kronikagileak entzule ona behar baitu izan beste ezeren gainetik.

Denda baten kronika dela esan dugu, ez litzateke gutxiagorako ere, protagonista dituen bi emakumeen bizitzetan kakotutako memoriaren mataza dela esatea. Izan ere, Elgoibarko Pitxintxu dendak denetarik hartu du atzeko almazenean: Marx eta mertzeria, parranda eta presoak, feminismoa eta sexua, artea eta ekonomia. Baina batez ere, lana. Lana, lana eta lana. Mostradore zein errezelen beste aldera dagoen horrek pentsatu eta egin behar izaten dituen guztiak ematen ditu ezagutzera kronika eder honek. Aitortza bat langile konprometituei.

Eta hala ere bizi! Mendi-igoerek, emakume taldeak, poteoak edo amatasunak ez baitute etenik denda martxan egon arren. Bizi grina dario orrialde bakoitzari, heriotza, jaiotza, uholde eta tiroketen gainetik, eta hori bizitza disfrutatu duten emakume pareari zor zaio. Hala izan bedi aurrerantzean!

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak