kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ur biren artean / Patxi Iturregi / Elkar, 2019

Ur biren artean Txema Arinas / uberan.eus, 2020-09-28

Maite dut maite itsas giroko narratiba osoa (Herman Melvillen Moby Dick Joseph Conraden Lord Jim, Patrick O’Brianen liburu guztiak, Pio Barojaren Las Inquietudes de Shanti Andia, Ignacio Aldecoaren Gran Sol, Alvaro Mutisen Empresas y tribulaciones de Maqroll el Gaviero, Edorta Jimenezen Atoiuntzia, besteak beste). Itsas giroko liburuek badituzte oso ezaugarri berezi batzuk lehorrekoen itsasoarekiko erromantizismo huts edo estereotipatuenetik ikusita beti norbanakoaren libertatearekin, hau da, itsasoan lehorreko kateetatik libre dena soil-soilik, edota gutxienez gizaki alderraien bizipenekin ia oharkabean lotzen ditudanak, baita nolabaiteko abenturarekin ere, nahiz eta errealitateak, hau da, literaturaren ifrentzuak, oso bestelakoa, guztiz arruntagoa edo agian aspergarriagoa, izan behar duelakoan egon. Horrenbestez, ez da batere harritzekoa Patxi Iturregiren azken ipuin bilduma honi ekin izana gaztetako irrika urrunaz, hau da, egiazko gogo biziaz. Eta zer esanik ez, espero bezala ere gogotik asebete egin nau aurreneko ipuinetik azkenera arte. Itsas giro delakoa oparo bezain zintzo eta zorrotz topatu dut, hau da, itsasoko gauzak ezin hobeto, profesionalki, ezagutzen dituen idazle baten girotze lan aparta ipuinetako pertsonaien gorabeheren narrazio ederrarekin batera, biak maisukiro uztartuta. Bestalde, Patxi Iturregiren istorioak Lehenengo Mundu Gerran kokatu izanak, edo are zehatzagorik garaiko Espainiako neutraltasun korapilatsuaren mende egoteak, abenturarekin, edo behinik behin delako gerra egoerak halabeharrez sorraraz litzakeen egoera edo ezusteko zail edo arriskutsuekin, estuago, taxuzkoago, lotzeko laguntzen dute. Egia esanda, kokapen historiko horrek liburuari oso kohesio narratibo erakargarri eta apropos bat gaineratzen dio gorago aipatutako itsas giroko liburu klasikoen antzera. Izan ere, aipatutako erreferentziak gogora etorri zaizkit etengabean ipuinak irakurri ahala, hala nola Conradek Lord Jimen agertzen diren hainbat pertsonaiak eraikitzeko sakontasun sikologikoa, Aurpegi biko gizona ipuinean bezala, edota Ignacio Aldecoak Gran Sol idazteko erabili zuen itsas hizkera oparo eta batik bat zehatza, nire ustez Urpekaria ipuinean ustezko istorioari gailentzen zaiona, egiazkoa apika urpekarien nondik norako teknikoak edo direlakoan, niretzat behintzat benetan xamurrak. Badago beste ipuin bat ere, ikaragarri gustatu zaidana narratiboki, non itsasoa bigarren maila batean azaltzen den, atze-oihal gisa, Garcia Altunatar hiru ahizpen nondik norakoak idazpide, garaiko giroa ere ezin hobeto erakusten duena, hau da, XX mende hasierako kutsu benetan erromantiko eta aldi berean gordina gogoratu didana liburu osoan ohiko den fineziaz. Alderraiak ipuinak, ordea, Alvaro Mutisen istorioak gogora ekarri dizkit ezustean, hau da, itsasontzi barruko giroak edo eraginda, baina egiatan askotxo hausnartzeke, lehenengo irakurketaren inpresio hutsaren ondorioa, ez besterik. Eta baldin badago ipuin bat lehen aipatutako Lehenengo Mundu Gerraren giro benetan nahasi eta arriskutsua presente dagoena, hori da, duda zipitzik gabe, Ur irazekiak (Neguriren uberan) ipuina; bertan nola ez ekarri gogora Patrick O’Brien edo Baroja bera beste behin ere ia ustekabez. Oro har, ipuin guzti-guztiak nabarmentzekoak dira, alajaina. Ezta batere harritzekoa Patxi Iturregiren hizkerak ikaragarri landua ematen baitu, hitzen zizela erruz erabili duenaren modura, benetan euskera jasoa eta batik bat gaira egokitua, beti behar beste doia, joria baina aldi berean ere goxoa bezain irakurterraza, ezin hobeto erakusten duena, nire ustez, euskarazko hiztegia lantzea merezi duela ustezko jatortasunaren edota are gutxiago ulermenaren kalterako izan gabe, edozein hizkuntza jasotan suertatu bezala, alegia. Honaino iritsita, beraz, badago beste gauza bat oso argia begitantzen zaidana, premiazkoa ere bai, kosta ahala kosta azpimarratzea merezi duena, batez ere euskal irakurleek Patxi Iturregiren Ur biren artean ipuin bilduma hau oso gogoan har dezaten: iruzkin honen hasieran aipatutako egile guztien zalea baldin bazara, hau da, euren liburu guztiekin nik bezainbeste gozatu egin baldin baduzu, Ur biren artean liburua parada aparta izan daiteke orduko irakurketen plazera berriro gozatzeko, behinik behin gogoratzeko, oraingoan euskara eder-ederrean gainera.

Bestalde, abagune ezin hobea ditut lerro hauek aspaldi, hedabide honetan bertan, idatzi nuen Euskal Literatura eta Itsasoa artikuluan egindako hutsa nolabait betetzen saiatzearren, Patxi Iturregiren Haize Kontra bezalako liburua orduan aintzat hartu ez nuelako, egia esanda irakurrita ez dudalako, hau da, laster konponduko dudan hutsune barkaezina, oso handia gainera, barkazioa eskatzera behartzen nauena derrigorrez. Espero dut, gainera, gaurgero bakarra ez izatea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak