kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Aro beilegia / Lizar Begoña / Balea Zuria, 2020

Galeraren ni poetikoa Hasier Rekondo / Deia, 2020-10-10

“…eta, orduan, galdetu zidan nire poesiarekin / komunikatu edo inkomunikatzen nintzen”. Objektu poetikoa komunikatu ahal izateko grinez edota ni poetikoaren bilaketan isolamendu latzenean ohikoak diren ezinez dihardu, besteak beste, Lizar Begoñak (Sopela, 1996), haren opera priman. Pentsamenduaren poesia ardatz, genero hau kaleratzea hil ala biziko erronkatzat duen Balea Zuriak eratu Donostia Kultura III. Saria eskuratu zuen Aro beilegia poemarioarekin Begoñak.

Poema liburu “diskurtsibo” honen eredugarri dugu Ez dut ezer ulertzen nihilista: “Eta ni / (des)ordena delako hau ulertu nahitik / atseden hartu ezinik”. (Des) ordena hori guztia aro birtual (zenbaitzuk likido hitza erabili dute) honetan bizi dugun edo bizi ez dugun guztiok pairatu izan dugu, modu batera edo bestera: “jendea, jende zaharra, egunkariak, titularrak, reality-ak, fake bideoak…”. Begoñak aipatzen dituenen anitzen artean bakar batzuk aipatzearren.

Inposatutako errealitate arrotz horren aurrean ahots propioa agertzen dutenak bakarrik zaizkit interesgarri. Ez baita nahikoa izaten errealitate itogarri baten berri emateak, poesia erakargarririk eta kalitatezkorik egin ezean. Nago Lizar Begoñaren opera prima honek bide horretan eman dituela lehen urratsak. Zenbait gehiegikeria diskurtsibo gorabehera. Idazteaz hausnartzen duenean, idazteko grinaz ari denean, bere onena ematen du Begoñak. Esaterako, “Non batuko lirateke bestela ‘oskola’ eta ‘izua’? / Eta non konta nezake ‘denbora'”?

Estreinako liburua izanagatik, Begoñak bizitzaren aurrean subjektu poetikoak galeraren baitu oinarri. Apika, pentsamenduaren demasezkoan erortzea du arriskurik latzena egileak. Izan ere, askotan ematen du soberan duela adjektibo lar efektista bat edo poemak gehiago irabaziko zukeela isiltasunaren espazioari leku emanez gero. Halere, poetak ez du etsiko ahots propio horren bilaketan sasi-guztien gainetik.

Alta bada, poetak asmatu egiten du subjektu poetikoaren kokapenarekin. Besteen ifrentzu erbesteratua dugu subjektu poetiko hori. Besteekiko harremanak zaizkio oztopo poetari. Bizitzaren galerak harremanen galerak baitira. Gizakiok besteekin sortzen ditugun erlazioen arabera “galtzen” baitugu. Horrela adierazten du: “Zuen zoriontasunaren kausak oihukatzen dituzue / plataforma sozial guztietan, / eta oihuaren ostean erantzunik ez badago? / Eta txaloen ordez isiltasuna eta bakardadea?”.

Gauzak horrela, beste mundu bat posible zaio egileari? Poesiaren mundua ez bada, nekez. Bideari ekin eta berehala, galera horren presentzia higuingarria baita. Apika, ibilbide poetikoan hastea ez da inportantea subjektu poetikoa hazten ez bada. Hor egon daiteke zirrikitua, bizitzaren arrakalan. Esango nuke, sinbolismoaren bidea aukeratzen duenean asmatzen duela gehien Begoñak, larregizko diskurtsoak tentsioa galtzen duenean. Arratoien migrazioa poeman esaterako, eta, ibilbide poetikoa horrek ustekabe gozagarriak ekarriko dizkiola isiltasunari lekua emanez. “Han gure maitasuna ulertezina zen / gure sexua / gure ukimena / laztankeria tetrikoak ziren”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak