kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Funanbulistaren beldurra / Karlos Gorrindo / Erein, 2020

Kontalariaren beldurra Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2020-10-09

Funanbulistaren beldurra liburuaren balorea testigantzaren balioaren araberakoa da. Deus aitzin: liburuak horixe du epai. Diodana funtsatzeko Joseba Sarrionandiaren Testigantzaren balioaz hitzaurrea irakurri besterik ez duzu. Iurretako idazleren betekizun baitezpadakoa. Bikaina. Nork bere etorria eta emaria.

Funanbulistaren beldurra espetxean hamasei urte pasa zituen ETAko kide Karlos Gorrindoren memoria ariketa da. Bere —eta beste jende askoren— iraganari buruzko informazio eskerga dakar liburuak. Preso izan zenaren eta idazle bilakatu denaren kartzelaldiko historia da. Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko —bi hamarkadako— bere ikuspegia eman digu egileak, baita iritzia eman ere.

Ez da istorio bat, ez da fikzioa. Ez da nobela ere. Historia da. Historia kontatzea berriz, hagitz konplexua da. Literatura da konplexutasuna ulertzen laguntzen digun jarduera. Demagun —dagokigun historiaren gaineko literatura eginez—, literatura etorkizunez kargaturiko artefaktu bat dela —Gabriel Celaya poeta gogoan—.

Anartean, liburuan gaudela betiere, denbora eta espazioa aldagaiak funtsezkoak izaki, premisa bat: ahanzturak memoria desoreka dezake. Liburuan badaude —pasadizo bat gutxienez— gertakarien kronologian “aldiak” garaiaz aldatuta. Argitu aldera: liburuaren hitzaurre-egilearen ihes famatua gertatu zeneko aldia aurreratuta dator kontakizunean, hots, GALek egin zituen hainbat hilketaren aurretik kontatuta dago.

Karlos Gorrindo da subjektu nagusia. Eta hamaika subjektuk osatzen dute liburua. Alabaina, subjektu guztien izenak ez datoz bat errealitatearekin. Bere izena eman gabe, Joseba Sarrionandia nor den argi eta garbi ageri da. Baita, izena emanda, Iñaki, Txema edota Landa abokatuak, Patxi Zabaleta eta Xabier Arzallus politikariak… Aldiz, Kublai, Nabarte, Lauterdi edota Lakasa… besteak beste, azken horiek, pikatu adjektiboaz ezagutuak dira eta historian “desitxuratuta” daude.

Berez, gertatua ahanzteak desoreka dakar gure baitan, memoria galtzea kaltegarria da, baina kontakizuna berariaz desitxuratzea —aldez edo moldez, agian ezinbestean— historia eraikitzerakoan oso da nahasgarria. Historiako parte hori nolabait ezagutzen dugunontzat deserosoa da eta ezagutzen ez duenarentzat “tronpagarria”.

Uste dut uste, usteak erdi ustel, gure historian, herri honen historian —ez da kontu edo jite esklusiboa—, Karlos Gorrindoren historian, beldurra da hitz gakoa. Egia kontatzeko beldurra kontatu behar da. Alta bada, beldurra ezin da kontatu erreala kontatuz, erreala heldu ezina baita. Idazleak atalez atal proposatzen digun musika sorta —liluragarria izanagatik— entzunda ere, ezin errealitatearen alde beldurgarria kontatu. Agian imajinatu dezakegu, baina imajinazioa hauspotzeko fikzioa ezinbestekoa da ene aburuan.

Pertsonok, jendeok, subjektuok, nerabezaroan hasten dugu historia bizitzen, baita artean heldugabeak garenean gure historia eraikitzen ere. Historia honen kontalariak preso egon denaren hamasei urteko historia kontatzen du, baina ez du kontatzen gazte denetik —ETAko kide izatea erabakitzen zuenetik — espetxera aldiko bitartekoa. Beraz, historia horrela kontatzea ez da egokia, are gutxiago norberarena denean.

Funanbulistaren beldurra historia da. Ez da saiakera. Hala balitz ere, ez litzateke literatura izango. Ez dago poesiarik ez ipuin girorik liburuan. Alta bada, subjektuak —ETAko militanteak, presoak, poliziak, kartzelariak; Euskal Herria, Espainia edota Frantzia…— bigarren planora pasatzen direnean —edo nolabait desagertzen direnean—, lerro bakanetan badarik ere, antzematen da, sumatzen da literaturaren aieruren bat edo beste. Ez alferrik, historia honen kontalaria idazlea baita.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak