« Ziztada atsegina | Arkeologia poetikoa »
Bakezale gerlari horiek / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 2004
Bakezale gerlari horiek Txema Arinas / uberan.eus, 2020-07-03
Bixente Serrano Izko irakasle eta idazle hil berriak saiakera arloa jorratu zuen ezer baino lehen, honen emaitza garbia dugu Bakezale gerlari horiek izeneko liburu labur baina bihoztun hau. Bai saiakera ausarta, indarkeria politikoaren zilegitasunaren nondik norako jorratzen baitu hainbat aldetatik baina batez ere ikuspuntu pragmatiko batetik, eta batik bat oraindik orain —edo hobeto esanda liburua 2004.ean argitaratu zeneko ETAren jarduera zitala bezain zentzugabekoa kontuan hartuta— jardunean dauden talde armatuen nahitaezko porrota hizpide. Halere, eta ezer baino lehen, Serrano Izkok bakegintzaz dihardu hainbat jarrera bakezale aztertuz, bereziki bakearen aldeko jarrera liriko edo epikoaren eraginkortasunik eza agerian uztearren. Edo bestela esanda, eta betiere haren teoriak nola edo hala, itxuraz behintzat, zinikoa eman dezakeela aldez aurretik aitortuz, artean ere indarkeria politikoaren alde zeudenak armak behin betiko bertan behera uzteko bestelako argudioak onartzeko prest ez zeudelako, Bixentek bakearen aldeko jarrera makiavelikoa aldarrikatzen du, hau da, gure gaur egungo gizartean indarkeriaren politikoaren delako eraginkortasunik eza ezin hobeto azalduz. Horretarako, bere garaian indarkeriaren bidez ustezko edo balizko etsaiari erauzitako kontzesioak alperrik edo erabat ez galtzearren, baita euren ikuspuntuetatik oso apalak edo murritzak omen diren lorpenak gorde zein areagotzeko geroan aukera izatearren, orduan borrokan zeudenak konturatu beharko lirateke inoiz baino urrunago daudela euren helburuetatik. Bazen garaia, beraz, indarkeriaren aldeko apustua bertan behera uzteko dena, hau da, ustez edo lortutako kapital politiko-historiko-sinboliko osoa kasketaren kasketaz ez zarrasteltzearren.
Bada, badirudi, noski, oso teoria gordina, makiavelismo hutsa esan bezala, bakearen aldeko jo(ka)era etiko gehienak printzipioz aintzat hartzen ez dituena. Areago, bakezale zintzoak asaldatzeko propio, indarkeria politikoaren nolabaiteko zilegitasuna onartzen baitu argudio etiko-filosofiko guztiak alde batera lagata. Halere, B.S.I.ren gogoeta txit berezi eta batik bat politikoki oker hau euren bakea eurek ez bezala pentsatzen dutenei indarrez inposatu nahi dietenei zuzendua baita, alegia. Izan ere, eta B.S.I.k berak azaltzen duenez, ez dago beste irtenbiderik, hots, konbentzitzeko modu edo aukerarik, batez ere gaur egungo gizartean hiritar gehienek indarkeria politikoa errotik gaitzesteagatik, borroka armatuari eusten diotenak euren porrotaren nahitaezkoaz behingoz jabe daitezen.
Halaber, delako ondorioa borobiltzeko B.S.I.k bakearen inguruko kontzeptu gehienei buruzko gogoeta luze eta sakon bat egiten digu liburuko aurreneko ataletan. Gogoeta edo berrirakurketa filosofiko zein filologiko bat eta betiere indarkeria politikoaren nondik norakoak hizpide, hau da, borroka armatua noiz, nola eta noren kontra zilegi den/zen ala ez asmatu nahian, ea noiz autodefentsaren erantzun zuzena eta noiz ideologia bat kosta ahala kosta inposatzeko saio garbi eta batez ere okerra. Etikaz ari da B.S.I liburuaren aurreneko ataletan buru belarri, egia absolutuen nondik norakoak aztertuz hainbat autore ezagunen pentsamendu zein iritzien laguntzaz edota Historiak emandako adibideak gogora ekarriz. Hortaz, 1970etako Hego Amerikako eta Europako talde iraultzaile armatuei erreparatzen die orduan armak erabiltzeko zilegitasuna aldarrikatzen zituzten argudioak banan-banan aztertuz zein sailkatuz Areago, B.S.I.k Camusen L’homme revolté hizpidera dakar orduko mugimendu iraultzaile haien akuilu gisa, baita, oraingoan Euskal Herrira bueltatuta, ETAren bilakaera gertutik eta ondoen jorratu duten beste pentsalari batzuen lanak ere, batik bat Joxe Azurmendi eta Pedro Ibarra. Eta hau guztiau gutxi ez balitz bezala, B.S.I ez da bakarrik mugatzen bere ondorioak edo katedra balira bezala azaltzera. Bixentek kolokan ere jartzen ditu balizko solaskide baten laguntzaz, hau da, bere buruarekin berarekin eztabaidaka egingo balu bezala liburuan agertzen diren ideien erabatekotasuna saihestu nahian edo. Bada, nire ustetan behintzat, oso baliabide eder eta zintzoa antzinateko filosofoen saioetakoak bezalakoa, duda apur barik Bixenteren zintzotasun intelektuala ezin hobeto erakusten duena, liburuan ateratako ondorioak eta eztabaidan jartzeko prest dagoela argi eta garbi adierazten baitigu.
Badugu, beraz, liburu xume baino oso balent eta batez ere zintzo bat, oso gogoetatsua bai, berez probokatzailea eta beharbada polemikoa ere alde guztietako dogmatikoen begietara, hau da, gainerakoei inolako heterodoxiarik bakartzen ez dietenak. Edonola ere, Bixente Serrano Izko bezalako gizon benetan libre, ausart eta azkar baten emaitza ederra, baita nolabait ere, 2004an argitaratua izanagatik, testamentu gisa balio duena, besteak beste liburuan bertan nolabaiteko lekukotza biografikoa nabarmentzen delakoan bainago; baina, hori, nork bere kontuak atera ditzala.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez