kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Moskito / Igor Estankona / Susa, 2020

Ziztada atsegina Aitor Francos / Bilbao, 2020-07

Igor Estankonaren lehenengo liburuan, Anemometro-n , 1998koa, hauxe irakurtzen genuen: “Ez dakit nondik heldu zaren/ baina poesia deitzen duguna kanpamentu nomada bat da./ Bihar ez da hemen egongo”. Hamaika bat urte pasa dira bizkaitarrak (Artea, 1977) azken liburua, Iratzeen esporak, kaleratu zuenetik. Hainbat autorerentzat isilune luzeak nahitaezkoak suertatu daitezke poesian jarraitzeko. Idazteko dagoenaz ere ahazteko moduan egoten jakin behar du poeta batek: arnasa lasai hartu, zama arindu, bizitzaren ikusle baketsua bilakatu eta, tartean, naturaren eta gizartearen lagun pasiboa izan, besterik gabe. Ohiko argitaletxean, Susan, atera du 2020 honetan Moskito izenburuko liburu berria, bere jardueran bosgarrena.

Denbora igaro ahala, Estankonaren poesian hermetismoa gailendu da, alde kontzeptuala. Poemetan abiapuntua sarritan erreferentzia pertsonal bat izaten da, irakurleari zuzenki azaltzen ez zaiona. Giroa asmatuz elementu poetikoak azalarazten doaz, interpretazio joko interesgarri batean, behin baino gehiagotan, kriptiko samarra badirudi ere. Hermetikoa izateak ez du esan nahi ulergaitza denik edo emozio gabeko poesia idazten duenik, kontrakoa; zeharesan asko sekretu edo broma pribatuak dira, erretratu intimo bat eraikitzeko balio dutenak. Tradizioa ondo ezagutzen du Estankonak, ahoz aho hedatu den herriko literaturarena barne, eta, horrezkero, irudi landuak eta identifikagarriak izaten dira dakarzkigunak. Bestalde, Moskiton, Estankonak kolokialismorako uzten duen lekua handia da; adibidez Hostaila poeman, testu gehiena hartzen du: “Sarasolarako bidean/ —ez zen han jaio/ Juan Kruz Igerabideren ama-edo?—/ Sarasolarako bidean, nioen,/ gogoratzen ditut basoko marrubiak/ eta sasiak/ eta madari makatzak/ eta landare memoria inbaditzaileak”.

Egiturari kasu eginez, bost ataletan dago banatua liburua: Frontoiak; El naixement del català escrit; Minxoriak; Zelofana eta eztia; eta Luze, mehe ta bistosue. Estankonak maisuki erabiltzen ditu eskura dituen baliabide teknikoak. Maiz agertzen den haietako bat errepikapenena da: “Arrosa batzuk moztu nituen/ eta ez ziren ihartzen ez ziren ihartzen/ berriro biziko al dira nire lagunak (…)”. (Nola ez itzuli-n). Beste bat, oraindik ere argiagoa, Madrilen hilko dute poemenak, eredu esanguratsuena agian: “Inork ez zekien zertan zebilen/ inork ez zekien zertan zebilen/ kamioi bat hartu zuela anaiarekin besterik ez/ kamioi bat hartu zuela/ eta bere aho zarratutik ez zen sartu egundo eulirik/ bere aho zarratutik ez zen sartu eulirik (…)”. Alde formalari dagokionez, Estankonak molde anitzak erabiltzeko gai dela agerian uzten du, berriro ere, Moskiton, estruktura heterogeneoak batzeko ahalmena duela. Errimetatik bertso librera; abestien egitura dutenetatik erabat narratiboak diren poemetara. Kulturalismoaren iturritik edaten du askotan (Muromeko hiritik doinurako, Espartako azpiratua! edo De inventione). Badaude imitazio apokrifoak, latinismoak (“Primula elatior elatior lilitu berria/ —zenbat aldiz, amets anbiguoetan—/ mundua oraindik da/ ederra hasieran”). Lohadar maitatuak berriro poeman, adibidez. Atsotitzak, baladak, esamoldeak, aipamen literario ekialdetarrekin batera, eremu berean, bizi daitezke poema batzuetan: “(…) Har nezake bestela Li Po, eta aldatu:/ Uhaitzaren arroiletan behera bazatoz,/ Aldez aurretik, arren, abisatu,/ Ni bidera irtengo natzaizu”. Bestalde, nabaria da heriotzaren dimentsioa (familiarena eta aitatasunarena ere), ideia bezala bada ere, handiagotuz joan dela bere poesian, Oikos poeman bezala: “Sugeak hil ez eta bakean uzten zituen mutila/ —Bargondiakoa, Neberakoa?—/ soldadu eroan zuten, urrun”./ (…) Soldadu eroan zuten eta/ soldadu zegoela/ Gabon eguna heldu zenean/ ai etsean banengo esaten zuen berak,/ ai etsean banengo”. Liburua Moskito izendatzeak irudi bat dakarkit burura: ziztadarena, denboraren abiadarena. Estankonak, hizkuntzaren erabilera trebea bezain arriskutsua eta esperimentala eginez, idazkera lagunarteko gauza bihurtzen du, jakituriaz beteriko heldutasunerantz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak