kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gilles de Rais / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2020

Dirua beste ezeren gainetik Marta Goikoetxea / Bilbao, 2020-07

Anjel Lertxundi (Orio, 1948) fikziora bueltatu da hirugarren karlistaldian girotutako Gilles de Rais eleberri laburrarekin, eta berriz ere Alberdania argitaletxearen babesa izan du. Hiru urte igaro dira Horma bere azken nobela argitaratu zuenetik, baina idazleak ez du etenik izan. Iaz Itzuliz usu begiak, itzulpengintzari buruzko saiakera ondu zuen. Oraingo honetan, duela 25 urte idatzi zuen kontakizuna berrartu du, Piztiaren izena narrazio bilduman jasotakoa, Gilles de Rais pertsonaia historikoari berriz lekua eskaintzeko. Hortaz, editorearen oharrean azaltzen den bezalaxe, “orduko irakurleak erraz ezagutuko dizkio eleberri labur honi hango giroa eta atrezzoaren osagai nagusiak”. Hala ere, pertsonaia “umotu” egin dela eta azken lan hau guztiz “independentea” dela ziurtatu du Lertxundik.

XIX. mendearen amaieran girotu du eleberria, baina gertakizun historikoetan sakondu gabe. Vincent antzerkilari frantsesa da istorioaren protagonista eta narratzailea. Bizitza aldatuko dion bisita bat jasoko du, goi mailako bi militar karlistena, alegia. Haien mandatuari men eginez, antzerki lan bat idatzi eta antzeztu beharko du soldaduak gudurako adoretzeko eta bultzatzeko. Urrez erosiko diote duintasun artistikoa, eta militarren esanetara moldatuko ditu Arc-eko Juanaren ibilerak, Karlos VII.aren alde, hau da, kausa karlistaren mesedetan, eta Gilles de Rais mariskal pedofiloa, Arc-eko Juanaren arma-kide fidela izan bazen ere, antzezlanetik desagerrarazi beharko du, militarrek ez dutelako aipatu ere egin nahi.

Askotan bere iritziaren kontra egokituko du libretoa, “buruz gorako mundu aldrebes baten berri emateko”. Lertxundiren arabera, muinean “Faustoren mitoa” dago, protagonista antzerako egoeran aurkitzen delako. “Faustok jakituriagatik saltzen du arima, mundua ulertzen saiatzeko aukeragatik. Baina, modernitatean ohikoa denez, Vicentek dirua jarriko du bere bokazioaren, kulturaren eta gose artistikoaren gainetik, nolabait arima artistikoa galtzeraino”, azaldu du.

Istorioa aurrera egin ahala, antzerkigilea konturatuko da “gerra egiten ari dela, fusilik gabe”, bere talentu guztia propaganda- testu baten zerbitzura jarri baitu, eta damutu egingo da. “Protagonistari une jakin batean gertatuko zaio, ikusten duenean zein astakeria egin duen hainbeste preziatzen zuen artean. Traizioa diruagatik, gainera diru zikinagatik, manipulazioan oinarrituta. Behartu dute manipulatzera testu literarioak, antzerkia propaganda belikoaren zerbitzura jarriz”.

Boterea, zentzura eta manipulazioa landu ditu Lertxundik hausnarketarako gaien artean, eta maisutasunez gerra kontatu du, gerrarik islatu gabe eta eszena belikorik aipatu gabe. Hori dela-eta, karlistaldi aroan kokatu badu ere, istorio unibertsala ondu du, moralaren eta printzipioen gainean gogoeta eragiten duena. Benetan atseginez irakurtzen den liburua da Gilles de Rais, euskal literaturan bide luze eta emankorra duen idazlearen eleberri laburra.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak