kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Noiz arte arrazoi / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2020

Errealitatea, koska bat estuago Igor Estankona / Argia, 2020-06-21

Anjel Lertxundiri opatzen dio liburua Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) “maite ditugunak galdu ahala, hitzen zurrunbiloan biziberritzen ditugulako”. Perspektibarekin idazten du Igerabidek, badaki ezer ez dela betiko, eta beti izango dela hala. Badaki, halaber, ezer ez dela egia, eta egia bakarra horixe dela.

Juan Kruzek Adunan idatzitako aforismoek, edo Hipokratesek Kosen idatzitakoek berdin, denek sortzen didate zalantzaren durundua barruan, denek ematen didate zer pentsatua. Aforistikoak ez dira nire obra gogokoenak, baina Igerabiderenak denak irakurri ditudala esango nuke: guztietatik atera dut ikaspenen bat, gozamenen bat. Nire musukoarekin sartu nintzen Pozaseko Elkar dendan Jon Savageren Joy Division-en inguruko liburua erostera eta Noiz arte arrazoi (Alberdania, 2020) honekin atera nintzen. Atera hortik kontuak.

Post-punketik bai baitauka Igerabidek: “Loreak Jainkoagandik badatoz, haiek elikatzeko simaurra ere bai. Uneren batean, Jainkoari kiratsa dario”.

Liburu hau da hartu, hausnartu, eta uztekoa. Eta berriro hartu, hausnartu eta uztekoa. Aforismoei eurei buruz ikasten da hemen, aforismoen bidez: “Indian, aforismoak meditazioa ikasi zuen”, eta “Txinan diseinatu zuten jadezko aforismoa”, edo “Erromak aforismo epigramatikoa zorroztu zuen”. Arin. Ziztuan. Gai lodiak di-da ebazten dira hemen. Generorik laburrena ederki dominatzen baitu Igerabidek. Twitterreko txiorik fragmentatuenak baino laburragoak askotan, bere sententziak gezurra bezain eraginkorrak dira, baina egia bilatzen dute: “Historia aitzina doa, geldiezin; eta atzetik datorkio, ziztu bizian, ahanzturaren orban unibertsala”. Egia bakarra ez den egia horren bila ironia, lirismoa eta paradoxa darabiltza idazleak. Poesia eta aforismoa elkar ukitzen daude beraz liburu honetan.

Batzuetan ematen du Juan Kruz Igerabideren piezak ezin direla gehiago laburtu, eman dien horixe dela euren eite minimoa. Halakoetan jotzen du goia arte klase honek; kenduz-kenduz ondutako aberastasun bat delako. Gainera maxima edo sententzia baino harago doa, ez duelako ezer frogatu nahi, ez delako ezeren ispilu, soilik duda egiten duenaren duda, existitzen denaren solasa: “Bakoitzari izar bat dagokio, eta zulo beltz bat”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak