kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gilles de Rais / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2020

Zinemak bezala Joannes Jauregi / Berria, 2020-06-14

Lertxundiren azken lanak eleberri hitza darama azalean, Gilles de Rais izenburuaren azpian, eta ez da konbentzio editorial soila. Aitzitik, marka bereizgarria ere bada, ez nahasteko 1995eko Piztiaren izena bikain hartan argitaratu zuen Gilles de Rais ipuinarekin. Orduko berrogei bat orri luzeko ipuina oraingo ehun bat orri motzeko eleberrira luzatu zaigu, eta nobelaren hezurdura bilakatu. Egokitzapen literario petotzat jo daiteke, literatura zinemara egokitzen den antzera baitago ipuina nobelaren formara egokituta. Ariketa horretan, ehun orriko nobelaxka itxuraz xume xamar batek gogoeta sakonago baterako estrata irekitzen digu, ipuinaren eta nobelaren moldeen arteko muga beti lausoaz hausnartzeko.

Izan ere, ipuinaren elementu gehienek bere hartan iraun dute eleberrian; istorio bera dugu, eta berberak, gutxi-asko, pertsonaiak. Vincent antzerkilari frantsesa da protagonista, zeinak karlisten artean bukatuko baitu, diru-truke, tropak adoretzeko antzezlan bat prestatzen. Bide horretan boterekeria eta manipulazioa ezagutuko ditu, eta arte-sorkuntzaren inguruko gai eta ertz ugari aireratuko: irrits artistikoaren merkantilizazioa, artearen eta errealitatearen arteko ispilu-jokoak… Nola edo hala, ezaugarri guztiok bagenituen 1995eko ipuin hartan ere.

Zertan da, bada, bi bertsioen arteko aldea? Nago galdera eutsiezin horretan datzala Lertxundiren proposamen literarioaren muina. Gilles de Rais nobela txukuna da, maisulan totala izan gabe ere taxuz garatua, dotore idatzia eta egoki biribildua. Baina bestelakoa du, nik uste, sakoneko literatura-balioa, ezen iruditzen zait Gilles de Rais-en bi bertsioak alderatzeak aukera ederra ematen digula ikusteko zer-nolako jauzia eman duen Lertxundi bezalako narratzaile fin batek ipuin bat nobela bihurtzeko. Nola eleberri baten zinema-egokitzapena aztertuta hobeto ulertzen baitira hala zinema nola literatura, bada, halaxe, egokitzapen honi erreparatzeak ere bi ertzok (ipuina, nobela) hobeto ulertzeko aukera ematen du.

Eskuarki, esan daiteke ipuinari arnasa luzatu zaiola nobelan: eszena eta elkarrizketa batzuk, zeinak Lertxundiren dohainetako bat baitira, luzatuta datozkigu hemen, zenbait bigarren mailako pertsonaia sakontze aldera. Protagonistak berak ere leku gehiago du barne gogoetarako, nahiz eta, konparatzen hasita, badirudien betelanik ere badela hor. Bestalde, karlistak adoretzeko antzezlanari dagozkionak gehiago garatzen dira, eta, antzezlan hori bukaera aldera pisua hartuz doanez, azken orrialdeetan nabarmen bestelakotzen dira ipuina eta nobela, harik eta bukatu ere nahiko desberdin bukatzen diren arte. Preseski, esango nuke horretan datzala diferentzia nagusietako bat: akaburako, ipuinak gehiago lotu ditu kontakizunean zehar ereindako irudi poetikoak, eta trama bera irekiago uzten du; nobelak, berriz, askeago jokatzen du iruditeria poetikoa bilbatzeari dagokionez, baina, kontrara, esango nuke ipuinak baino estuxeago lotzen duela trama bera.

Askoz xeheago ere azter liteke generoen arteko egokitzapena, baina horrek ez du esan nahi eleberri honek ezinbestekoa duenik hori. Gilles de Rais nobelak, barrenean daraman ipuinaren bertutez, hein batean, polito eusten dio berak bakarrik ere; izan ere, Jorge Gimenez editoreak hitzaurrean dioen bezala, “bere kasa ibili nahi du euskal letren eremuetan barrena”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak