kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Amua / Aritz Gorrotxategi / Elkar, 2019

Amua Aitor Francos / Bilbao, 2020-05

Argitaratu zuen lehenengo poesia bildumatik honaino inspirazio klasikoko poemengatik duen zaletasuna baieztatzen joan da Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975), liburuz liburu. Amua-n (Elkar, 2019), laugarrena bere bibliografian, itsasoarena da, atmosfera nagusia, funtsezko eszenatokia; oroipenen laguntzaz Gorrotxategi haratago heltzen da, mitoetara, antzinako Greziako agertokietara, tradizio klasikora, aipamen ugariren bitartez, zuzenak gehienetan: Odisea, Minotauroren labirintoa… batik bat liburuaren lehenengo atalean. Hurrengoetan ere erreferentziak hor daude, baina eguneratuagoak, Alerta laranja poeman legez: “Kursaala bloke hotz-zuri bat da,/ kristalezko begi karratu bat/(…)/ Petrolio ontzi bat urrutian/ goizeko lanbroari bultzaka,/ arrainak kanpalekua jasotzen,/ iparretik irrintzika haizea”. Liburua aurreratu ahala, itsasoa gero eta basatiagoa bilakatzen da, indartsuagoa ere, erabat bihozgabea izatera arte (“Itsasoak badaki zein bide jarraitu,/ maparik gabe jotzen du harkaitza,/ asmo txarrik gabe, gezurrik gabe./ (…) Alferrik da/ Kartesiar metodoa erabiltzea,/ edo Freudena bestela,/ itsasoak bere legeak ditu./ Gu geratzen gara legez kanpo/ itsasoaren aldean, indargabe/ haren jurisdikzioan”). Idazleak ardatz moduan erabiltzen dituen mitoak ondo bereiziko ditu irakurleak, nahiz eta askotan konnotazio berriak hartuta aurkeztu. Aski ezagunak egiten zaizkigu, Hariaz beste (2011) edo Zaldi hustuak (2007) liburuetan ere zeuden batzuk, Gorrotxategik eremu kultural, filosofiko eta soziologiko erabilgarriak eta hurbilerrazak dakarzkigulako beti. Nekatzen ez duen poesia da Gorrotxategirena, estiloz gardena, erraz iristen dira hitzak, kimatuak, apaingarririk gabe, irakurlearen kontzientziara, bertan argitasuna ukitu arte, lasaitasunez baina ozenki. Horrek ez du esan nahi, aldiz, Gorrotxategiri ez zaionik gustatzen metafora zail baten gozoa, edo barrurako bide-introspekzio lana. Izan ere, liburuan zehar poesiari buruzko jarrera, poesia berarentzat zer den eta nolakoa izan behar duen ere agerian jartzen du zenbait testutan, hasierakoan, besteak beste: “Poema ez da buruketa bat,/ ez eta ebatzi beharreko/ ekuazio bat (…)/ Misterio bila ari bazara,/ alferrik ari zara, poemak/ zure baitako kutxa beltzeko/ ateak baino ezin ditu urratu”. Itsasoarekin bueltan, amua irudi metaforiko bezala hautatu du Gorrotxategik, testuak batzeko: hari horretatik helduta, zenbait ideia etorriko zaizkio burura irakurleari: behin eta berriz birsortzen den eta zoriaren menpe dagoen bizitzarena, sakrifizioen zentzu sinbolikoa, edo heriotzak berak heriotza izateagatik dakarren sufrimenduan dagoen alde epikoa eta besterenezina (“Heriotza motela izaten da sarritan,/ baina ez horratik baldarra./ Kanpalekua jartzen du/ gaixoaren gorputzean…”). Irakurtzen dugun poesia sentsibilitatea azaleratzeko lagungarri ez bada, oinazea irensgarriagoa egiteko balio ez bazaigu, paisaiak eta oroimena berreskuratzeko ez bada, ez dakit zertarako erabilgarria egingo zaigun edo zer nolako babeslekua eskainiko digun. Eskerrak Gorrotxategirena horren bidean dagoela.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak