kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Airea ez da debalde / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2019

Hausnarketa-puskak Javier Rojo / El Diario Vasco, 2020-04-26

Joseba Sarrionandiaren literatur produkzio oparoan leku berezia betetzen dute testu laburrez osatutako saiakeraren itxurako idazlanek. “Ni ez naiz hemengoa”, adibidez, eredu hautatua izan liteke. Oraingo hau ere, “Airea ez da debalde”, ildo horretan kokatu daiteke. Testuak ordenatzeko irizpide moduan egunkariaren formatua aukeratu da, eta honelako liburuetan gertatu ohi den bezala adabakiz eraikitako pentsamenduaren aurrean gaude, saiakerari suposatzen zaion argumentazio sakonagoaren ordez liburuan agertzen diren testuek zatika eta inpresioz adierazten baitute pentsamendua. Askotan narrazioaren forma ere hartzen dute, adierazi nahi dena istorio baten bidez jakinarazten da-eta. Askotariko osagaiak agertzen zaizkigu hemen: hausnarketak, liburuei buruzko erreferentziak, Kubako bizitzari buruzko aipamenak… Testuan argumentazio luzerik azaltzen ez bada ere, honek ez du esan nahi hausnarketarik ez dagoenik, hori bai, bide zidorrak isilpean edota irakurlearen esku utzita. Izan ere, idazlea uraren gainean harriak botaka arituko balitz bezala dabil hemen, eta harriak ura jotzean sortzen dituen uhinak irakurlearengana heltzen direnean honek inpresio desberdinak jasotzen ditu eta haiekiko dialektikan hasi. Edonola ere, nabariak dira Sarrionandiaren literaturaren interesgune markatuak. Adibidez, marjinalitatearen zentzua. Nolabait esateko indigenismo disidente batetik idazten duela ematen du, mendebaldeko etnozentrismoari itzuri dabilelarik. Baina marjinalitate honetan ez da kontraesanik falta, gure artean urte askoan idazleren bat sistemaren erdigunean kokatuta egon bada, Sarrionandia izan baita. Bigarren interesgunea hizkuntza bera da. Ikusgarria da nola erabiltzen dituen hitzak, nola biziberritzen dituen baztertuta diruditen esamoldeak, harik-eta hizkuntzak erliebea hartzen duen arte, ezagutu beharreko altxorra, malgua eta tolesduraz betea, dela erakutsiz.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak