kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bazterreko ahotsak / Miren Tirapu Goikoetxea / Susa / EHAZE, 2019

Ibilaldi baten lehen kanpaina Aiora Sampedro / Berria, 2020-04-19

Susa editoriala eta Ehaze elkarrekin argitaratzen hasi diren Ganbila sailean hainbat izenburu etorri ziren joan den urtearen amaiera aldera. Azaroan eman zen argitara Miren Tirapu eta hura buru duen Beheko Larraine antzerki konpainiaren bi testu biltzen dituen idazlana: Bazterreko ahotsak. Liburuak hainbat atal ditu bere barruan; aipatutako bi antzerki testuez gain, sarrera gisa Ehazek eta Iasone Paradak ondutako bi testu ageri dira lehen orrialdeetan. Bestalde, liburuaren amaieran, bi biografia ohar txertatu ditu editorialak: batetik, konpainiaren zuzendariaren ibilbidea azaltzen duena; eta, bestetik, konpainiaren historia kontatzen duena.

Lanaren muina Tirapuk, 2016an konpainia sortzeaz geroztik, taularatutako bi testuek osatzen badute ere, bi-bietako egiletza taldekoa dela aipagarria da, preseski, zuzendari honen antzerkigintza hobeto ulertzeko; izan ere, Beheko Larraine konpainiak proposatzen duen antzerkigintza era oso plastikoan transmititzen da testu hauetan, eta taldearen presentzia nabarmentzen da.

Iasone Paradak hitzaurre modura osatutako testuak Ausardia hitza du lerroburu gisa, eta adibide modura jartzen du Tirapuk idazten duen lekutik idazteko behar duen adorea: zeren eta Paradak sarreran adierazi gisa, ez da samurra emakume eta nafar izanik euskaraz idaztea, are gehiago idazten dena antzerki-pieza bada. Eta, baiki, periferiaren periferiatik iristen zaigu testu hau irakurleoi eskuetara, euskaraz idatziz argitaratzen den antzerkigintzaren intzidentzia ia hutsala dela (preseski horri erantzunez sortu baita Oier Guillanek zuzentzen duen Susako sail hau), ulertuko dugu marjinaren marjinatik idatzitako literatura irakurtzeko aukera dugula. Antzerkiaren balioa bazterretik irakurtzen bada, testuak berak ere erakusten du egoera horren gaineko kontzientzia.

Batez ere, kontuan hartuta, bilduma honetako lehen eta bigarren testua oso estu lotuta ageri direla: Atte hil aurretik eta Manifestu bat aurkituko ditu irakurleak liburuxkako orrialdeetan. Beraz, bigarren testuak nolabaiteko marko kontzeptualez osatzen du lehen antzerki pieza.

Eskatologiatik eta esperpentotik gertu dabilen estiloa du iruindarrak, disparateari oso lotua eta gizakiaren azpildurak erakusten dituena: heriotza eta munstroak dira motibo nagusia; beste munduaren eta honen arteko sineskeriak eta belaunaldiz belaunaldi jasotako herentzia, inauterien bueltan ageri direnak. Bigarren testuan, hain justu, lehen testuko pertsonaiarik histrionikoena bihurtuko da manifestuko protagonista: hildako berpiztua makabrora gerturatuz horrela.

Bazterrera gerturatzeko aukera egokia da birusaren konfinamenduak eragindako une hau: online plataformetan ikusgarri dira halako piezak, baina molde interesgarria da irakurketa ere, baitezpada.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak