kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Etxera bidean / Xamar / Pamiela, 2018

Izatera bidean Mikel Asurmendi / argia.eus, 2020-03-27

Urrundik heldu naiz dio Orioko bardoak, Ez Dok Amairu oroit. Berant ote nabil nihaur? Etxera bidean jarri nintzen aspaldi, 45 urte luze engoitik orain. Eta nor ez? Ba al dago egun, euskaldun osoa den nehor, etxera bidea egin ez duenik?

Xamar idazlearen liburua duzu Etxera bidean (2019), saio aparta. Euskadi Literatura Euskarazko Saiakera Saria. Euskarazko azpimarratu nahi dut, usaian behar ez duen azpimarra duzu: Kasuon, ordea, bai. Euskarak berezko munta baitauka Etxera bidean-en. Aezkera. Uskara!

“Etxera itzuli diren guztiei, bereziki Garraldako bidelagunei”, dio Xamar-ren eskaintzak. Bereziki, seguru. Hain berezia ere, hondamendiaren ondorio zuzenak baizik ez zirenek itzultzeko bidea erakutsi baitzieten ardura orduko gazteei.

Haatik, idazlearen jendemendeko garraldarrek ez zuten lur-goldatze aise:

— Pero… ¿por qué hablas así, mi chico?

(…)

— Baia amatxi… herrian guziek erran dadate zuk badakizula arront ongi Uskaras xardukitzen… bai? Konprenitzen duzu? Eleka zakezu Uskaras?

— No! No entiendo, ya te he dicho que no sé!…

Amatxi Bitorianaren eleak dituzu, 1980ko abuztu beroan, Garraldan freskoa ordurako.

— A dónde vamos, mi chico? Tenemos que volver a casa, tengo mucho que hace…

Frantziako zinema zuzendari François Truffauten Fahrenheit 451 ari omen ziren bizitzen orduko gazteak, Ray Bradburyren eleberrian oinarritutako pelikula.

Bidez bide, Xamarrena etxaldetik fite dago Zerrajeroina etxaldea. Huraxe bihurtu zuten unibertsitatea gazteek: “Harrigarriki librea, gure xuntagunea zen, oraiko gaztetxeen modukoa”.

Garraldako etxeak dira, Juanpritzena, Danbolinena, Apatena, Zerrajeroina, Minondoina, Urtikoina, Landakoina, Domentxoina, Kapitanena, Zubialdekoa, Txirreina, Jakesena, Jakuena, Ernautena… eta Xamarrena… Bertzeak bertze.

Hori doinu-izen zerrenda ederra, hala haien etxetiarren mintzoak nola aireak. Gure ahaideak!

— Pero… ¿para que aprendeis el vasco? ¿A dónde vais con eso? Si no vale para nada…

— Vale para nosotros!, arrapostua. Engoitik, vasco-ak zirela ohartu ziren.

Euskal Herria ez omen da herri okupatua izan…

— ¿Pero… es que no sabeis que está prohibido hablar en vasco?

Euskara galdua ere, gurdiko behiei aida! ezin agindu. Eta erdaraz nola erran jakin ere ez.

“Garbi zen, hizkuntza ez zen gramatika bat soilik, kultura bat baizik”.

— So eixu, gor duzu Xamarrena… orei fein xira afeitra eta loitra, bai? Nehi duxu? (Xamar iloba).

— Bai! Gori! Gori einen dugu! Afeitra eta loitra fein gira… Bagaza etxera!

(Amatxi Bitorianaren arrapostua).

“Bardburyren istorioa zientzia-fikzioa omen zen. Harena, gurea ez”, diosku Xamar-rek.

Horraino Etxera bidean barna, berau interpretatzeko bidexka batzuk.

Etxe aitzineko katedran jarririk nago, gogoeta, hainbat ideia buruan: gure historia, lurraldetasuna, euskalduntasuna… Definitzen al dugu euskalduna izatea zer den?

Ez da egiteko samurra. Non hasten da euskalduntasuna, non amaitzen? Erranairuen arrastoak hain dira sakonak… Garraldarren adibide bat: “Auri ona, hil ona”.

“Irunean ginen ospitalean, eta erran zuen, “hil behar naiz, eta beitu ze eguraldi ona”, eta gizona kezkatuta zegoela. Eta gero erran zuen, “eta hil egin zen eta euria egin zuen izugarri”. Errateko pozik zela euria egin zuelako. Zen gizon bat, euskara galdua zuena, baina bazuen lehengo sinismen mundua, oraindik berea zen”. (Xamar).

Luze eta pika eta fini:

Baga: Zer da euskalduna?

Ene arrapostua: nahi izatea.

Biga: Amatxi Bitoriana euskara ukanagatik, euskalduna ote zen?

Higa: euskaldun berria eta euskaldun zaharra dikotomiaren eztabaian, absoluturik gabe, Aezkoako euskaldun zaharra berritu gabe, bizirik izanik ere, egungo munduan ez litzateke euskaldunik.

Laga: euskalduna afera politikoa da.

Etxera bidean, euskal basoa sarriegia begitandu zait gazte-gaztetatik: “Urrundik heldu naiz, eta zilegi bekit adiskide, pentsatzea, esatea, baso horrek —euskararik gabe— ez duela goroldio baizik sortuko harrizko buruetan…”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak