kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zendabalitz / Erika Elizari / Elkar, 2020

Boeing 737: abentura bidaiarien barnean doa Aiora Sampedro / Berria, 2020-03-22

Haur eta gazte literaturako irakurleei ezaguna izango zaien Erika Elizari Salvadorrek idatzitako helduentzako lehen fikziozko lana dugu Zendabalitz; Igartza Sariaren harira Elkarrek argitaratu duen narrazioa. Hegazkin batean Paristik Bilbora bidean doazen zortzi bidaiariren barne-bakarrizketak nahiz haien arteko elkarrizketak kontatzen ditu bertan. Kontakizuna nobela gisa defini genezake, hari bakarrari jarraitzen dion narrazio luze batek osatzen duelako; hala ere, pertsonaia bakoitzaren istorioak era independentean ere uler daitezke, bata besterekin tartekatuta agertzen direlako, baina era fragmentario horretan bakoitzaren kontakizuna osotasunera iristen delako.

Hegazkinetan kokatutako film eta liburu garaikideak ezagunak egiten zaizkigu denoi; guztiok zerrendatu genitzake lau edo bost izenburu aireko garraiobidearen bueltan. Adibide baterako, euskal irakurleek gogoan izango dituzte, osoki edo partzialki, bertan gertatzen diren Bilbao-New York-Bilbao nahiz Piano gainean gosaltzen lanak; hala ere, horietatik baino gehiago, Almodovarren Los amantes pasajeros filmetik gertuago dago Elizariren lana. Izan ere, komedia gisa definitu daiteke liburua. Lantzen diren gaien arintasunari prosa freskoa gehitu behar zaiolako, irakurketa erraztu eta bizkortzen duena, erritmoa bizituz, eta kaosari eta disparateari bidaia literaturako barne-bidaiaren metaforari baino gehiago heltzen diolako lanak. Ez zentzu hertsian, baina aireportuetako literaturari jarraikiz, badu aipaturiko generoaren bereizgarri den denbora-pasarako joera lan honek: ludikotasuna baita ezaugarririk behinena. Bere helburua betetzen du gainera: denbora-pasarako dibertitzen du irakurlea, ez baitu hausnarketa nahiz arreta berezirik eskatzen irakurketak.

Hala ere, hortik datorkio, agian, aurkitu diodan arazo nagusia liburuari. Narrazioaren arintasun horren bila, ipuinen garapena nahiko era latzean gertatzen da: ipuinetako batzuen eta besteen arteko lotura egiten denean, ez da ulertzen oso ongi nola pasatzen den, erritmo zorabiagarria lortzeko elipsi gehiegi begitantzen delako eta aski katramilatutako istorioak nahiko era bortitzean ebazten direlako.

Azken bi alderdi horien ondorioz, agian antzeman egiten zaio noranzkoa tramari: aurreikus daiteke tentsioa igotzen joanez gero, komediak tragediaren antzera amaitu beharko duela, eta elkarren artean harremanik ez duten pertsonaiek azkenean katramilatuta amaitu beharko dutela euren artean, kontaketak irteera bat izan dezan, bestela lauegia gerta daitekeelako. Tamalez, bidaiaren gorespena egiten duen kontakizunari helmugara heltzeko gogo handiegia antzematen zaio.

Pertsonaietako batek dioen moduan, literaturaren “errealismoarekin” disfrutatu dut, eta narratzaileak egoera zentzugabeari ironiaz ateratzen dion zukuarekin irribarre bat baino gehiago egin dut.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak