kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Minareteak Urdaibain / Jose Mari Pastor / Booktegi, 2018

Euskal Herritik munduari begira Aiora Sampedro / Berria, 2020-02-23

Lagun batekin fetitxismoaz aritu naiz asteon; usu lizunkeriarekin lotzen dugun ezkutuko sexu-joera gisa aitortzen genuen. Berak aipatzen zidan letra-zaurituok, agian, liburuak izaten ditugula grina primario horren suzedaneo; begiratu bestela nola zaintzen dugun papereko edizioen garbitasuna, maitale ohiaren oroigarriak gordetzen ditugun bezala. Bada, fetitxistentzat iraganeko piezak inportanteak badira, Jose Mari Pastorren lana pieza baliagarria izan daiteke.

Berriako ohiko irakurleak ez du hemen bilbotarraren zutabe berririk bilatuko, esan bezala, egunkariko txokoan jadanik argitaratuak izan baitira; balio berezia, beraz, zutabeen ohiko irakurleak ez direnentzat, nahiz ohiko kontsumitzaile izanik fetitxista bihotza dutenentzat, sarean zenbat iraungo duten ez dakigun lanak bildu nahi dituztenentzat.

Minareteak Urdaibain lana ondu du Jose Mari Pastorrek Booktegi etxearen eskutik, eta webgunean zintzilikaturik aurki daiteke. Edizio-lan berezi hau lana bera sortzearen zergatia azaltzeko epilogo batez eta Harkaitz Canoren eskutik ekarritako prologo batez lagundurik datorkigu. Hitzaurrean, idazle donostiarrak lan guztian aurkitu daitezkeen ezaugarriak laburtu eta indarguneak nabarmentzen ditu. Pastorrek berak, eskutitz modura osatutako aitzinsolasean, euskarara nazioarteko politika ekartzea justifikatzen du, lanari formatu biribila emanez.

Izan ere, Minareteak Urdaibain liburuak zutabegile bilbotarraren kazetaritza lanak dakartza. Joandako hamarkada honetan, egilearen beraren hitzetan, “euskarazko egunkari bakarrean” kazetariak argitaratutako iritzi testuak atonduak eta “ia batere moldatu gabeak” agertzen dira banan-banan zerrendatuak; berrogeita hamar, orotara.

Lanaren azalean Berriako testuak ordezka ditzakeen irudi bat aurkitu dezake irakurleak: petrodolarrari erreferentzia egiten dioten billeteen eta petrolio findegien arteko mosaiko bat. Eta irakurleak testuetan aurkitu ditzakeen motiboak ordezkatzen dituela diogu, zutabegilearen idazkunek, tarteka kronikaren eta tarteka saiakeraren arteko bidean, nazioarteko politikaren berri ematen dutelako, betiere egilearen ikuspuntu kritikoa nabarmenduz. Hala, bada, usu, Euskal Herriko gertakarien eta nazioarteko politikan gertatutako antzeko jazoeren konparazioa egiten da; eta, askotan, gremioarekiko ardura antzematen zaio, beste herrialdeetako kazetaritzari errepasoa ematen baitio, halako gaiak lantzerakoan ogibidearen jardunaz duen ezagutza azalaraziz. Horri lotuta, uler daiteke testu bildumaren izenburua, liburuko bigarren zutabearen izenburuarekin bat baitator.

Egileak testu hauek sortzeko darabilen estiloa aldizka ironikoa, aldizka sarkastikoa dela esan daiteke, aipatutako konparaketak eta paradoxak bezalako baliabide estilistikoen bidez Euskal Herriaren eta gainerako herrialdeetako politikaren miseriak agerrarazten dizkigula. Hor du indargune nagusia Pastorren lanak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak