kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Andrezaharraren manifestua / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2019

Subjektu poetikoen elkargunea Iratxe Esparza / Gara, 2020-02-22

Behin baino gehiagotan esku artean izateko testua da “Andrezaharraren manifestua”, irakurketa bakoitzean harrapatu gabeko ñabardurak azaltzen direlako. Liburuan zehar esperientziaren kontzeptuak garrantzi berezia dauka eta ezinbestekoa da subjektu poetikoaren eraikuntzan. Horren harira, hiru agertzen direla esango nuke, hain justu liburuaren atal ezberdinekin bat egiten dutenak; subjektu poetikoak zahartzaroaren begirada anitzak eskaintzeaz arduratzen dira ikuspuntu heterogeneoetatik.

Lehenengoa “galdera-ikurra” zatian topatzen dugu. Haurtzaroan eta gaztaroan inguratzen duten emakumeak aurkezten dizkigu, haiek iradokitzen dizkiotenak kuriositatez eta miresmenez transmitituz. Hezur-haragizko emakumeak dira, izen propioekin, berdin-berdin izen gabekoak izan litezkeen arren, garaian ezarritako mugetatik ihes egiten dute, zahartzeko modu diferenteak eta ez-arautuak islatzen dituzten emakumeak dira. Bigarren subjektu poetikoa “gorputzaren iragaitza” atala zeharkatzen dator eta, aurrekoak ez bezala, bere gorputzean instalatutako zahartzaroaz hausnartzen du, argi eta lasai, denborak ekarritakoak soseguz hartzeak gogoetarako bideak ireki eta arrastoak ikusarazten dituela jakitun. “Andrezaharraren manifestua” azken atalean, poemek ohiko itxura galtzen dute eta asmatutako prosa poetikoan subjektu poetiko-politiko berri bat aritzen da gidari, andrezaharra, alegia. Asko batean, emakumeen eta sentimenduen metaketak ahots propioa duen andrezaharra osatzen du genealogiaren aldarri eginez, iragana eta oraina lotuz, estrategiak bilatu nahian etorkizunari aurpegi emateko. Edozelan ere, hirugarren honek beste biak hartzen ditu eta jasandako garapenean nitasunetik gutasunera harro pasatzen da.

Hiru figura horiek kontuan hartuta, tonuaren aldaketak esanguratsuak dira, batez ere, hasieratik bukaeraraino subjektuen politikotasunaren maila progresiboki igotzen baitoa eta haurtzaroko begiradatik urruntzen gara pixkanaka-pixkanaka. Bilakaera horiei esker, irakurketa oso erakargarria egin zait, poemak tonu neutrotik aldentzen direlako eta, intentsitatea handiagotzen den neurrian, azken atalean andrezaharrak eskaintzen duen efektu kolperako prestatzen gaituzte. Izan ere, egitura eta edukia testuaren berezitasunaren parte dira eta izaera hibridoa ezaugarrietako bat. Manifestu poetizatua dela esan daiteke, aldarrikapen apurtzailea, emakumeen arteko harien ehulea, zahartzaroaren indarraren eta, zergatik ez, hauskortasunaren erakuslea. Berdin da zer definizio eman nahi diogun lanari, azpimarratuko nituzke nola deskribatzen den zahartzaroa edo sentsazioei jartzen zaizkien hitzak eta ikustea zelan kanpoko elementuak ere eremu poetikoan sartzen diren. Oso gertutik irakurri dut, horregatik, akaso, gorputza astindu dit, berpizten nabaritu dut, ikasten eta mugitzen, erabilitako lengoaiaz gozatzen.

Subjektu poetikoek zahartzaroan aurrera begiratzea proposatzen badute ere, testuan gorputzaren memoriari buruzko hausnarketa areagotzen da eta min bakoitzari, azalari eta orbanei denbora eta espazio ugari darizkie, hau da, poemek esperientziatik xurgatzeaz gain, irakurleoi esperimentatzeko aukera zabaltzen digute. Zentzumenak adi, aipa daiteke nola azken olerkian neure buruari galtzen utzi diodan bertso-lerroen artean, orduan, konturatu naiz zerrendatzen diren egoera eta fase guztiak irakurketaren prozesuan pairatzen ditugula; konposizioak poesiaren funtzioa azaltzen du eta harekin liburua borobiltzen da. Laburbilduz, obra polifoniko honetan askotariko oihartzunak daude eta gutasunaren jagoleak, andrezaharrak, bere helburua lortzen du.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak