kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Miren eta erromantizismoa / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2019

Maitasunaz baino gehiago Xabier Etxaniz Erle / Argia, 2020-02-16

“Lehendabizi, Klara hasi zen Saidekin ateratzen”. Hitz horiekin ekiten dio Ramon Saizarbitoriak gazte eta helduentzat idatzi duen azken liburuari. Hasieratik ikusten dugu maitasunaren edo maite minaren inguruko nobela izango dela; horretaz eta harreman hauen inguruan sortzen diren eztabaidez, tentsio uneez, goxotasunezko momentuez… ere bai. Klara ibiliko da Saidekin, kurtsoa aurreratuta dagoela agertu den gazte “ezin ederragoa”, baina Saidek Mirenen bihotza ere xamurtu du: “Miren bai erakarri zuela Saidek lehendabiziko egunetik. Berehala ikusi zuen oso argia eta erabat atsegina zela, ongi hezia eta izugarri guapoa izateaz gainera”. Miren Klararen laguna da eta hasieran honi lagunduko dio Saidekin duen harreman erdi faltsuan, harik eta adiskidetasuna apurtu maitasunari bide emateko.

Nobelan gizakion harremanak ageri dira, gazteen arteko maitasuna, lehen uneak, amodioa egiteko asmoa… Harreman horrek gainerakoekiko erlazioetan sortarazten dituen gorabeherak, eta abar. Baina horrez gain, nobela honetan beste hainbat kontu ere azaltzen dira —bizitza ez dela zuri-beltzekoa, jakina—: Said marokoarra da —musulmanekiko mesfidantza, terrorismoarekiko lotura…— eta pobrea —ezingo du medikuntza ikasi familiari lagundu beharko diolako—; Mirenek immigranteekin kolaboratuko du Gobernuz Kanpoko Erakunde batean… eta egoera, gertakari, ekintza hauek guztiek hainbat gogoeta sortarazten dituzte Mirenengan: “Askotan gogora etortzen zitzaion kontua zen, immigranteekin lana egiten zuenetik. Zenbat gauza onera zegoen ohituta, eta ez zekien estimatzen: dutxa, berokuntza, berarentzat bakarrik gela bat edukitzea, ikasi ahal izatea”.

Saizarbitoriak gaur egungo gazte bati gerta dakiokeen maitasun istorioa kontatzen digu, dituen gorabeherak, zorion eta negar uneak, bakardade eta lagun sentimenduak azalduz, baina gaur egungo gizarteaz gogoeta egiteko hainbat elementu, gertakari, jokabide, ere badauzkagu Miren eta erromantizismoa nobela eder honetan. Lastima editore lanetan falta izan den orrazketa testuan ageri diren hainbat akats ezabatzeko —“ahulki gainean”; “ari entzunda”; “amek ez ziren”…); baina detaile txiki hauek ez dute eragozten irakurketa eta liburuan, eta bertan ageri diren istorioetan, murgiltzea eta gozatzea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak