kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Amua / Aritz Gorrotxategi / Elkar, 2019

Oinazea bezatzeko poemak Felipe Juaristi / El Correo, 2020-02-01

Albert Camusek idatzi zuen filosofiaren gai nagusia suizidioarena dela. Aurten, hirurogei urte betetzen direnean, bera, istripu ezusteko eta baldar batean hil zela, ez legoke gaizki begiak, barne-arazoetara bildu beharrean, jasoko bagenitu Camusengana, ez gizona gogoratzeko, obraz, batez ere “Sisiforen Mitoa”z, ez ahazteko baizik. Bera gabe, ez ginateke garena izango, bestelakoak baizik, are kamutsagoak, are moldaerrazagoak, are otzanagoak. Dena dela, harengana dugun errespetu eta jaierak ez liguke eragotzi behar, ez gaur ez bihar, gure kasa pentsatzen hastea. Maisu batek, ona bada, pentsatzen erakutsiko du, eta ez esandakoa hitzez hitz gogoratu eta errepikatzen. Denetarako hitzak ditugu, baina askotan ez dakigu zertarako balio duten, ez baitakigu zer esan, zer senti, zer konpreni.

Mina, edo oinazea, munduak ekarri digun gai nagusia dugu. Gainera, iruditzen zait filosofoek bestelako gaiak maiteagoak badituzte ere, hala poza nola zoriona, gizakiak kontsolamendu beharra duelako dela, itogarri zaion bakardadearen hariak askatu nahian dabilelako. Oinazeaz ez dira mintzatzen; arbuiatzen dute, non ez baitzaie jasangarri egiten. Minik gabe ez dago bizitzarik, baina oinazeak ere, bere mingostasun horretan, ez digu bizitzaz gozatzeko aukerarik ematen. Tolstoik galdetzen du Ivan Illichi buruz ari delarik: “Oinazea ote egia bakarra?”. Oinazeak gorputza ez dela gurea oroitarazten digu, berea baizik. “Nirea haiz, nirea!”, oihu egiten digu. Eta kiribiltzen gara gure baitan.

Gogoeta hauek etorri zaizkit burura Aritz Gorrotxategiren “Amua” irakurtzen: poesia liburu bat gogoeta egiteko bultzagarri ez bada, haurtzaroko paisaia berreskuratzeko lagungarri ez bada, gure bizitzako une bat zurituz irensgarriago bihurtzeko ez bada, ez dakit zertarako baliagarri zaigun. Maite dut, maite, sakontasunera jotzen duen poesia, sakonera horretan perlak eta harribitxiak gordetzen dituen poesia, amurik iristen ez den lurralde edo itsasalde hori, harkaitz puskek, indarra galdurik, txori kosmikoen antzera igeri egiten duten babesleku hori bereziki.

Valeryk idatzi zuen: “Sakontasuna azalean dago”. Esan nahi zuen, nik uste, sakona dena adierazteko ez dela behar hitz jasorik, hitz hantustekorik, hitz aitapontekodunik, ezta silogismo konplikaturik ere. “Hain zen dena arina…/ Heriotzarik ez balego bezala”, irakur daiteke liburuan, eta denok dakigu zer esan nahi duen, burua gehiegi nekatu gabe. Nekatzen ez diren hitzak dira zorrotzenak; errazen iristen dira kontzientziaren salara, handik begiztatzeko ikuspegi bat, dena itsaso usain, dena ardo kolore, greziar zaharren Mediterraneoa bezalakoa. Bizi ez dugunaren mina bezain garratza zaigu bizitzen utzi ez digunarena. Zergatik gara euskaldun eta ez Homero garaiko greziar? Gorrotxategik argirako joera du, iluntasuna arbuiatuz: esan nahi duena esaten du, gehiegizko hitzik gabe, ederra da itxurakeriarik eta kosmetikarik gabe, eta zuzentasunak gaina hartzen dio korapiloari. Ez dago bi aldiz segidan irakurri beharrik. “Herioa baita ondoen/ ezkutatzen dakiena”. Heriotza hor dago; inguruan dugu zelatan. Jakinekoak gara, ezin uka, ezin disimula, ezin gorde, arrangura geurekin daramagu beti. Baina, bizi behar denez, bazter batera eramaten dugu sentipen hori, gorde ezin bada ere, ezkutuan egon dadin, inork ez ikusteko moduan, inori trabarik ez egiteko gogoan. Noiz edo noiz ordea, kirika egiten digu, etorri dela esanez, eta gonbidatu gabe guregana da. “Herioak ere badaki/ bereizketak egiten,/ ezustean harrapatzea/ bezainbeste”.

Pozak gure mugaz haratago zabaltzera dei egiten badigu, munduarekin dugun harremana estutzeko aholkatzen badigu, oinazea barne mundura sartzeko kondena da, norbera ez denarekiko urruntze eta albora alderako mugimendua. Ez dut, ordea, halakorik ikusi Gorrotxategiren liburu honetan. Distantzia hartzen du errealitatearekin, distantzia Jainkoarekin eta sasijainkotxoekin, milaka aurpegiz mozorroturik ageri diren horiekin. “Jainko bat izan daiteke/ soinu bat, urak/ harkaitza baten kontra/ eragindakoa”. Spinoza datorkit gogora. Oinazearen ifrentzuan poztasuna datza, amaitzen ez den bozkario, bizitzak amaierarik ez duelako. Hil ondoren, beste zerbait da, beste zerbait gara.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak