kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Zeldak / Elena Olave / Balea Zuria, 2019

Bilaketa baten errealitate kapsulak Irati Majuelo / Berria, 2020-01-19

Elena Olaberen lehendabiziko lan honetan, idazle gazte baten autoezagutza prozesua ikus dezakegu: nor den, zerk inguratzen duen, non egon nahi duen, zer egin. Gaztetasunak berezko dituen etengabeko birdefinizioa eta egiatzat emandakoaren zalantzan jartzea nabari baitira poema hauen lerro artean.

Artearen Historian lizentziaduna da Olabe, eta oso lotura estua lortu du arte diziplina desberdinen artean. Egituratik hasita, eta Bourgeoisen jarraitzaile izaki, zeldatan antolatu du liburua. Hiru ataletako bakoitzak zelda bat irudikatzen du, haren bidez ezkutuan dagoen egia edo errealitate bat azaleratu nahian: Existentziaren egitura-k izateari buruzko hausnarketak biltzen ditu; Logela gorria da bigarrena, eta lotuago dago gorputzarekin eta giza harremanekin; eta hirugarrenak, Azken goraldia-k, heriotza eta kontzientzia desagerpena du gaitzat. Beste laugarren atal bat ere badago, Goraldiaren ostean, autoreak ez duena zeldatzat hartzen, eta errealitatea kapsulatzeko joera hori apur bat zabaltzen duena.

Gaiei eta estiloari erreparatuz gero, bilaketa da poema liburu hau ardazten duen elementua: norbere lekuaren bilaketa, identitatearena, idazle gisa egin dezakeen ekarpenarena, baina baita erritmoaren bilaketa, errimarena, sintaxi eta hiztegi jakin batena, erreferentzien bilaketa ere. Hortik abiatuta, esan daiteke Olabek hizkuntza propioa garatu duela, zeldak eraikitzeko zimenduak izan dira aukeratu dituen sintaxia eta lexikoa. Irudi eta sinbologia ezohikoak sortzen ditu ideietatik abiatuta, nahiz eta erreferentzia klasikoak izan oinarri. Izan ere, erabiltzen dituen aipamen ugarien artean leku berezia hartzen dute arteari, filosofiari eta greziar mitologiari egindako erreferentzia zuzenek, sarri intertestualitatera iristeraino. Zenbait poematan testu klasikoen eta Olaberen idatzien arteko elkarrizketa nabarmena da, erreferentzia izanik poema ulertzeko gakoa, bereziki izenburuan dagoenean. Alabaina, gehienek ez dute irakurketa errazik eskaintzen, sentsazioa ematen baitute betiere zerbaitek ihes egiten dizula.

Esan bezala, idazleak oinarri sendo baten bilaketan dihardu etengabe erortzen ikusten duen mundu desegonkor honetan. Bizi dugun garaiaren izaera dekadentea azaleratzen du, gizakiaren degradazioa eta ustelkeria, meritukrazia eta kondizio burgesaren onarpena. Horrelako inguru batean bizitzearen kontraesanak nabari daitezke Olaberen hitzetan, testuinguru arrotz batean norberaren lekua non dagoen ez jakitearen noraeza, errealitatearen behin-behinekotasunak sortzen duen ezinegona. Tarteka, ageri dira atzerria eta itzulera kontzeptuak, eta Natura hila (I, II, III) ederretan, heriotza. Joan-etorrian egon arren, erdigunea gorputzean duen idazle baten zalantzak biltzen ditu liburuak, baina interesgarria da gorputz indibidual hori nola bihurtzen den zenbaitetan gorputz kolektibo, ni-aren eta gu-aren arteko harremanak eta gatazkak bere hausnarketetara ekarriz.

Sarrionandiak hitzaurrean esan bezala, denbora eta patxada eskatzen ditu Olaberen lanak, korapilatsu gerta baitaiteke zenbaitetan. Eta esango nuke hori dela ahots gazte honek (oraingoz) egin digun ohartarazpenik garrantzitsuena: hartu denbora, eta irakurri (bitan, hirutan, lautan!).

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak