kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Itzuliz usu begiak / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2019

Irakurtzeko itzuliak Joannes Jauregi / Berria, 2019-11-17

Lehen begi-kolpean, irudi lezake itzulpengintzari buruzko saiakera bat idor samarra atera litekeela, edo behintzat hertsia eta espezializatua, adituak eta arituak helburu. Baina ezta hurrik eman ere. Lertxundiren Itzuliz usu begiak hau saiakera literarioa da, gurean behintzat apenas goldatu den soro bateko laborea, non egilea, beste ezertaz bainoago, literaturaz eta hizkuntzaz ari zaigun, ohi izan duen bezala, aurreko Eskarmentuaren paperak eta Paper-festa saiakera orobat literarioen ildo-errekan. Oraingo honetan, Lertxundik literatura-itzulpengintzaren talaiatik erreparatzen die bere-bereak dituen gai horiei; alde horretatik, komeni da gogoan hartzea idazleak aspaldikoak dituela itzulpenaren inguruko kezka, interesa eta gogoeta, Demagun ehun urte barru ale berezia lekuko, besteak beste.

Formaz ere aurreko bi saiakera horien zordun da oraingo hau, Lertxundik argi erakusten baitu zein iaioa den arnasa luzea eta hatsaldi laburra uztartzen luma-kolpe berean; testu laburrez osatua da liburua, eta berdin ekartzen dizkigu iritziak, beste egileen aipuak, pasadizo xumeak, metaforak, aitorpenak, itzulpen-konparazio arinak zein sakonak… Lantzean behinka narraziora ere lerratzen zaigu, gehienetan Berbelitz pertsonaia itzultzailearen larrutik, EIZIEren Berbelitzenak bitxitik erreskatatua bera. Badira testu motzak eta luzeagoak, arinak eta sakonak, pipertsuak eta motelxeagoak, zehatzak eta abstraktuak, eta berdin lerratzen dira hizpidera Haruki Murakami, Uxue Alberdi, Irene Aldasoro, Zizeron eta Ahab kapitaina, guztiak berdindurik munduko literatura tradizioaren katebegi gisa.

Panfleto-tonu merkean erori gabe, saiakera hau erreibindikazio-asmo garbiz idatzia dago, eta horrek ez dio osten baliorik, hain baitugu aldarrikapen hori beharrezkoa eta beti apalegi entzuna: “[…] itzulpengintzak sona baino askoz ere handiagoa du meritua”. Liburu hau itzulpenaren, itzulpenak irakurtzearen aldarrikapena bat da, fermua eta aitzakiarik gabea; Lertxundik oso argi du —eta argi azaltzen digu— zer-nolako garrantzia izan duen itzulpengintzaren azken hamarkadotako garapenak, eta egun dauzkagun itzulpenen ugariak eta bikainak, ez soilik gure sistema literarioan edo hizkuntzan, noski, ezpada baita, aitortzen digunez, bere literatura-estiloan ere. Itzulpen ez gutxirekin duen eta izan duen zorra, aitortu ez ezik, esplikatu ere egiten du Lertxundik, eta ahoan bilorik gabe aletzen bide horretan izan dituen ezin eta neke pertsonalak.

Itzulpenaren inguruko aurreiritzi ustelen antidoto bikaina dugu saiakera hau, itzulpen guztiak berdinak, gatzik gabeak eta azken finean bigarren mailakoak omen direlako ideia horren kontra. Saiakera honen irakurleak (baita lehendik ere itzulpenen irakurle denak) badaki ezen itzultzaileek ekarri dituzten egileek eskuarki jatorrizko delakoek baino gehiago bultzatu dutela euskara bere mugetatik harago, ahots, estilo eta idazmolde berrien eremuetan barna; izan ere, geuk produzi genitzakeen baino askoz ere ahots literario gehiago ematen dizkigute. Hortaz, Lertxundik dioenez, “idazleok uste duguna baino bide luzeagoa egin dezakegu estiloaren aldetik euskarara ekarritako ispiluetan begiratuta”.

Badira beste hamaika ideia ere, askotarikoak, eta alferrik da hona ekartzen saiatzea. Gogoz geratu denak badu Durangoko Azokan zer erosia: Lertxundiren saiakera hau, eta itzulpenen bat edo beste.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak