kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Moio - Gordetzea ezinezkoa zen / Kattalin Miner / Elkar, 2019

Dokumental itxura duen liburua Aitor Francos / Bilbao, 2019-10

Kattalin Minerrek (Hernani, 1988), Moio, gordetzea ezinezkoa zen liburua argitara eman du, gertutik egokitu zitzaion Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ lagun eta herrikide transexualaren suizidioaren inguruko gertakizun eta memorian oinarritua, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak deitzen duten Tene Mujika beka jaso zuen proiektua. Egileak Moiorekin harremana izan zutenei galdetu die hainbat gaiez, haien iritziez, testuinguruaz, soziologikoki ikusitakoaren azalpen pertsonal eta ezberdinez. Zenbateraino eragin ziezaioketen Moio bezalako gazte hari iruzkinak, herriko giro politikoak, garaiak berak edo gorputz identitatearen inguruko mugimenduak eta errealitateek? Begirada garrantzitsuena soziopolitikoa da, Moiori suertatu zitzaion gizartearen ulertezintasunarena, gai horrekiko jakin ezarena, alegia. Geroztik, denborak asko aldatu direla badakigu, bederen transexualitateari dagokionez, baina Minerrek, Moioren tragediatik hamabi urte igaro zirenean, idazkeraren bitartez memoria sentimentala egiteko beharra sentitu zuen, indarrez, barru-barrutik zetorkiona. Denbora pasatu behar da gauzak baretzeko, ikuspuntua aldatzeko. Gaia isilduta zegoela konturatu zen, aurretik izan zuen oihartzunarekin alderatuta. Orduan, eguneroko bat idazten hasi zen, norantz bideratuko zuen oraindik ez zekiela, baina galderak bertan nolabait islatzeko balio ziona, pentsamenduak, eta batez ere, tristezia, gupida, damua bertan kokatzeko. Baita onarpena ere, dolua. Gaztaroko garai hura berpizteko esfortzuan, benetan nolakoa izan zen irudikatzera heltzeko, Moioren heriotzak guztiz zeharkatzen zuen memoria pertsonala burutzeko, beste askoren laguntza jaso du. Liburuan zehar agertzen diren izenak haietariko batzuk dira, ez guztiak. Zeozer izatekotan, genero bezala, kronikatzat hartuko nuke Moio, gordetzea ezinezkoa zen (Elkar, 2019). Saiakeratik nahiko urrun gelditzen da, diskurtso sozio-biopolitiko-teorikotik behintzat (Paul Preciadoren liburuak eta konferentziak beste horren erreferentzia izan zitezkeen, kontrako poloan). Apunteak hartzeko joera, egunerokoetan, edo grabagailuaren laguntzaz, ariketa terapeutikoa izan daiteke norberaren erabilerarako murriztuta geratzen bada ere. Gehienbat, elkarrizketez eta lekukoen, lagun edo familiarren, testigantza zuzenetatik abiatuko den memoria puzzlea konpondu du Moion Minerrek, bizipenetara, hunkigarritasunera, itzultzen den kronika intimoa eta, aldi berean, plurala eta zabala (“Hala ere, gaurkoan grabagailurik ez dut atera, prozesuan ikasten ari naizenez, hizketaldiez bere horretan gozatzen ere jakin behar da, eta inpresio eta emozioak etxeratzen, ez apunteak”). Egituratzerako orduan, espontaneoki jende askoren oroitzapenak batuz joan da, ahots eta ikuspegi desberdinetatik ikus zitekeen arazoaren analisirako (“Garrantzitsuena ez zen nire ahotsa, besteena baizik”- dio Minerrek). Hitzen bitartez barruak hustearekin batera, lagun horiek guztiak, liburuan beraien esperientzia kontatzeko prest egotearekin batera, biluzte bat egiten dute, emozionala, burutik dabilzkien kontaketaren inguruko oroimen eta sentsibilitateak agerian utziz. Eztabaida zabaltzeko bidean Minerrek abilezia erakusten du, eta emaitza eraginkorra da. Liburu gatazkatsua, nahitaezkoa. Oraindik ere, bigarren irakurketa batean ere Moio-k guregan ezinegon eutsiezin bat eragiteko ahalmena oso-osorik mantentzen du.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak