kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Van Gogh, bihotzean eguzkia / Xabier Gantzarain / Txalaparta, 2002

Betizuaren kolore berriak Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2003-02-08

Hezkuntza Sailetan faro pedagogiko berria jarrera dialogiko eta komunikatiboa da; halaber politikan, badirudi herriak bere ordezkariei arerioekin adostasunetara heltzeko nahimena eskatzen diela oroz lehen. Aldiz, Gantzarainek talde kontuez arras futitzen den betizu bat proposatzen digu eredu, sortzaile autista bat. Biografia honek Van Goghek bazekiela oso luzaro bakarrik egoten azpimarratzen du; irakurleoi, bakardadearekin onezkoak egiten erakusten digu, merezi duela.

Euskaraz, “artista” hitzaz lagun mota bi aipa dezakegu: trebetasun bereziren baten jabea, eta handiuste ganorabakoa. Artistaren eta bere lanarenganako gizarte ezagutzaren arteko gaizkiulertu mingarriak, arrakastatsu diren artistei ere erasaten dienak, larritasun itzela hartu du Van Goghen kasuan: bere bizitzan zehar koadro bakarra saldu zuen nederlandarraren antzekoei heriotza eskatzen die gizarteak, nolabaiteko onarpena ematen hasteko baldintza gisa. Edozein gizarte ordenaren, are zuzen eta eskuzabalenaren, eta ilegorria bezalako eremutarren artean, ezinbestean pizten da gudu gogorra: Arles-en, margolariarekin bere bizilagunek zuten harreman bakarra, Poliziari etengabe deitzea zen, atxilotu eta ospitalean zarra zezaten behingoz. Van Gogh askozaz ere estuago lotu zitzaien koloreei, gizakiei baino. Halatan, beren obren balizko hartzaileak irudikatzeko beharra sentitzen zuelarik, garaikideak ahantzi eta etorkizuneko bakarti eta tribu desegituratuengana jotzen zuen.

Hain zuzen, benetan asetzen zuen jarduerari, margogintzari, soilik gizarte uztarriez libraturikoan ekin zion: lana, sendia, lagunak, teilapekoak… ; azkenik, sakonena, errukia. Van Gohgek nekazari eta meatzari behartsuei laguntzeari uko eginikoan heldu zion zinez arte lanari. Hori bai, bere koadroetako protagonistak nekazariok eta jende xehearen duintasuna izango ziren besteak beste gerora, baina, bizimoduari dagokionez, Van Goghen tankerakoengan, artearen eta elkartasunaren arteko gatazkak ez du konponbiderik. Aukeratu beharra dago, txapapotea kentzen lagundu ala Ereilea pintatu, giza bizialdia mugatua baita.

Gantzarainek ederki nabaritzen du Van Goghen ikusgaitz bilakatu beharra pintatzeko eta pintatzeko, erotu arte, ahitu arte, piztia legez, gau eta egun, jan gabe ia, miseria gorrian, pinturaz gainerakoaz txoil ezaxolati. Bere buruaz beste egiten ahalegindu zenean ere pintura irentsi zuen: trementina esentzia eta olio poteak.

Orobat ohartarazten du Gantzarainek pintatzen ikasteko prozesuan arerio zitala dela presa. Van Goghek bost urte behar izan zituen, zoro lez lan eta lan, asebete zuen lehenbiziko koadroa, “Patata jaleak”, pintatu ahal izateko. Jardunbide grinatsu setati horrek fruituak eman baitzituen: Van Gohek era berri batean begiratzen erakutsi digu, batik bat koloreak. Hasiera batean kolore ilunak, goibelak, ahulak zerabiltzan, patata kolorea nagusi, agian halakoxea delako Herbehereetako zerua, edo pintatzen zituen nekazari txiroen bizimodua, edo halaxe zebilelako orduan bere bihotza.

Gero, Herbehereetatik Parisera joan zen, eta, geldika-geldika, pintzelkada eskutik askatzeaz gainera, zuzenean bihotzaz pintatzearren, bere oihalek argi poxi bat erakusten hasi ziren, kolore horixkak eta gorrixkak, bertako giroaren, aldarte nabarrago baten eta estanpa japoniarren eraginez. Bestalde, Parisen ezagutu zituen inpresionistak formalistegiak ziren Van Goghentzat: kolorea, itxura polita lortzeko aitzakia izatera mugatzen ei zuten; eta, eguzkia, itzal atseginak sortzeko foku huts.

Azkenik, Frantziako hegoaldean, bere goien gradura iritsi zen, bere margolari berezitasunera. Artista handi guztiek askatzen dute oztopaturik edo itxirik datzan alorren bat; Van Goghek kolorea antzekotasunetik askatu zuen. Inpresionistak errealitatearen koloreak margolanean atxikitzen ahalegintzen ziren. Van Goghek, berriz, bihotzak eskatzen zion kolorea jarri zion gauzari, koloreen bitartez bere sentimenduak adieraziz, eta bere margolanak ordura arte inork erabili gabeko —apika imajinatu gabeko— koloreez biziarazi zituen.

Matxino gehienak gizarte zapaltzaile bat zuzenagoa litzatekeen beste batez ordezteko borrokatzen dira; Van Goghi, ostera, esan bezala, edozein gizarte zitzaion mehatxu, gizarteaz ez zuen nahi bakean utz zezan baizik. Hortaz, gurago zukeen gizartea desegin, aldatu baino. Liburu honek, Van Goghen izaera eta bizimodua erakusteaz batera, eredutzat ere aurkezten dizkigu; eta, badut uste, euskal gizarteak, utzikeriak jota ez balebil, neurri zorrotzak hartuko lituzke Gantzarain delakoaren aurka, eredu hori, gaztetxoei zuzendua gainera, larrigarri gisa har dadin diot, gizartearenganako inongo borondate onik ez duen artistarena baita.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak