kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kontrako eztarritik / Uxue Alberdi / Susa, 2019

Digestio korapilatsuak Irati Majuelo / Berria, 2019-09-29

Bidea egin du Uxue Alberdiren azken lanak argitaratu zenez geroztik. Baina nago dagokion baino dardara gutxiago eragin duela zenbait esparrutan. Izan ere, liburu hau ez da irakurri eta siestara lasai joateko modukoa. Aitzitik, etxeko lotsei buruz dihardu, plaza publikoko zapalkuntza sistemei eta biziraupen estrategiei buruz. Oraindik eztarrian trabatuta izango ditugu batek baino gehiagok bertan jasotako bizipen eta hausnarketak.

Emakume bertsolariek egun bizi dituzten trabak, zapalkuntzak, ahalduntze prozesuak, minak eta ilusioak aztertzeko asmoz, plazaz plaza dabiltzan hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu Alberdik. Argi geratzen da helburua ez dela gaur egungo emakume bertsolarien erradiografia zehatz bat egitea, ez eta hamabost bertsolari horien ahotan emakume guztien ahotsa orokortzea ere. Baina, era berean, bide desberdinak jorratzen dituzten bizipen pertsonalak izanik ere, jatorrian zoru komun bat azaleratzen dute: sistema patriarkala. Garai bati erantzuten diote testigantzek, eta hala ere, ez dago diskurtso homogeneorik, iritziek collage bat osatzen dute, argazki osoaren tankera sumatzen laguntzen digutenak. Hausnarketarako helduleku, ekintzarako abiapuntu.

Liburu honek, hortaz, “tresna analitiko baten zirriborroa” osatu nahi luke, Alberdik berak aitortu bezala, kontrako eztarria estutzen digun korapiloa xehatu eta deuseztatzeko moldeak eraikitzeko. 22 mugatze mekanismo detektatu ditu autoreak, eta horien arabera antolatu elkarrizketatuen testigantzak, Joanna Russek Nola ezabatu emakumeen idazketa liburuan hasitako bidetik. Izan ere, liburu hau interesgarria da bertsolaritzaren unibertsoan dabiltzanentzat (bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile, bertsozale), baina baita bestelako diziplinetakoentzat ere, berezitasunak berezitasun oinarri berera bueltatzen baikara beti. Jule Goikoetxeak hitzaurrean laburbildu moduan: “Liburu hau bertsolaritzari buruzkoa litzateke, emakumeak izaki unibertsalak balira”.

Elkarrizketatuen hitzek esperientziaren zilegitasuna ematen diote liburuak azaleratzen duen biolentziari. Alberdiren hitzek, berriz, analisia eta hausnarketa errazten diote irakurleari. Egiak mahai gainean jartze horretan, bizipenen zilegiztatze horretan “liburu bat behar genuen horretarako?”, esango nuke liburu honek bertsogintzaren zenbait irudi idiliko kraskatzea lortu duela, baina biktimismoan erori gabe. Izan ere, bideko irakaspenak, pozak eta ilusioak ere ageri dira elkarrizketatuen hitzetan, “gure festa” sortzeko ahaleginetik eratorriak. Eta horietan, feminismoa aipatzen dute ahalduntzeko tresna gisa. Autoreak kolektiboari ahotsa eman izanak ere asko esaten du, egin baitzezakeen Alberdik diskurtso propioago bat elkarrizketak baliatuta, baina bakoitzaren hitzak zehatz-mehatz eta izen-abizenez jartzeak badu kolektiboaren aldarririk, desberdinen arteko ahizpatasunaren aldarririk.

Kontrako eztarritik irakurri ostean, ezinen dugu eduki arazoen jakitun izan aurreko loaldi goxorik. Ez dugu izanen ezjakintasunaren aitzakiarik, ez ezikusiarena egiterik. Digeritzeko asko daukagu oraindik.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak