kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Blues bat bizitzari / Patxi Ezkiaga / Balea Zuria, 2019

Lehen notak Igor Estankona / Deia, 2019-09-28

Lehen notak izan daitezke azkenak, eta gaurkotasuna izan dezake bizitza oso bati egindako errepasoak. Patxi Ezkiagaraen (Legorreta, 1943 – Irun, 2018) Uso bat gehiago (Ibaizabal, 2002) hartara itzultzea izan da Blues bat bizitzari honen orrialdeak pasatzea, Urteak igaro dira baina ura bere bidean, zelanbait izan da poesia fllosofikoa, aho biko labana hori, kontu handiz erabilia ikustea berriro, estilo bereziarekin baitarabil Ezkiagak pentsamenduaren lirika. Liburu hau hartzea izan da begitantzea zelan, prosa poetiko zolian, gogoeta eginarazten digun beste behin. Beste kontu bat da, ostera, gogoeta hori egiteko darabilen poesiaren kalitatea, argitasuna, tiro trebetasuna.

Urrun ematen baitu dagoela Uso bat gehiago, zeina begitandu baitzitzaigun uneka mengela, uneka loriatsua. Baina ez da hain urrun. Konstante bat da Patxi Ezkiagaren idazkeran espiritualismoa, metafisika. Eta nola da posible idazle berberak, estilo bertsuari jarraiki, bi sentsazioak sorraraztea? Alegia, batzuetan traszenditzea eta beste batzuetan mezua diskurtso hanpatuegi batean galtzea?

Bada, Balea Zuria-k apailatutako antologia honetan aho zapore bikoitz hori nahastuko zaizu zuri ere, irakurle, segun eta zer duzun maiteago, edo introspekzioa edo elegia.

Hitzaurrean Felipe Juaristik hala laburbiltzen du: “Poesian, hala zioen Patxi Ezkiagak, gauza bat da zerbait esan nahia eta bestea, ezberdina, esan nahi dena esatea, behar den bezala, irakurle edo entzulea bera ere poemaren parte eta partaide bihurtuz. Poetak bere hitzak aurkitu behar ditu, poesia hitzekin egiten baita, irudiekin bezainbeste. Eta hitzak, bere bidea eginez, berarekin darama poesia. Berez doan poesiaz ari gara, erreka erdiko harri eta harkaitzak joz eta, era berean, haiek bigunduz eta moldatuz goitik behera doan hitz-isuriaz”.

Eta horregatik zenbait poema dira bitalak, eta beste zenbait errezu bat bezain hilak. Espiritua, existentzia, atzera eta aurrera garabiltzan motibazio ezkutua, hara Ezkiagaren bilaketa zein den: “Eraman nazazu/ ezagutu nahi/ ez nukeen/ erlatibitatea ezezaguna zen/ sinesmenen espaziora,/ txuria beti txuritzat/ gorria beti gorritzat jotzen zutenen/ antzinako ziurtasunera…/ etengabeki aukeratu behar/ izatearen angustiak/ jan eta ito ez nazan,/ horren kezkagarri den/ askatasunaren sabelean”.

Dogmatikoaren hitzak barik bilatzailearen hitzak, xalotasunaren poemak dira bildumakoak. Berbak labur geratzen diren ur sakonetan beldur barik sartuta, Ezkiagak kronika bat egiten du galdurik dagoenarena, maitasun eske dabilenarena, erantzunen aiduru geratu denarena. Baina horrek badauka bere arriskua, bere pisu propioa, bere antojurako joera. Eta bluesa monotonoa egiten da azkenerako, sakoneretan ibili nahirik azaleko, gure mundua gainditu nahirik jasoegi.

Gustu kontua da. Onartzen diot antologiari bere balioa eta interesa, baina sakratuaren eta ontologikoaren berezko karga bihurtzen dute atzigaiza, poesiari berari eskatzen zaiolarik halako mirari bat egin dezan eta salba gaitzan: “harik eta maite ditugunen irudiak/ ibaiarekin nahasten diren arte, arrotz erbesteko lurralde batean,/ itsasotik hurbil./ Eta gure poemak nostalgiaren erbestera/ kondenatzen ditugu/ inoiz sendagarri izango zaizkigulakoan”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak