kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Munduko tokirik ederrena / Iñigo Aranbarri / Susa, 2018

Munduko tokirik ederrena Txema Arinas / uberan.eus, 2019-07-05

Honako honek ez du inolako kritikarik izan nahi, ezin da izan inondik inora. Laudorio garbi bat egin behar diot Iñigo Aranbarriren aurreneko ipuin bilduma honi, ez baitago nire aldetik ezer txarrik edo okerrik nabarmendu beharrik, ipuinok borobilak direlakoan bainago. Izan ere, ez nituen aspaldi hain ipuin ederrak, xamurrak, iradokorrak, hunkigarriak, paregabekoak irakurtzen. Jakin badakigu denok ez dagoela ezer benetan bikaina, betiere zer edo zer errepara diezaiokegula orori. Baina, zertarako ezer asmatzen saiatu behar kasu honetan, ez litzateke jokaera batere zintzoa liburua leitu ahala hainbeste, eurrez, gozatutakoan edozein huskeriagatik bainaka, ezbaika, hastea; horretarako badaude taxuzko zein ordainpeko kritikalari burutsuak bezain saiatuak. Nire asmo bakarra, bat egotekotan hitzok idazterakoan, Munduko tokirik ederrena ipuin bilduma honek eragin didan plazeraren ordainez balizko irakurleei helaraztea litzateke, eta bai, handiustekeria galanta, aitor dut.

Halere, seriotan ari naiz, Aranbarri oso idazle saiatua da, aldez aurretik lan ederrak plazaratu dituena, nobela izugarri mamitsuak, Zulo bat uretan (2008, Susa) edo Zamaontzia (2011, Susa) besteak beste, poema liburuak, Dordokak eta elurrak (1989, Susa) edo Harrien lauhazka (1998, EEF – Susa) bi aipatzearren, Zapataren oihana saiakera eta baita Sakabi, soinu txikiaren handitasuna (2003, Trikitixa Elkartea) biografia ere. Idazlan guztiotan ikurra du Iñigo Aranbarrik erabiltzen duen estilo/hizkera itzel jasoa, oparoa, zolia, sakona, maiz ere, nobeletan behintzat tarteka, irakurketa apurtxo bat astuna edo zaila egiten duena, arreta handia eskatzen duena; baina, egindako esfortzuaren sari gisa ere oso maila handiko emaitzak eskaintzen dizkizuna ere bai. Izan ere, bada Iñigo Aranbarri egiazko literatura, hau da, ez hain aspaldiko usadioei eutsiz estiloa edukinaren gainetik edo gutxienez pare-parean, egiten duen azken hamarkadetako euskal idazle bakanetariko bat, ez baldin bada merezimendu osoz nagusia. Edo bestela esanda, ezberdin, apika erronkari ere, idazten ausartzen diren azkenetakoa, hau da, hizkera ikaragarri jasoa erabiliz, esaldiak nahi edo behar adina kiribilduz, euskararen jatortasunaren alde eginez, baliabide literario guztiak behar beste artetsu jorratuz. Gauzak horrela, argi eta gari esan dezagun, Aranbarri gaur eguneko joera editorial gehienen kontra ari da soraio besteko bihoztun, hots, liburuek arin irakurtzekoak, esaldi labur eta lauak, ezinbestez izan behar duten aburu makurraren kontra, beharbada liburuak erreskadan irensten dituzten irakurleen beharrean egiazko literaturazaleak bilatu nahian edo.

Susmoa dut, berriz, Aranbarrik bere onena eman duela idazle bezala Munduko tokirik ederrena honetan, hau da, nobeletan edo noizik behin apurtxo bat erren edo motel suertatzen dena saihestu ahal izanez. Haatik, Aranbarriren dohain egiaztatu guztiak bilduta agertzen dira ozta-ozta ipuin bakoitzean. Hamar ipuin dira Urola ibaiaren arroan girotuta, hau da, ezinbesteko ikutu lokala pertsonaiak, paisaiak, pasadizoak gorpuzte aldera, txikitik handira idazteko, berak ezin hobeto ezagun duen errealitatea literaturaren aldetik lantzeko, bertan aparteko harrobia baitu Iñigok memoriartik tiraka haimaika istorio harilkatzeko zein pertsonai benetan mamitsu sortzeko. Halaber, zaila bainoago nekosoa egiten zait ipuinon nondik norakoak banan-banam jorratzea, hortaz, eta aurrez den-denak primerakoak direla berriro eta hainbat ozenen aldarrikatuz, niri gehien gustatu zaizkidanak, edo agian gogotik aztoratu egin nautenak, nabarmendu nahi nituzke besteak beste: Uhala, non Loiolako basilikaren kupularen inguruan ardazten duen istorio ikaragarri hunkigarri bat iranaga eta oraina tartekatuz zein nahastuz, Astronauta, 80etako nostalgia da aitzakia pertsonaien orainaren nondik norakoak jorratzeko, edota Burnia, etxean gordeta dagoen pistola baten indar iradokitzailea sorburu. Zinez eta erruz atsegin zaizkidan hiru ipuinak, bai, baina kostata sailkatuak, ez baitut duda apurrik Munduko tokirik ederrena berrirakurtzeari ekin orduko, laster gainera, beste batzuk ere nabarmenduko ditudala halabeharrez.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak