kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Enarak itzuli dira / Gari Berasaluze / Booktegi, 2019

Iragan poetarekin elkarrizketa Aiora Sampedro / Berria, 2019-06-23

Gari Berasaluzek poema bilduma argitaratu du Booktegirekin. Argitaletxeko gainerako liburu guztiak bezala, idazle getariarraren poemategia eskuragarri dago bertsio elektronikoan editorialaren web orrian, eta zenbait testu, gainera, musikatuak izateko erabili ditu Eraso eta Osso taldeko Sergio Ruiz G-Txabarri Serge abeslari eta musikariak.

Sergio Ruizen musikak bat egiten du poema-bildumaren tonu, orokorrean, pesimistarekin, eta poemen neurri laburrak, orokorrean, aproposak suertatzen dira kantatuak izateko, atontze lan handiegirik egin beharrik gabe. Berasaluzek aitzinsolas gisa prestatutako testuan aipatzen du bilduman txertatutako olerkiak denbora askoan zehar idatziak izan direla eta, beraz, ez dutela osotasun komun bat (badira olerki narratiboak, aforismoak, poesia surrealistatik gertuago daudenak…). Bestalde, aipagarria da hainbeste denboran itzaletan izandako poemak une honetan argitaratzearen arrazoiak ere adierazten direla epilogo horretan. Hala ere, nabarmendu daiteke lana alderik alde zeharkatzen duen ahots-poetikoaren tonu nostalgikoa. Poema gehienek iragan zoriontsuago bati —gehienetan desamodiozko istorio bat kontatuz— edo etorkizun ezinezko bati egiten diete erreferentzia. Adibide baterako, liburuan gehien aipatzen den hitza baina da, poemetan pilatzen diren ideien artean etengabe ageri den aurkakotasunaren adierazpide gisa uler daitekeena.

Izenburutik bertatik ageri da iraganarekiko lotura horren aipamena. Hemen, enarek balio metaforikoa hartzen dute, eta Berasaluzeren sarrera-testuari elkartuz, iraganaren presentziari orainalditik begiratzeko joera azpimarratzen dute. Preseski, sarrera-testuaren ondotik, liburu guztiari zentzua ematen dion aipu bat txertatu du egileak; artegatasun sentipen hori nabarmenduz: “Maletarik gabe, iraganik gabe, ametsik gabe”.

Hortaz, poema-bildumaren esanahia, eta bildumako pieza gehienena, nahiko gardenak dira; izenburu nagusi horren barnean, atal gehienak interpretatzen errazak suertatzen dira, eta mezua zuzen-zuzen iristen zaio irakurleari. Zentzu horretan, gainera, ahots-poetikoak usu bigarren pertsonako forma hartzen du, eta hartzaile hipotetiko bati zuzentzen zaio, gehienetan aipatutako auhen hitz horiek helaraziz. Bestalde, Berasaluzeren ibilbideari begira, badira iraganeko oroitzapenak poemen artean; badute 1996an argitaratu zuen Azaro urrunetako intifadak poema-bildumarekin harremanik, bai tonuak, bai gaiek… Hori guztia elkartuta, mezua zenbaitetan gardenegia bilakatu daiteke.

Baina gardentasun horren alde, aitortu behar dut euskarri digitaleko formatu horrek nabarmendu egiten duela testu guztiak bat eta bakarra balira bezala irakurtzeko abagunea direla, eta horrek erraztu egiten du Enarak itzuli dira poema-liburua bezalakoak musikatzeak. Nik gehiago disfrutatu ditut musika-pieza gisa, olerki gisa baino.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak