kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itsas bizimina / Pello Otxoteko / Balea Zuria, 2019

Itsaso zikin bat Alex Uriarte / Gara, 2019-06-22

Baleak, itsas hondoko iluntasunaren eta isolamenduaren maitale sutsua izanagatik, bazuen ur-azalera atera eta uhin bakoitzak beregain zekarrena dastatzeko beharrizanik. Izan ere, baleek, hots, izaki berezi, potolo eta isil horiek ere, pentsamenduaren bidezidorrari so bizirauten dute; berbarik egin ez arren, euren miseriak, pasioak eta biziminak dituzte. Pello Otxoteko (Irun, 1970), zerbait izatekotan, itsasoak dakarrenaz elikatzen den izakia da: ahulegia, guztia lixeritzeko; oldartsuegia, uretan itotzeko.

Eta, horrelaxe, itotzearen eta oka egitearen arteko zapore mingotsetan barreiaturik datorkigu bere azken lana, Balea Zuria izeneko argitaletxeari doi-doi dohakion “Itsas Bizimina” izeneko obra. Hasteko, Pello Otxotekoren azken itsaso honetan barrena gidatuko gaituen itsasargia pentsamendua dela deritzot; lan osoan zehar, ideiak eta kontzeptuak olatuak bailiran datoz: etenik gabe eta uneoro. Langai guztiak kokagune edo atrezzo beraren pean aurkezten ditu egileak: itsasoa. Habitat natural horretatik abiatuz gauzatzen da subjektu poetikoaren produkzio guzti-guztia. Egoera horretan, alabaina, egileak txiki eta hauskor ikusten du hala bere burua, nola bere jarduna. Laguntza noiz helduko, olatuen artean zain dagoen naufragoa da egilea eta egonezin horrek sorrarazten dizkion sentipenetatik abiatzen du bere funtsa.

Nola edo hala, autoreak giza izateari hamaikatxo pitzadura edo arrakala sumatzen dizkiola dirudi; zinez kontziente da bera puntu ñimiño bakan bat dela osotasun baten baitan, baina norberaren funtsezkotasunari eta bakartasunari erreparatzen dio eta, era berean, norberaren osotasuna bilatzen. Etengabeko bilaketa horren baitan, bere batelaren berebiziko lema, ostera, pentsamendua da. Tira, beharbada, pentsamenduaren ordez senti-pentsamendua —nolabait esatearren— edo tankerako terminoren bat erabili beharko genuke. Izan ere, Otxotekok ez ditu bere sentimenak bete-betean edo bere horretan azaleratzen; horren ordez, sentimenduak baliatzen ditu, haietatik ernetzen diren pentsamenduak eta ideiak plazaratzeko. Nola ez, existentzialtasuna lan honetan zehar behin eta berriro errepikatzen den afera da; kasurako, bizitza bera zer den galdetzen dio egileak bere buruari, eta honelaxe sinplifikatzen du gure munduko egonaldia: “Bizitza, goiz bat izan liteke leihotik begira;/ grisa, zirimiriaren errezelekin, edo guztiz euritsua,/ tarteka eguzkitsu eta alaia, besteetan haizearen aldaerek joa./ Baina azken finean horixe besterik ez,/ goiz bat leihotik begira”.

Lanaren antolakuntzari dagokionez, berez, edukiak bi ataletan banaturik dauden arren —“Langarra saihestuz” eta “Harizko argia”—, nire aburuz, badira obra sailetan banatzen duten beste sailkapen batzuk; esate baterako, itsasoaren gai zentralaren gerizpetan ontzen diren bigarren mailako langai-bikoteak, alegia, esperantza eta itxaropen-eza, maitasuna eta bakardadea edo bizitza eta heriotza.

Bikote horietako baten, hain zuzen ere, esperantzaren eta itxaropen-ezaren erakusgarri argiak dira “Eta guk oraindik heldulekurik ez” edo “Zutik dirauelako gizakiak, begiak zerura zuzentzeko” pasarteak. Amaitzeko, norberak, hots, gizakiak errepresentatzen duen osotasunaren agerkari da iruzkin xume hau amaitutzat emateko hautatu dudan honako pasarte hau: “Neu naiz/ ene izurritea/ ene gangrena/ ene minbizia/ eta ene izatearen bizimina”.

Itsasoa beti izan delako eta beti izango delako poeten bizitokia eta, abestiak dioen legez, gainerako guztia, hau da, lurra, airea eta zerua itsaso zikin bat besterik ez delako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak