kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Mila ezker / Garbiñe Ubeda / Susa, 2009

Eskuinok ere Aritz Galarraga / Argia, 2019-06-16

Garbiñe Ubedari irakurri dizkiodanak denak egin zaizkit atsegingarriak: Ideia zabaldu tour 95, Negu Gorriak musika taldeak Europan zehar eginiko bira baten kronika (zeinarengandik atera nuen nire banda maiteenaren gaineko artikulu bat idazteko aitzakia); Hobe isilik, aitona noiz desagertu zen, nora, galdu ote zen erabat eta benetan ezagutu nahi duen bilobaren eleberria (zeinaz kritika batean esan nuen urte luzetako esperientziarekin ondua zegoela zirudiela); ahaztu gabe, noski, ugari sinatu dituen kazetari lanak.

Mila ezker da atseginez irakurri diodan beste lan bat, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzko saiakera. Testu laburrez osatutako saiakera laburra, hunkitzen diena bereziki populazioaren %10-12 diren ezkerrei —“%10-12 horren bi heren gizonezkoei dagozkie, eta beste herena emakumezkoei”—. Denboran atzera gaitz gisa hartua, errebindikazio moduko bat egiten da hemen, edozein milikeriatatik urrun dena dela —“Nahiz eta ezker jenialak, zintzoki esanda, jenio ezkerrak baino askoz ere sarriago aurkitu”—, arteak, kirolak, zientziek kondizio hori nola ispilatu duten erakutsiz. Pertsonaia zerrenda ekarrita gainera: Julian Ajuriagerra sendagilea, Ned Flanders dendaria, Martina Navratilova tenista adibide gisa. Joan Inazio Retegi eta Paul Wittgenstein lotzen ditu, luze gabe, eta gogora ekartzen Esku ezker bakarrarendako kontzertua: “Konposizio musikal liluragarri bat baino gehiago, zailtasunaren aurrean amore ematen ez duenari, ametsak galtzen ez dituenari eskainitako omenaldia bezalakoxea da”.

Azken batean ez baita bakarrik ezkertasunari buruzko liburua, ez bakarrik “papera trabeska ipini, ukalondoa gorputzetik urrundu, eskumuturra barrualdera bihurritu eta postura guztiz nabarmenean idazten” dutenei buruzkoa. Nola edo hala asimetriko garen guztiok —“unibertsoa bera da asimetriko. Bizitza bera da asimetriko”— plazer hartuko dugu bertan, irakaspen: “eskuinik ez dago ezkerrik gabe eta ezkerrik ere ez eskuinik gabe”. Mila ezker, beraz, saiakera atsegin eta gomendagarria, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzkoa, eskuinok ere gustura asko irakurtzeko modukoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak