kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Analfabetoa / Iñigo Astiz / Susa, 2019

Lekuak Joannes Jauregi / Berria, 2019-06-09

Emango digu zer esanik Iñigo Astizek argitaratu berri duen poema liburuak. Bere laburrean, Analfabetoa hau mamitsua da, eta trinkoa, laberintikoa ia, erdi parteko pasarte batetik sartu eta berdin eramaten zaituena lehen olerki bakar soilera eta azken poemaren luze durduzagarrira. Tarteko guztiak ere bitan edo hirutan irakurtzekoak dira, hondo sakona baitaukate, azalean soilak eta zuzenak iruditu arren.

Hizkera bera halakoxea du liburuak: soila eta zuzena, laua, edergarririk gabea eta batere ez preziosista. Prosaikoa ere esango nioke (ezen ez prosazkoa), baldin eta poesia prosaikorik existitzen bada; poemok prosaren kadentziaz leitzen baitira ia, lerroen etenak gorabehera. Bertsoen ebakitze horrek ez dio ezein melodiari edo hizkuntzaren inongo erritmori jarraitzen; aitzitik, atzerakarga sortzen du aldian-aldian, atzerakarga propio bilatu bat seguru asko, zeinak testua birritan irakurrarazten baitio sarri irakurleari. Jeneralean, estrategia arriskutsua deritzot; izan ere, estilo hori hartzeak sorta osoaren tonuari eragiten dio, eta, nire gusturako behintzat, poemek eskertuko zuten mamiz daukaten lirismoa janzki formal zainduxeago batez beztituta aurkeztea. Ezin esan hautu formal horrek liburua kaskartzen duenik, erabaki kontziente, berariazko eta neurriz erabili bat den heinean; pedanteren bat edo beste baino ez da urdurituko.

Gaiei dagokienez, liburu osoak badu, hasi eta buka, halako kutsu atabiko bat, labar artearen arrastoetatik Coca-Cola lata baten gorriraino tenkatzen dena. Baina atabismo hori, mistikotasunaren eta ideia ukigaitzen erresumatik urrun, materiala da oso, eta lurtarra: “Maiz sentitzen dut nire poemetan ez dakidala / ukitzen dudanaz harago joaten”. Autokontzientzia horrek ni poetikoa oso muga errealetaraino eramaten du, egilearen ahotsaren ertzeraino: “Orain poesia izpien bila nabil / gertakari horien guztien artean / baina ez dakit zer eraikitzeko”. Nabaria da beti iraganaren eta gaur egunaren arteko hartu-emana, edo tirabira, nola begiratzen zaion, eta girotze horrek ematen digu irudi ederrik ere: “Halako zerbait ikusiko zuten garai batean / konstelazioak deszifratu zituztenek, eta / kaosari tarteka gurdi itxura topatu arren / ez ziren sentituko gu orain baino ziurrago”.

Aparte aipatzea merezi du, ezin bestela, ia 600 lerroko azken poema izugarriak (Leire Lopez editoreak apabullante esan zion), zeinak kasik gainezka egin arte betetzen baitu liburuaren hirugarren partea. XXI. mendearen nolabaiteko mapa bat biltzen da 600 lerro horietan, non berdin aipatzen baitira Man Ray, Decathlon, Stalin, Ikea, Beñat Sarasola eta Coca-Cola, bere E150d kolorante eta guzti: “Eta orain edaten dut / mundu honen tristezia guztiarekin batera”. Egileak halabeharrez kabiarazten du “gertatu ere egin ez den mende oso bat” poema bakarrean, eta koska bat gorago jotzen du, ia profetikotasunera lerratuz ordura arteko tonu atabiko-materialista: “Eta horregatik esan behar dut, niri dagokidanez, / amaitu direla amaierak”.

Historiaurreko mapa batekin hasten da poema sorta, eta etorkizunaren mapa batekin amaitzen. Topografia horretara lekutzen da Astizen poesia.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak