kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Deklaratzekorik ez / Beñat Sarasola / Susa, 2019

Deklaratzekorik ez Txema Arinas / uberan.eus, 2019-05-31

Ez da nobela batere arina Beñat Sarasolaren aurreneko hau, ez behintzat nobelan betiko nondik norako narratibo klasiko edo maiztuegiak, sarrera-korapilo-bukaera/ondorioa, ohituraren poderioz bilatzen dutenentzat, nobelak hasieratik eta nahitaez harrapatu behar dituelakoan daudenentzat, nobelak ezer baino lehen eta ezinbestez dibertitu behar dituela uste dutenentzat. Deklaratzekorik ez ezta nobela batere arina, batez ere nobelatxoak hurrenez hurren kontsumitzeko joera dutenentzat aparteko oztopo edo esfortzu barik, ez; baina, horixe da bere berturirik handiena. Bada egiazko literatura, edo gutxienez izateko joera edo asmo bizia duena, oso liburu mamitsua baita, edukiari zein eiteari dagokienez, ohiko testu formal edo arinetik harago joateko proposamen oso ausart eta zintzo bat baita: gogoeta nobela bat. Hortaz, badugu osagai gutxirekin eraikitako argumentu ahul bat, hein batean ere osagai oso arruntak, ezagunak bezain generazionalak direnak, testuinguru oso ezagunetan ere kokatzen dena, non istorioaren hildoa ozta-ozta luzatzen den hirugarren pertsonako narraitzailearen gogoetak eta gailentzen direlako.

Gauzak horrela, eta taxuzko bilbe narratibo baten ezean, hitza bera dugu ia euskarri bakarra eta batik oso indartsua. Hitza da hemen irakurlea nahitaez harrapatu behar duena hitz artean ez itotzearren. Horretarako, haatik, Sarasolak berebiziko trebezia zein dotorezia erakusten ditu irakurlea esaldirik esaldi arrastaka eramateko inora omen ez doala gogoeta edota inpresio sorta batean barrena. Zorionez, idazkera du euskarri nagusia, idazkera benetan gozo, zoli eta batik bat landuari esker, eskolakoa bezain kalekoa izaten dakiena. Esan liteke idazleak bere idazkera propioaren indarrari taxuz eta gogotik eusten diola harik eta nolabait istorioaren zurruntasunak zein ahuleziak gainditu ahal izate aldera indar hori ia lilura bakarra bilakatu arte. Zer dela eta? Protagonistaren gorabeherak, hau da, iraganeko “borrokazale” edo “iraultzailearenak” zein oraingo funtzionariaren bizimodu guztiz arruntarenak oso jakinak, agian neurri handi batean hutsalak ere, baitira; baina, aldi berean ere oso mamitsuak gure gizartearen eguneroko hutsalkeriaren islada edo erretrato ezin hobea eskaintzen baitigu. Bada, beraz, iraganeko sasi-iraultzailearen hutsalkeriaren kontakizunean zein egungo liburuzain aspertu, damutu, atsekabetu, erresumindu, maiteminduarenean non Beñat Sarasolak bere gogoeta nobela garatzeko/landatzeko behar adina arlo duen. Lortzen al du? Nork bere kontuak ateratuko ditu, alegia; nik uste dut baietz, lan nahikoa duina, oso, dotorea, atsegina eta beharbada ere premiazkoa dela. Baina, aitortu beharrean nago ez dela lan borobila. Ezin da izan gainera, Sarasolak eusten dion erronka oso zaila delako, oso bide malkartsua hautatu du, eta horrexegatik ere ibilbidean denetarik topa dezakegu, pasarte benetan goxo, ederrak, bikainak — nik besteak beste etakidearen hileta zein ondorengoa mundiala begitandu zait. Zertarako beste izenondo bat asmatu behar?—, egiazko txinpartak zein agian apurtxo bat sakonagorik garatu behar izango zituzkeen iradokizunak, “Karlistarik gabeko herri karlista da gurea” esaterako, zeren Zumalakarregiri buruzko Galdosen liburuaren ingurukoa niri behintzat motzegi geratzen baitzait, are idazleak ideia hortik tiraka nobelaren izateko zioa nolabait zurituko zuelakoan nago. Halere, nor da irakurlea idazleari bere lana zelan egin behar duen esateko ez baldin bada emaitza osoa atsegin ala ez duen? Inor ez ere.

Nobela bat gustuko duzu ala ez, ez dago erdibiderik irakurle zintzoa izan ezkero. Oso bestelakoa da kritikariaren lana, honek nobelaren alde onak zein txarrak zenbatu eta gero epai (sasi)tekniko bat edo egitera behartua dago eta. Baina, hori ez da nire kasua, nireak iritzi minak izaten dira. Eta nik Deklaratzekorik ez oso gustuko dut borobila ez izanagatik edo beharbada horrexegatik ere, nobela borobilez fido ez naizelako, ez zaizkit atsegin, batez bere hau bezalako gogoeta nobela bat izanda, arreta funtsez hitzean datzanean, idazleak kontatu nahi didana protagonistaren NIaren harantz-honatzeko ibilaldi pertsonal bat denean, hau da, hitz gehiegi, hitzontzikeria dexente hainbat txipart edo harribitxi artean, eta baita noizean behin nobelaren doinua gorabeheratsuegia izanda ere. Azken hau ez da, ordea, ez behintzat nire ustetan, ezer txarrik, berriro baitiot taxuzko literaturak ausarta izan behar duela ezer baino lehen, ez bikaina, eta ausarta den oro ezin da borobila izan izatez, ala ez du merezi. Edo bestela esanda, guztiz hobe akatsez mukuru dagoen harribitxi literario bat bikaina den bisuteria literario bat baino.

Harribitxia? Bai, niri nehinik behik holaxe begitatzen zait eta. Deklaratzekorik ez irakurri ahala izugarri gozatu dudalako, benetan hunkitu, atsekabetu, asaldatu, asebete egin nauelako. Agian zenbait pasartetan aspertu bezainbeste, baina bukatutakoan gogoan geratu zaizkidanetatik aurreneko zirradak dira nagusi duda izpirik gabe. Areago berrirakurtzeko gogoa ere berpiztu egin zait, beharbada behar bezain fin edo arduratsu irakurri ez dudalakoan, aitor dut liburu gehienekin sortzen zaidala zirrara hori, betiere eta nahitaez bigarrengo irakurketan ezer berririk asmatuko dudalakoan, testuak merezi du eta.

Horrenbestez, nola ez ekarri gogora liburuan bertan agertzen den protagonistaren gogoeta txit harroputz eta lotsagabe hau Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez aurreneko nobelaren alde onak eta txarrak kontuan hartu baino lehen, again bere egilearen estiloaren neurri bat noraino ematen duen ere gogoeta egitearren:

“Oroz gain, aitortu behar du, euskal liburu eta autore gehienek eragiten zioten nagikeria zegoen; guztiak ere gutxi-asko gai eta estilo antzekoz idazten, ez originaltasunik ez talenturik. Emaitza hutsalak iruditzen zitzaizkion gehienak, oso urruti gaur egunean nazioartean egiten den literaturaren kalitatetik. Hori esatera nor ausartuko da baina? Nork irekiko du Pandorarena?”

Zer dela eta? Auskalo, nork bere ondorioak atera ditzala.

Eta bukatu baino lehen, akaso inondik inora eta inoiz egin behar ez nukeena; kritikariaren kritika, zeren Joannes Jauregi kritikariak Deklaratzekorik ezi egin zion kritika ederrean badago iruzkin bat kosk egin didana halabeharrez:

“Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi protagonista izengabe eta ozpindua, zeina bere ez-bakarrizketaren garratzak karakterizatzen baitu nagusiki, bai eta beste pertsonaiekin dituen harremanek ere, batez ere inguruko emakumeekikoek. Esango nuke pertsonaia oso maskulino garatzen dela bere gogoetetan, edozeri buruzko iritzi tinko eta oldarkorretan, baina gero maskulinitate horren kontrako erasotzat hartzen dituela, nolabait, ingurukoekin (emakumeekin, aitarekin…) dituen harremanak. Maskulinitate zaurgarri bat, horrenbestez, erdi bi eginik diskurtsoaren eta gertakarien arteko bidegurutzean.”

Txarra al da, pekatua apika, pertsonaia oso maskulino geratzea bere gogoetetan? Hain arraroa al da pertsonaia ar bat halako iritzi tinko eta oldakorrak edukitzea idazleak eraikitako pertsonaia halakoa baldin bada? Zer egin behar dugu ba, pertsonaia maskulinoak politikoki zuzenaren arauen arabera sortu ezinbestez? Nolakoa izan behar dira eraiki beharreko pertsonaia maskulinoak, denak zuzenak modan omen dagoen ordodoxia femenista zehatz baten gustukoak izan daitezen halabeharrez? Eta zer dela eta ez erakutsi pertsonaiaren beraren izaera kontraesankorra dioen eta egiten duenaren artean, arren, horrek pertsonaia osatzen du eta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak