kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mundutik mundua / Edu Zelaieta / Pamiela, 2019

Hamaika testu mundu berrirako Aiora Sampedro / Berria, 2019-05-26

Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak Pamiela argitaletxearen Upaingoa saiakera laburren sailean argitaratu den testu periodistiko laburren bilduma da, Edu Zelaieta idazle eta EHUko irakasleak ondutakoa. Egileak sarrera testuan adierazten du lehendik Berria egunkariko Arabako Hitza aldizkarian eta beste zenbait egunkaritan argitaratu zituen zutabeetako testu laburrekin osatutako bilduma dela liburua, beraz, testuek ez diote a priori inolako batasun logikori jarraitzen. Karmele Jaiok epilogo maitekorra egin die pilatutako testuei, bildumaren aniztasuna laburtuz eta osotasuna emanez.

Hala ere, lehen begiradan antzematen dira egilea liburuaren hasieratik amaierara arte kezkatzen duten zenbait auzi, hiritartasunari, hemen hiria Gasteiz izanik, lotuak agertzen direnak: zein den norberaren lekua gertukoenei eragiten dieten aferetan, mundu garaikideko aitatasunarekiko jarreren eboluzioan, komunitatea osatzeko zailtasunak saihesteko aukera posibleak…

Jaiok idatzitako epilogoan, Zelaietak bizi den hiriko txikitasunetik munduaren handitasuna ulertzeko tresnak eskaintzen dituela adierazi du. Karmele Jaiorekin ados, are gehiago gehituko nuke; Zelaietak Hiri berdea deitutakoari hamaika kolore ikusten dizkio barnean: Gasteizko hiriaren irudi poliedrikoa osatu du egileak, idazleari eguneroko jardunean gertukoak zaizkion gertaerak nahiz ikusezinenak direnak. Horrela, gizarte bezala ohikoak ditugun jarrerak eta haien ondorioak planteatzen ditu gasteiztarrak.

Munduarekiko harreman hori kanporako begirada bat nahiz nork bere barrura egindakoa da Zelaietaren begietan. Egileak ironia baliatzen du begiratzen duen hori eta objektu horrekiko norberaren posizioa deseraikitzeko eta hausnarketa sorrarazteko.

Aipamen berezia egin nahi nieke Pamiela argitaletxearen saiakera sailetan argitaratzen ari diren edizio txukunei. Lan batean baino gehiagotan ilustrazioen bidez osatu du editorialak saiakera-testuan azaldutakoaren esanahia, eta, Zelaietaren liburuaren kasuan, Eneko Ugarteren eskutik etorritako irudiek margoztatu dituzte zuri-beltzean jarritako gogoetak, idazleak aldarrikatutako koloretako mundu posible guztiak.

Gogoetarako testuez gain, badira fantasiazko amaiera literarioagoak dituztenak ere, benetan dibertigarriak iruditu zaizkidanak; adibidez, Egunero: iruditzen zait fizkioaren dimentsioaren bidez testuak osoagoak suertatu direla kasu gehienetan. Hiriaren irudi ia imajinarioa osatu du horrelako idazkietan, etorkizunera begira, hiriarentzako begirada optimista bat gailenduz.

Azkenik, aurreko ezaugarrietatik eratortzen den alderdi bat nabarmenduko nuke: irakurleak ez du lanean errealitatearen azterketa sakonik egiten duen autorerik bilatuko, irakurlearengan bat-bateko efektua bilatu nahi duen ahots narratiboa baizik; eta alde horretatik, susmoa dut lanak bigarren irakurraldi batean, harridura efektua galduta, ez lukeela maila berean beteko irakurlea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak