kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Idazleen gorputzak / Eider Rodriguez / Susa, 2019

Gorputza ezbaian nola emakumeak hala, literaturaren joko zelaian Mikel Asurmendi / argia.eus, 2019-05-03

“Feminismoari esker dira, diren legezko emakume” aipuak balio du (ere) Idazleen gorputzak (Emakumeak ezbaian literaturaren joko zelaian) saioa baloratzeko. Kontrako eztarriak liburua epaitzeko bera. Bistan denez, Eider Rodriguezen liburuak beste eta bestelako edukiak dakartza. Alta bada, edukiak eduki, gaia —ekaia— eta formatua Uxue Alderdirenaren berdintsuak dituzu: Jule Goikoetxea editorearen Hitzaurrea dakar honek ere, egilearen Sarrera eta Puntu eta aparte epilogoa, baita Bibliografia aparta ere.

Bost emakumerekin izandako elkarrizketen emaitza da Idazleen gorputzak. Bost idazle… sortaren bigarrena ote? Lehena du gogoan, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan gogoargarri hura. Euskal literaturaren aldarea areago finkatu zuena, sei arren burutapenek osatutako liburua izanagatik. Geroago heldu zen, errepikan eta kontrapuntuan (hala ote?), Ana Urkiza-ren zortzi euskal idazle emakumezkorekin ondutako Zortzi unibertso. Zortzi idazle. Bigarrena zabalagoa izan zen.

Nolakoa ote hirugarren hau?

Badago berritasunik hain ziur. Ezin zehaztu zertan datzan ezberdintasuna baina, berriz ere Ana Urkizarena berrirakurri beharko nuke-eta. Alabaina, besteak beste, emakumeak jendartean egin duen bidean erreparaturik, berrikuntzak dakartzala pentsu dut. Hauxe begitantzen zaidan lehena: Idazleen gorputzak tituluan dago berrikuntzaren gakoa. “Bertsolari emakumeen rolean gorputzak nola, hala euren kantuaren emaria”, erran nezake. Eta halatsu antzeman ere idazleen jokoan. Izan ere, idazlearen eta bertsolariaren jokoa —joko zelaia— horren ezberdina izan arren, idazle batengan gorputzak duen munta oso aintzat hartzekoa dugu. Eider Rodriguezen saioa horren lekuko: “Gorputza ezbaian nola, emakumeak ezbaian literaturaren joko zelaian”.

Liburuaren beste gako bat Jule Goikoetxearen esaldi hau dugu: “Patriarkala den gizarte orotan bezala, literaturatik ere kanporatu dituzte emakumeak”. Nork baina? Erantzuna berez dagokigu. “Emakumeak literaturan izan duten parte hartzeak, beste eremutan izan dutenarekin antzekotasuna duela” berrestera dator liburua.

Sarrerako Amaia Lasaren “Nireak ere diren ur hauek ezin alde batera utzi” aipua baliatuz eginen dut aitzina. 1971koa duzu aipua. Sarrera-ko lehen paragrafoa zortzi galderaz osatu du Rodriguezek. Emakumeari gagozkiola, hona erantzuna: “Idazten duena ez da nahi duena idazteko aske, lirudikiena baino hesituago baitago bere irudimena”.

Postura literarioek eta gorputz etnografikoek kokatu dute “emakume izatea” literatura sistemaren joko zelaian. Horren erditzea duzu “bost idazle gorputz”-en emaitza. Edo horrela interpretatu dut nik. Eta zinez motiboak baditut. Idazle bakoitzaren solas emaria jaso aitzinetik, saio-idazleak bost idazle gorputzez egiten dituen deskribapen zoragarriek nire mira dute. Bostak elkarrizketatzeko parada izan baitut ene kazetari ibilbidean —barka nire (h)arroa—. Bost emakumeen irudimena piztu dit Eider Rodriguezek. Chapeau!

Bost idazleen emanak oso-osoak dira eta idazleen gorputzek gizonezkoen adina altu paratu daitezkeela baietsi digu errenteriarraren lanak. “Aldarera bidea”-rekin baino ezin dut alderatu gizonezkoek urratutako alfonbra gorria. Gizonok ogi batekin besapean munduratu ohi gara —XXI. mendera arte bederen— eta emakumezkoek “hilekoaren marra gorria” gainditu behar izan dute mendez mende. Bego! Paternalismoan jausi gabe.

Bost idazleen emanak oso-osoak dira, eta izan zitezkeen beste bostenak ere. Alabaina, ederki baino hobeto osatuta dago idazleen gorputzak islatzen dituen saioa. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox-etik (1979) Uxue Alberdiren Jenisjoplin-era (2017) bitartean idazleek emanak itzelak dira. Tarteko Laura Mintegi, Miren Agur Meabe eta Karmele Jaioren literatura irudimenek osatzen dute emakumezkoen aldarea. Edo aldarearen ordez, demagun, Miguel Angel honek irudika dezakeen Buonarrutiren David transa izan liteke.

Euskal idazle emakumeen literatura “puntu eta aparteko”-tzat joa izan da. Ez da estonagarria jendarte patriarkalean. Adierazi bezala, testu nagusien sarrerak zoragarriak diren legez, oso dira egokiak Puntu eta aparte osatzen duten atalak. Harritzekoa, idatzi dut. Haatik, ez da harritzekoa emakumeak — emakume idazleak ere— “baldintzapeko askatasun egoera”n daudela Eiderrek idaztea.

Bost idazleon bitartez eskultura bat eraiki du Rodriguezek, edo beraien erranek besterik gabe eraiki dute berau, bostak ezberdinak izaki. “Apaltasunerako deia”-k batzen ditu bostak. Eta horretaz badakit zerbait. Idazlea berezia dela baitakit, eta haren egoa aseezina. Eta horrek baieztatzen dit “emakumea eta gizona ezberdinak” direnaren (nire) aburua. Gizon eta emakume berdinak direlakoa baino, emakume eta gizonen berdintasunezko aukerak izatearen aldekoa bainaiz. Niretzat axioma. Horra ene harroa.

Alabaina, gure emakumezko idazleak —gizonezkoak baino ez baditut aintzat hartzen, “gure” hori haizu duzu, emakumeak sartzen baditut “gure” delakoak paternalismo kutsua dauka—, gizonezko idazleen plazan sartu baziren, gizonek gonbidatuta izan ei ziren. Hori ona edo txarra ote? Hori ere interpretagarria. Dena dela ere, hona datu objektiboa bat: “Bostetako bakar bat ere ez da literatura talde bateko partaidea izan”. Emakume idazle guztiak ez dira halakoak, are gutxiago berriak, baina berriak ere ez dira gizonezkoek bezatutako zaldietan trostan ibiliko. Hain ziur hori ere.

Hara, berbontzi honi irakurtzea baino, irakurri liburu paregabea hau. Tira, paregabe paregabea ere ez, izan badu-eta pareko bat: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik. Hura hizpide, honetan ez bezala, emakume bertsolarien izen-abizenak idatzi barik laga nituen, ez oharkabean, hartan emakumeen zerrenda luzea baita.

Emakume guzti horiek badute beren misioa, jite batekoek zein bestekoek. Zaharrago direnek parte handian beteta, gazteagoek betetze bidean. Feminismoaren argitan urratu dute bidea denek, gorputzarekin borrokan denek, eta gehienek borrokaren aurrean neutral jokatu dute. Uste hori ere absolutismora igo gabe, aldareak ez baitira ezeren eredu. Emakumeei merienda usaina darie, gizonon aldean (ez)berdinak izanagatik —nola interpretatzen dugun hori ere— emakumeak bestelako botanikakoak dira.

P. S.: 2019an, Hendaian, Eider Rodriguez herrikideak Euskaltzaindiak plazandre sarrera iaz hiztegian jaso zuela gaztigatu ostean.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak