kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zorion perfektua / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2002

Aro beltzaren neurriko Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-04

Ez zaigu haren izena ematen. Segurtasun arazoak, akaso. 16 urte zituenean, gizon bat tiroka akabatu zuten haren begi parean, eta orain, emakumetuta, biziaren ikuskera eta bizia bera aldatu zizkion gertakari horren ondoko 24 orduei errepasoa eginen die, Anjel Lertxundiren lumaren eskutik.

Gaur egungo ikuspegitik kontatua da liburua, baina gertakariek lehengo edo are aitzinagoko hamarkadetara eramaten gaituzte. Orduan, orain ez bezala, ez zen manifestaziorik edo protesta ekintzarik, karrikan norbait tirokatuta. Orduan ez zen bazterreko giroetara jo behar ekintza “zerbait egingo zuen!” motz zorrotz batez zuriturik entzuteko. Orduan hutsik agertzen ziren elizak, atentatuetan hildakoen hileta-elizkizunetan. Orduan, dena ahanzteko eta txintik ere ez ateratzeko kontseilatzen zitzaion halako gertakari baten lekuko izandakoari. Lertxundiren neska izengabeari ere, anarteraino, inoiz ez zion ezinegonik sortu bere inguruan batzuek —beti bertze batzuek— bizi zuten minak. Kalean zihoala paum! aditu eta gizon bat —“trapitxeroa” entzunen du etxera iritsi orduko— erortzen ikusi duen arte. Ez baita zorion perfekturik, artean ez bada.

Zorion perfektua ez da zoritxarreko “gatazkaz” euskaraz idatzi den lehenbiziko eleberria. Bai, ordea, gordinetariko bat. Honen aitzinekoek biktimaren begia hautatu dute, maizenik, aferari ikuspegia ematerakoan. Edo borreroarena. Sufritzailearena edo sufriarazlearena. Lertxundik, aldiz, gogorkeriaren horzkadak sekula santan jaso ez dituenarena proposatzen digu, bertzaldera begira bizi izan denarena, pare-parean egokitu arte bidegabekeriari neurria hartu ez dionarena. Horrexegatik jotzen ditu hain gogor irakurlearen barrenak.

Oriotarraren jarraitzaileok literaturaren koska nondik estutuko zain egoteko ohitura hartu dugu haren liburu berri bakoitza iragarri orduko. Oraingoan, ordea, koska hori dexente laxatua aurkituko du lertxund­zaleak. Haren azken fikzio lanen aldean, Zorion perfektua honen idazkerak eta egiturak gertuago dute Lehorreko koadernoa, gazteendako-edo argitaratu zuen azken liburua, ezen-eta Euskadiko Literatur Saria ekarri zion Argizariaren egunak. Erran liteke, liburu honetan, gure errealitatearen oihartzun deserosoa zeramaten mundu sinbolikoak eraikitzen maisu gertatu den idazleak uko egin diola metaforari, bila dabilen irakurle —bereziki gazte— horrek kolpetik ulertzeko moduko mezuaren mesede. Etika estetikari gailendu zaio, nonbait, oraingoan. Bizi dugun aro beltzaren neurriko hautua, inondik ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak