kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Winston / Martin Etxeberria / Elkar, 2018

Nostalgiaren amets-eldarnioak Hasier Rekondo / Deia, 2019-04-27

Orrialdeak desitsasteko arazoren bat tarteko, Winston (Elkar, 2018) poemarioaren irakurketan murgiltzean, Martin Etxeberriaren (Zarautz, 1974) baitan indar kontrajarriek kabi egin dutela sentitu dut: nostalgia oso ezagun bat, bizitzaren aldarrikapena sexuaren bidez, eta hauspo alegoriko-psikodeliko ilunagoa. Gaiei dagokienez apetazko antolamendua erakusten duen liburuan, ageriko zein zeharkako erreferentzia literarioak zein arras pertsonalak ugariak dira. Ametsak eldarnio eta eldarnioak amets bihurtzen diren bitartean, poetak ironia propioa eta naifa baliatuko du, itsaso handietan erortzeko arriskuak ekidinez.

“Poesia arritmia moduko bat da. / Ez dakit hobeto esplikatzen. / Ez naiz medikua.” Martin Etxeberriaren lan poetikoak ere, ez luke esplikazio askorik beharko, irakurtze prozesu atseginarekin nahikoa litzateke. Baina merkatuak ere, baldin badago, iruzkinak behar ditu.

Winston poema dugu liburuaren lehen alea, ardatz tematikorik ez duen liburuari titulua ematen diona. “Winston pakete gorri bat, / zigarro bakarra / bihotzean gordea zuela.” Kontrabandozko pakete gorri haietako zigarroak erre ditugunok ondotxo dakigu garai zehatz eta galdu bati diogun malenkonia, barkatu hitzaren memelokeria, zer den. Pareka erretzen baikenituen paketeok, amaigabeak eta psikodelikoak ziren gauetan, memoria oro erretzeko grina zoroaren jabe. Etxeberriaren nostalgia, ordea, testigua hartzen duenaren nostalgia da. Badu orain krudelenetik asko: Tabako pakete pornografiko hura erretzen zuen aitaren modukoa dela aitortuko digu Etxeberriak. “Zu, / ni bezala, / bizitzak erretzen zintuen, aita”. Eta kontua da, guztiok erretzen gaituela bizitzak, winstonak debekatu dizkiguten arren.

Memoriak eta erreferentzia literarioek lotzen dute poemarioa. Batetik, haurtzaro galdu bateko oroitzapen gozoak dakarzkigu poetak. “Baziren bertan / kobre iluneko euliak / belarrien atarian burrunban / egia asmatuen zelatari / airean iltzaturik / geratzen zirenak”, dio, Espaloirik gabeko arratsalde eternoak iradokitzaile bezain proustiarrean. Ildo berekoak dira, halaber, Arratsaldeko txakolinak edota Arratsaren sagarrez zure bularrak marraztu, besteak beste. Liburuari egotzi dakizkiokeen bainen artean, larregizko topikoen erabilera litzateke. Baina zer da nostalgia topikorik gabe? Arratsak ez al dira nostalgiaren aleph idealizatuak? Halere, Etxeberriak teknika landu baten jabe ere badela erakusten du, ironia eta sexuaren bidez aldarrikatuko du bizitza: laranja kolorearen agerpenak ugariak bezain zinematografikoak dira.

Bestetik, ilunagoak diren poema alegorikoak dakarzkigu zarauztarrak, hortaz, irudi luke poetaren baitan sortzeko bulkada kontrajarriak ari direla talkan. Haien artean, Desfilea hiriburuan nabarmentzen da, ene aburuz. “Garaituok / koloretako paper-katez / adornatuak / desfilatzen dugu..”. Garaituok izan arren, winston zigarroak erre genituela esan genezake, eta, “Merezi al zuen bizitzak horrenbeste?” galderari erantzun ezinik, irakurtzen jarraituko dugu behintzat, plazer hutsagatik bada ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak