kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Basa / Miren Amuriza / Elkar, 2019

Gobernari edo gobernatu Peru Iparragirre / Berria, 2019-04-21

Igartza literatura sorkuntzako beka irabazi zuen Miren Amurizaren Paperezko txoriak nobela proiektuak. Basa (Elkar, 2019) nobela bilakatu da proiektu hori, andre basa baten inguruko eleberria. Basa hitzaren adierek zabaltzen dute liburua. Definiziook nobelaren pertsonaia nagusiari egoki dakizkioke. Sabina Gojenola basa da, edo basa ageri da, behintzat. Basa da, era berean, eleberria bera, iruditu zait. Sabinaren pertsonaiak betetzen du istorioa, eta ñabardurei gaina hartzen die basatasunak. Ñabardurak ez dira falta, ordea, eta horrek ematen dio osotasuna liburuari. Sabina basa da, baina beste zerbaitekin alderatuta, tentsioan betiere.

Tentsioarekin jokatzen du Amurizak, pertsonaien arteko eta pertsonaien baitako tentsioekin. Tentsioak handitzen doaz kontakizunak aurrera egin ahala, bata besteari gehituz, eta argigune gutxi geratzen zaizkio irakurleari; horren emaitza da nobela ezaugarritzen duen atmosfera astuna. Astuna, pertsonaien sufrimendua transmititzeko gai dena, kanpotik begiratua eta aipatu tentsioak eta pertsonaien arteko botere harreman konplexuak kontuan hartu gabe ulertuta alferrekoa dirudiena, dramatikoa ia. Orri gutxitan lortzen du Amurizak familia oso baten, bizimodu edo irauteko modu baten kontaketa egitea, pertsonaia nagusiei eta haien zirkunstantziei nahikoa testuinguru eta garapen emanez. Erabat egiazkoak eta ia errealak izan daitezkeen egoerak deskribatzen eta baztertuta egonagatik gaur egun dirauten auziak jartzen ditu mahai gainean. Kontrazaleko testuak dio mundu ikuskera baten akabera kontatzen duela. Gehituko nuke ustezko akabera horren arrakalak erakusten dituela.

Sintesi lana nabari da, bilbearen lehortasunari ere gehitzen zaiona eta mesede egiten diona. Esan gabe uzten denak esaten denak bezainbesteko pisua du, eta iradokitzen denak geruza bat gehitzen dio atmosfera aztoragarriari. Halaber, idazkera aberatsak eta estilo zehatzak ederki ematen dio irtenbidea laztasun horri, irakurlea nobelaren atmosferan ozta-ozta, nahikoa, gidatuz, bidea erakutsiz eskuaz paisaia bat erakusten den bezala: interpretazio lana irakurleari utziz. Ahozkotasunaren garrantzia ere nabaria da: auzokoaren kontaketa, hari nagusiarekin tartekatuz hura elikatzen duena, Sabinak bere kautarako esaten dituenak, ia beti kontrapuntu gisa, Henryren alarauak eta pertsonaien arteko elkarrizketa biziak. Beste hainbesteko garrantzia dauka, ordea, isiltasunak: erantzun ezak, erdizka esaten denak.

Sabinak ez du amore ematen bere bizitzari dagokionez, bere autonomia, gero eta mugatuagoa, baliatzen du ustez bera gobernatu nahi dutenei aurre egiteko. Gobernari edo gobernatu, lehenengoen taldean hobe dagoela bai baitaki berak. Eta, hala ere, pertsonaia anbiguoa irudi lezake, ulertezina, gobernarien eta gobernatuen arteko tentsio horren prismatik askatuta ikusten baldin bada, behintzat. Eta horrela dakusate Sabina berak aurkaritzat dauzkan pertsonaia ia guztiek. Baserri giroaren erromantizismoari ihes egiten dio nobelak, eta Sabina ez da alegiazko pertsonaia bat: esan bezala, egiazkoak dira egoerak, egiazkoak pertsonaiak, errealak, ia. Ez da oso urrutira joan behar beraiekin topo egiteko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak