kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Rosa itzuli da / Pako Aristi / Erein, 2018

Nora itzuli? Ibon Egaña / Deia, 2019-03-30

Abiapuntu interesgarria du Pako Aristik 20 urteren ostean argitaratu duen lehen nobelak: Rosa, 25 urte kartzelan pasa ostean, 50 dituela, atera da kartzelatik, Parot doktrina indargabetu ostean. Herrira itzuli eta kalean aurkitu duenak ezer gutxi du ikustekorik bere gaztaroko Euskal Herriarekin: desideologizatuta aurkitu du gizartea, Estatuaren diskurtsoaren logikan sartuta ikusten ditu ETAri sustengu eman ziotenak.

Azken urteotan ETAren jardunaz eta indarkeria politikoaz jardun duen literaturaren parte bat euskal gizartean etikaren baitan gertatutako mudantza batetik elikatu da: etika iraultzailetik etika indibidualera iragateak dakarren haustura irudikatu dute hainbat nobela euskaldunek (Mea culpa, Zorion perfektua, Joan zaretenean, batzuk aipatzearren). Aitzitik, Rosa itzuli da-k gatazkari buruz zein ikuspegi etikotatik idatzi galdetzera behartzen gaitu, Juanjo Olasagarrek Berria-n duela gutxi zioen bezala. Izan ere, nobela honen asmo nagusia literaturatik eta politikaren esparrutik ia desagertu den etika iraultzailea atzera aldarrikatzea dela dirudi, hots, ETAren jarduna erakunde iraultzaile baten logika eta etikaren baitan kokatzea. Hala, lehen pertsonan mintzo den Rosa narratzaile eta protagonistak ingurukoei eta irakurleari azalduko dizkie borrokarako motiboak, preso egotearen esanahia edo ETAren “ekintzek” ikuspegi iraultzailetik luketen zentzua, etika humanistaren ikuspegitik epaitzea zentzugabea litzatekeela adieraziz.

Aurkitu duen errealitatearekiko kontrastean, marko etiko iraultzaile hori berreraikitzea da Rosaren ardura, eleberriaren lehen partean bereziki. Asmo horren zerbitzura daude nobelako pertsonaiak eta beren arteko elkarrizketak, sarritan horregatik sinesgaitz eta behartuxe suertatzen direnak. Aristi artikulugile eta kazetariaren tonua sumatzen da lehen erdian, tesi bat agertu nahi duen idazlearen diskurtsoa, eta testuak nobela forma baldin badu, beharbada zenbait gauza saiogintzan baino askeago esateko hartu duela pentsatzen du batek. Itzulera eta egokitzapen nekezaren inguruko gorabeherei Rosaren amaren iraganeko kontu ezkutuak gehitzen zaizkie eleberrian, eta amaren gaztaroari buruzko hari-mutur horiei tiraka, foiletoi-kutsua hartzen du liburuak pixkanaka. Alzheimerraren eraginez amak pasarteak gogoratu eta ahanzten dituen hein berean, egileak hariak erakutsi eta ezkutatzera jolasten du eta irakurleari jakin-mina piztera, horretarako trikimailu ebidente xamarrak erabiliz. Amaren gaztaroa berreraikiz, bere bizitza aurreko belaunaldiek idatzitako patuaren segida dela ulertuko du Rosak.

Aurrez idatzitako patuak, batetik, eta ardura kolektibizatzen duen etika iraultzaileak, bestetik, pertsonaia bera diluitzen dute, eta inpresioa dut Rosa galdu egiten dela tesi-nobelaren eta foiletoiaren artean, eta ez direla pertsonaia gisa izan litzakeen gatazkak baliatzen. Beharbada nobelaren asmoa ez zen Rosaren barne-gatazkak azaltzea, baina ez ote du nobelak, eta nobela errealistak bereziki, pertsonaiaren baitako gatazka indibidualetan arakatzea eskatzen? Nobela errealistak eman al diezaioke forma etika iraultzailearen aldarriari, pertsonaiak eta narrazioa diskurtsoaren menpe ezarri gabe?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak